Klima aldaketa eta tenperaturen igoera. Eragina hirietan

Hiriak berora egokitu beharra

Berotze globalak dakarren tenperaturen igoera bereziki nabarmena izango da hirietan, bero-uharte efektuaren ondorioz. Bero boladak gero eta bortitzagoak izango dira, eta horiek eragingo dituzten kalteei aurre egiteko neurrien premia handituz doa. Euskal Herrian oraindik bidea egiteko dago arlo horretan.

Haur batzuk Iruñeko iturri batean jolasean, 35 gradura heldu zen 2017ko abuztuko egun bero batean. JESUS DIGES / EFE.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Termometroek gora egiten jarraituko dute datozen hamarkadetan, eta agian baita mendeetan ere, berotze globalaren ondorioz. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak astelehenean argitaraturiko txostenak eman du azken abisua: berotze globalari aurre egiteko neurrigehiago hartu ezean, industria aurreko garaiarekin alderatuta munduko tenperatura 1,5 gradu igoko da 2040rako, eta 2,7, berriz, mende bukaerarako. Fenomeno horren barruan, klima aldaketarako Copernicus zerbitzu europarrak jasotako datuak zentzu gehiago hartzen du: iazko urtea inoiz erregistraturiko beroena izan zen Europan, 2016koarekin batera. Eta, Euskal Herrira etorrita, joera global hori hemen ere gertatzen dela ikus daiteke, adibidez, Naturklima fundazioak Gipuzkoan jasotako datuei erreparatuta: 2010etik 2020ra bitarteko epea orain arteko beroena izan da lurraldean, eta hamar urte horietatik seitan inoizko batez besteko tenperaturarik beroenak izan dira.

Tenperaturaren igoera horrek kalte larriak ekarriko ditu mundu osoan, besteak beste, muturreko fenomenoak ugaritu, urarekiko heltzea murriztu, biodibertsitatearen galera indartu eta itsas mailaren igoera areagotuko duelako, eta milioika pertsonen bizitzetan eragin. Euskal Herrian, berriz, adituen arabera, fenomeno horrek eragin berezia izango du hirietan, litekeena delako hiriguneetan sortzen den bero-uharte efektuak kaleko tenperatura hainbat gradu igoaraztea. Hala, tenperatura handitzen eta bero boladak areagotzen joango direla jakinik, egin beharreko galdera sinplea da: Euskal Herriko hiriak prest al daude datorrenari aurre egiteko?

Hasiak, baina heldugabe

Azken urteetan, Iparraldeko eta Hegoaldeko administrazioek klima aldaketara egokitzeko planak garatzeari ekin diote, baina beroa areagotzeak hirietan eta hiriko biztanleengan izango dituen eraginak murrizteko lanketa espezifikoak oraindik heldugabe daude, eta batik bat udalen esku hartzeak landu dituzte.

Tenperaturaren igoerara egokitzeko beharrak, ordea, apustu handi bat eskatzen du, batik bat, hiriguneak berriz diseinatzea dakarrelako: beroa pilatzea eragiten duen bero-uharte fenomenoa hirien formak eta bizi ohiturek indartzen dute, eta ezinbestekoa da horiek aldatzea.

Tenperatura beroei aurre egiteko neurri eraginkorrenetariko bat hiriguneetako gune berdeak areagotzea da. Gasteizek eta Donostiak, esaterako, etxadietako pagoak eta teilatuak berdatzeko planak garatu dituzte dagoeneko, ebapotranspirazioaren bidez besteak beste hiriguneak freskatzen laguntzen dutelako. Ildo beretik, jakina da espazio publikoan zuhaitzen kopurua areagotzeak, herritarrak eguzkitik babestearekin batera, kaleko tenperatura murrizteko balio duela. Eta, horiek bezala, energia kontsumitzen duten gailuak erabili gabe, ur zirkuituek eta drainatze sistema jasangarriek ere ingurumena modu naturalean freskatzeko balio dute, beroak eragindako ebaporazioari esker.

Hirigintza plan berrietarako, berriz, kale zabalagoekin eta eraikin baxuagoekin sor daitezkeen haize korridoreek bero-uharte fenomenoa indartzen duen kutsadura barreia dezakete, eta eraikinen materialek eta koloreek ere eguzkiaren erradiazioa xurgatu eta inpaktu neutroak sortzen lagun dezakete. Halaber, hirietako trafikoa eta etxebizitzetako energia kontsumoa murriztea hirietako tenperatura murrizteko neurri nagusienetako gisa aurkezten dituzte adituek.

Biziak jokoan

Tenperatura igotzeak eta bero boladak areagotzeak hirietan eragingo dituen kalteen artetik, nabarmentzekoa da herritarren osasunean izango duen eragina. BC3 Basque Centre for Climate Change zentroak 2017an Eusko Jaurlaritzarentzat eginiko txosten baten arabera, litekeena da tenperatura beroen ondorioz Gasteizen, Bilbon eta Donostian hildakoen kopurua %50 handitzea mende amaierara bitarte. Orobat, ISGlobaleko ikertzaileek uztailean plazaraturiko ikerketa batek dio litekeena dela 2100erako Europan beroagatik hildako pertsonen kopurua hotzagatik hildakoena baino handiagoa izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.