IRRINTZIKO PAPERAK
Jaiak bai, negozioa ere bai
Martxoan izan zen topaketa. Martxoaren 16an, hain zuzen. Inork ez zuen arrastorik ere, ohi bezala, diskrezioa beharrezkoa baita horrelako kontuetan. Txillarre baserrira nor bere bidetik agertu zen, eta ordu ezberdinetan. Enrique Maiak argi zuen bileraren berri ezin zela ailegatu, normalki gertatzen denaren kontrara, Egunkarira —berak hala deitzen baitu, hizki larriz, hura egunkari bakarra balitz bezala—. Tentuz ibili zen; soilik bi zinegotzik zuten bileren berri: alkateordeak eta Kultura zinegotziak.
Mahaiaren bueltan, Herri Batasuneko historiko bi alde batetik, eta Iruñeko alkatea eta Kultura zinegotzia bestetik. Berehala bota zuen galdera Maiak: «Nola demontre egiten duzue hainbeste barra muntatu, boluntarioak lortu eta jendea zuen txosnetara erakartzeko?». Jarraian aholkuak, marketin estrategiak, musikari buruzko eztabaidak eta eskola praktikoak: nola paratu kaña on bat tiradore txar batekin, nola aldatu upela, nola puskatu hormak poltsa ireki aurretik, edalontzi berrerabilgarrien kudeaketa...
Tratua argia zen: erakutsi txosnak muntatzen, eta ordainetan txosnak baimenduko zituzten sanferminetan. Tranpa bat zen. Azkenean, txosnak bai, baina Gazteluko plazan, eta ostatuentzat. Denborarik gabe ibili dira aurten, baina plana handiagoa da: heldu den urtean txosna gehiago. Ez baitira garai onak enpresarientzat; dena garesti dago, aizu, eta irabaziak handitu behar dira, kosta ahala kosta. Txosna bakoitzaren goiko partean argi azalduko da nork kudeatzen duen: Repsol, Iberdrola, BBVA, Petronor eta Naturgy. Pankartak ere izanen dira karrikan: Jaiak bai, negozioa ere bai.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.