Donostiako ez-jaiak

Hiru gizaldi jai herrikoien alde

Piratek jai herrikoiak antolatzen dituzte 2003tik. Dena dela, ez dira lehenak izan zeregin horretan: 1980ko hamarkadan, Herri Jai Batzordeak antolatu zituen jaiak. Piratek ia bi hamarkadaz «abordatu» dute hiria, eta egungo piraten belaunaldiak horretan jarraitzeko asmoa du.
<b>Hiru belaunaldiak kaian. </b>Juan Mari Beldarrain, Sara Fermin eta Markel Ormazabal, Donostian.
Hiru belaunaldiak kaian. Juan Mari Beldarrain, Sara Fermin eta Markel Ormazabal, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2020ko abuztuak 15

Hiru pertsona. Hiru donostiar. Hiru militante. Jai herrikoien alde borrokatu diren hiru belaunaldi ordezkatzen dituzte Joan Mari Beldarrainek, Markel Ormazabalek eta Sara Ferminek. Ez dira norbanako hutsak; antolatutako kolektibo baten parte dira. Beldarrain gabe, Ormazabal ez zen egongo, eta Fermin ere ez Ormazabal gabe. Gizaldien arteko katea ez da eten, eta horren ondorio dira Donostiako Piratak.

2003an «abordatu» zuten piratek lehen aldiz Donostia, eta, ordutik, jai herrikoiak antolatzen dituzte Aste Nagusian. Hala ere, historia ez zen urte horretan hasi. 1970eko hamarkadaren amaieran, hainbat gazte antolatu ziren, donostiarrek jai herrikoiak izan zitzaten abuztuan.

Gazte horietako bat da Joan Mari Beldarrain; ilea urdindu zaio jada. Ezer ez zegoen lekuan hutsetik sortzeari ekin zioten: «Ni gaztea nitzenean, Donostiako Aste Nagusia ez zen existitzen. Hiru ekitaldi bakarrik zeuden: zezenak hiltzea, su festa eta ordaindutako zenbait musika emanaldi. Aste Nagusia inork ez zuen sentitzen donostiarren festa gisa: turistak entretenitzeko ziren jaiak», esan du Beldarrainek.

Herri Jai Batzordea

Beldarrainek «eztanda sozialeko garai» moduan deskribatu du 1970eko hamarkadaren amaiera: «Aldarrikapen guztiak ziren ongietorriak eta beharrezkoak. Adibidez, jai herrikoien aldekoak». Hainbat gazte bildu ziren, eta Aste Nagusia «ospatu beharra zegoela» erabaki zuten. Horretarako, Herri Jai Batzordea sortu zuten 1978an. Koordinakunde baten moduan funtzionatzen zuen, eta hor barruan zegoen kaiko jai batzordean militantzen zuen Beldarrainek: «Gure aldarrikapena festari begirakoa zen. Adibidez, doako eta euskarazko kontzertuak aldarrikatzen genituen».

Egitarau nahiko sinplea zeukaten, Beldarrainen ustez: «Arratsaldean, jokoak egiten genituen, eta, gauean, pare bat kontzertu. Arrakasta itzela izan genuen».

«Utzi ziguten arte antolatu genituen jaiak», dio Beldarrainek. Inflexio puntua 1988. urtea izan zen, asko okertu baitzen udalarekin zeukaten harremana: «Pasealeku Berrira eraman nahi izan gintuzten, eta ez genuen onartu. Orduan, debekatu egin ziguten jaiak antolatzea. Hala ere, guk muntaketari ekin genion. Gure harrigarri, 60 udaltzain inguru azaldu ziren, pilotak jaurtiz, txakurrekin eta ezkutuekin. Ez genuen espero, eta liskarra izan genuen haiekin. Hurrengo egunean, berriz egin genuen muntaketa, eta beltzak azaldu ziren: haien estreinaldia izan zen Donostian», esan du Beldarrainek.

Ondorengo bi urteetan, jaiak antolatzen jarraitu zuten, baina ez kaian. 1990eko hamarkada hasterako, Herri Jai Batzordeak utzi egin zion Aste Nagusian jaiak antolatzeari.

Handik hamarkada batera azaldu ziren piratak lehen aldiz Donostiako kaian. Horietako bat da Markel Ormazabal. Denbora tarte horretan, ordea, jai herrikoiak ere izan ziren Aste Nagusian. 1990eko hamarkada Salbeak «markatu» zuen, Ormazabalen iritziz: «Agintariak paseoan joaten ziren Santa Maria elizako mezara, eta liskar handiak izaten ziren, eta atxilotu asko. Azkenean, negoziazioak egin ziren, eta lortu zuten paseo hori ez egitea. Hori herritarren garaipena da».

