Futbola. Espainiako Kopako finala. Olga Garcia. Atletico Madrileko jokalaria

«Realak ez du guk baino ilusio handiagoa. Guk historia egin nahi dugu»

ALBERTO SAENZ MOLINA.
Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Lau egun eskas joan dira Atletico Madrilek hirugarrenez jarraian Espainiako Liga irabazi zuenetik. Lorpen handia izanagatik, Olga Garciak (Dosrius, Herrialde Katalanak, 1992) aitortu du «aspaldi» utzi dituztela «bazter batean» ospakizun guztiak. «Ginga jarri nahi diogu sasoiari, eta, behingoz, Kopa irabazi. Barruan daukagun arantza hori atera nahi dugu».

Lehiak ez du etenik. Duela lau egun liga irabazi zenuten, eta bi egun barru beste titulu bat irabazteko lehiatuko zarete. Ia ez duzue izan denborarik ligako titulua ospatzeko.

Halakoa da futbola. Apenas izan dugun astirik ezer ospatzeko. Bukatu eta gutxira jada buruan genuen Kopako finala.

Denak ados daude: finalak ez du antzik izango ligan elkarren aurka jokatu zenuten azken partidarekin. Ados zaude iritzi horrekin?

Bai. Ligako azken partidan guk titulua genuen jokoan, eta Realak, aldiz, hiru puntu besterik ez. Kopako finalean, ordea, biok dugu gauza bera jokoan, gauza handi bat, gainera: titulu bat.

Nolako partida espero duzu?

Zubietan jokatutakoaren kontrakoa. Biok zelairatuko gara irabazteko asmoz, eta horrek oso erakargarri egingo du partida.

Gauza bat ez da aldatuko: zuek zarete faborito.

Faborito hitza engainagarria da, are gehiago titulu bat jokoan dagoen partida batean. Edozer gerta daiteke.

Presio osoa izango duzue zuen bizkar?

Ez dut uste. Azken partida balitz bezala jokatu ditugu lehia guztiak, ez dugu inoiz pentsatu hurrengo norgehiagoka irabaztea ez den beste helburu batean. Nire ustez, hori izan da gakoa hirugarren aldiz jarraian liga irabazteko.

Realak baino eskarmentu handiagoa duzue halako partida garrantzitsuak jokatzen.

Horretan bai, koska bat gainetik gaude, jokalari gehienok sarritan jokatzen baititugu nazioarteko partidak; adibidez, Txapeldunen Ligakoak. Hiru liga irabazi ditugu ere. Horri guztiari esker, jokalariok badakigu nola aurre egin halako partida handiei. Halere, beti esan ohi da oso kontuan hartzekoa dela lehen aldiz final batera iritsi den talde batek duen ilusioa. Eta Reala lehen aldiz ariko da final batean, eta ziur naiz sekulako ilusioa duela. Baina guk ere badugu ilusioa; lehen aldiz liga eta Kopa irabazi nahi ditugu sasoi berean.

Zertan da indartsuen Reala?

Beti gustatu izan zait asko Reala:bere filosofia, nola bizi den bertan futbola, zer-nolako azpiegitura ederrak dituen... Fitxatzen dituen jokalari gehienek azkar barneratzen dute talde horren funtsa. Zelaian, berriz, talde arriskutsua da, langilea, borrokalaria eta oso batua. Jokalari bizi-biziak ditu; adibidez, Nahikari eta Carla Bautista. Kontraerasoan min handia egin ohi dute. Badakigu gertutik zaindu beharko ditugula.

Ilusioz gainezka dago Reala. Arduratzen zaituzte horrek?

Ez, guk ere sekulako ilusioa baitugu. Guretzat ere handia litzateke lehen aldiz sasoi berean liga eta Kopa eskuratzea. Ez dute guk baino ilusio handiagoa.

Neurria hartua diozue Realari. Duela lau urte ez duzue galdu haren aurka.

Hala da, baina esan ohi den moduan, estatistikak hori dira: estatistikak besterik ez. Sarritan geratzen dira hankaz gora. Partida batean, edozer gerta daiteke.

Zuk zeuk oroitzapen ederra duzu Realaren aurka jokatuko partida batez. Sasoi honetan, lehen itzulian, hiru gol sartu zenizkion partida batean.

Ederra da partida berean hiru gol sartzea, noski, baina niri axola didan bakarra taldeak irabaztea da. Zorionez, Bartzelonaren aurkako bi partidak ez beste, guztiak irabazi ditugu Espainiako lehiaketetan. Oso ondo ari gara, eta horrek konfiantza handia ematen digu.

Finalean Realari jokalariren bat kentzeko aukera bazenu, nor kenduko zenioke?

Ez nuke jakingo zein. Ez zen lehen aldia izango ustez talde bati jokalari onena kendu eta talde horrek askoz hobeto jokatu duela.

Non egongo da gakoa?

Lehen gola sartzen duen taldeak aukera asko izango ditu irabazteko, presio handia sartuko baitio aurkariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.