Telesailak

Lapurturiko egiaren bila

Amaren argitu gabeko hilketa ikertu du semeak lau atalez osatutako 'Murder on Middle Beach' dokusailean

Madison Hamburg 28 urteko gizon gaztearen estreinako dokumentala da. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«Duela hamar urte hil zuten ama, baina inork ez dit argitu zergatik». Horixe da Murder on Middle Beach telesailaren abiapuntua. Madison Hamburg 28 urteko gizon gaztearen estreinako dokumentala da, HBOk plazaratu berri du, eta lehen ahalegin ezin pertsonalagoa da Hamburgentzat. Bere bizitzan eragin zuzena izan duen gertakaria eraman du pantailara.

Azken urteetan, Netflix da nagusi true crime generoan, Making a Murderer eta Wild Wild Country telesailei esker. HBO ere lehia horretan sartu da, besteak beste The Jinx goratuarekin. Horiek guztiak, ordea, kanpo begirada baten bidez landuriko ikus- entzunezkoak dira: sortzaileek ez dute zuzeneko loturarik kontatzen duten istorioarekin.

Bestelakoa da Middle Beacheko hilketaren kasua. Amaren heriotza ikertu eta dokumentala osatzeko, semeak etxeko senideak elkarrizketatu ditu, AEBetako Connecticut estatuan. Zuzendari gazteak ez du proiektua abian jarri istorioaren indar dramatikoak bultzatuta, baizik eta bere bizitzako trauma nagusietako bat argitzeko asmoz.

Horrenbestez, eta ezinbestean, dokumentaleko pieza giltzarria da Hamburg. Senideak hari zuzentzen zaizkio lekukotza ematean, eta gazte estatubatuarra ere sarritan agertzen da pantaila aurrean. Distantzia eta objektibotasuna ezinezko dira lan honetan, eta horrek eragin dezake istorioak iparra galtzea, baina tartean bada zinema alorreko hautu interesgarririk. Hamburgek ez du telesaila hasi eta berehala amaren hilketara jotzen. Nahiago du hori geroagorako utzi eta, lehenik eta behin, senideak eta haien emozioak aurkeztu.

Hasieran, aita izan zen hilketaren susmagarri nagusia, eta harekin aspaldian galdu zuen harremanari berriz heltzen ahaleginduko da semea. Aitak, ordea, ez du azalpenik eman nahiko kameraren aurrean. Ezezkoen ondotik helduko dira, hain justu, telesailaren unerik indartsuenak. Semea kafetegi batean batzartuko da aitarekin, amaren heriotzaz hitz egiteko, eta mikrofonoa ezkutuan jantziko du, hanka artean, Poliziarentzako lanean ari den informatzaile ezkutua balitz bezala. Beste aldean, aita seinalatzen dute Hamburg sendiko emakume gehienek, baina euren ahotan ere ezezkoak ugarituko dira, ezkutuan antolatu zuten apustu sarea hizketagai bilakatu ahala.

Itzalean geratzen diren beste hainbat kontu ere esploratu ditu telesailak: adikzio aferak, emakumeen azpijokoak eta amets amerikarraren porrota. Sare sozialek ere modu arantzatsuan hartuko dute indarra ikerketaren bidean. Zilegi al da eraildako pertsona baten elkarrizketa pribatuak miatzea egia topatzen ahalegintzeko?

Zortzi urte eman ditu Hamburgek dokumentala grabatzen, eta denbora horretan hainbatetan hitz egin du Poliziarekin, lekuko zein galdetzaile gisa. Hein batean, Poliziak beharrezko galderak egin ez izanaren ondorio da semea amaren heriotza argitzeko detektibe lanetan aritzea. Prozesua mingarri suertatu zaio, familiako zauriak ireki dituelako, baina sendagarri ere bai. Nerabe zenean, ama lapurtu zioten egiarekin batera. Orain, hori berreskuratzeko bidea abiatu du.

'MURDER ON MIDDLE BEACH'
Sortzailea: Madison Hamburg.
Pertsonak: Madison Hamburg, Barbara Beach, Jeffrey Hamburg, Joan Williams, Barbara Lund.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Krimena. Dokumentala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.