Urte batzuetako etenaldiaren ondoren, Donostiako Kuadrillak sortu ziren 1994an: «Ez zuten festarako gunerik eskatzen; festetako programa bat egiten zuten. Urgulleko jaitsiera egiten zuten, adibidez. Gero, txosnagunea jarri zuten Pasealeku Berrian», Ormazabalen arabera. 1998ra arte antolatu zituzten jaiak, eta, 2002an, Parte Zaharreko taberna batzuek jolasak antolatu zituzten.

Garai hartan, lau gazte donostiar «berotu» egin ziren — Ormazabal, besteak beste —, eta galdera bat egin zuten: «Zer gertatzen zaigu hiri santu honetan abuztuko jaiak horrelakoak izateko?». Galdera horri erantzun baino gehiago, haien artean antolatu ziren beste inork egin ez zezan galdera hori.

Donostiako Piraten sorrera

2003an, lehen agerrialdia egin zuten hainbat auzotako jai batzordeek, gazte asanbladek eta tabernek, abordatzeko deialdia egiteko. Ormazabalen arabera, «Helburua ekimen bat egitea zen, zeresana sortzeko eta eztabaida pizteko Donostiako jai ereduari buruz. Oraindik ez ginen piratak ere! Aurreikusi genuen bost urtean 1980ko hamarkadakoa bezalako herri jai batzorde bat sortuko genuela. Baina abordatzeak izugarrizko arrakasta izan zuen, eta Donostiako Piratak bihurtu ziren subjektua. Asmatu ez genuen aurreikuspen baten ondorio dira Piratak».

Lehen abordatzearekin, udalari «bihotzean» eman zioten, Ormazabalen iritziz: «Edozein baimen eskatzen genuela, ezetz esaten ziguten. Beraz, erabaki genuen festak baimenik eskatu gabe antolatzea. Donostiarren identitatearekin lotuta ere egon beharko zuten: itsasoarekin. Desobedientzia, itsasoa: piratak, abordatzea. Asmatu genuen. Abordatzea egin eta gero, udaltzainak gugana etorri ziren identifikazio eske, eta baltsa guztiak udaletxeko atera botatzea erabaki genuen».

Hurrengo urtean, kontzertuak egiten hasi ziren, eta, 2005ean, Irrikitaldia egin zuten lehen aldiz, «festak amaiera izan zezan», Ormazabalen hitzetan.

Lehen bost urteetan, baimenik eskatu gabe antolatu zituzten jaiak: «Dena handituz joan zen, batez ere abordatzea. 2007an, lehen aldiz negoziatu genuen udalarekin, eta egitarau ofizialean sartu genuen abordatzea. Horren truke, Flamenka eman ziguten. Hasieran, Trinitate plazan zegoen, eta, 2011tik aurrera, kaian».

Mugimendua gero eta handiagoa bihurtzen ari zen, eta, barne-antolaketa parte hartzailea izan zedin, kofradiak sortu zituzten 2012an.

Piratak gaur egun

Sara Fermin pirata da egun; bost urte inguru daramatza mugimenduan militatzen: «Nik lana eginda neukan sartu nintzenean». Hala ere, Donostiako Piratek ez dauzkate erronka makalak etorkizunera begira.

Agerikoa da piraten mugimendua zer masifikatuta dagoen, baita abordatzea ere: «Udala abordatzeko sortu zen, baina gaur egungo jarrera beste bat da. Gure zerbait da; beraz, ezin dugu askatu», esan du Ferminek. Ormazabalen ustez, abordatzea da Aste Nagusiko «ekitaldi nagusia»: «Piratek noizbait hori antolatzeari uzten badiote, egingo du beste norbaitek. Gu egin gaituen ekimena da: horrek ematen digu gure lekua. Antolaketa eredua aldatuta, posible da eraginkorragoa egitea».

Azken urteetan, piraten barruko Zirgari lantaldeak egindako lana nabarmendu dute: « Zirgarik erantzuna ematen die Aste Nagusian egiten diren sexu eraso guztiei. Aurreko urtean, eraso asko egon ziren, eta egun eta gau bateko egitaraua eten genuen», esan du Ferminek.

Gainera, Ferminek esan du «fronte asko» irekita dauzkatela instituzioekin: «Tasen inguruan daukagu gatazka: argi utzi dute kaitik bota nahi gaituztela, baina ez dute lortuko».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. ©KAI FOSTERLING / EFE

«Badaezpada, denak etxera»

Ion Orzaiz

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Ikastolen jaiak omendu dituzte gaur Agurainen. ©Ikastolen Elkartea

Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko

Edurne Begiristain

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.

PCR probak egiten Donostiako ospitalean ©Idoia Zabaleta/ Foku

Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu

Edurne Begiristain

Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna