Huesca 1-0 Reala

Huescaz urrikaldu da

Realak galdu egin du El Alcoraz zelaian, eta bosgarren postua indartzeko aukera galdu du. Itzalaldiak jota aritu dira jokalariak

Realeko hainbat jokalari burumakur, eta atzean, Huescakoak, pozarren, atzoko gol bakarra sartu berritan. JAVIER BLASCO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Huesca. Fernandez; Pulido, Siovas (Doumbia, 90. min), Vavro; Maffeo (Mosquera, 73. min), Mikel Rico (Lopez, 73. min), Galan; Ferreiro (Gomez, 68. min), Seoane; Sandro (Gaston, 90. min) eta Rafa Mir.
Reala. Remiro; Gorosabel (Zaldua, 65. min), Aritz, Le Normand, Monreal; Gebara, Zubimendi; Oiartzabal (Silva, 65. min), Portu, Januzaj (Barrenetxea, 57. min); eta Isak (Bautista, 81. min).
Gola. 1-0: Sandrok (87. min). Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak Huescako Seoaneri; eta Realeko Gorosabeli eta Zalduari.

Futbolak ez du logikaz ulertzen. Bilgarri mediatikoak batere ez, eta zelaikoak gutxi. Atzo, itxuraz, partida samurra zuen Realak Huescaren kontra. Espainiarrak mailari eusteko lanetan dira, eta txuri-urdinek denboraldia distiratsu amaitzea dute xede, Europa ligako postuetan. El Alcoraz zelaian, ordea, eztanda egin zuten aurreikuspenek: Huescaz urrikaldu zen Reala, eta arnasa eman zion, hurkoa balitz bezala (1-0).

Realak eskas jokatu zuen. Huescak lotu egin zuen, eta, lehen zatitik, etxeko taldea nagusi izan zen. Baloi jabetza kendu zion Realari, eta, halakoetan, sufritu egiten dute donostiarrek. Jokalari ugari kokatu zuten zelai erdian, eta horrek Reala oinperatzeko giharra eman zien. Lotu egin zituzten txuri-urdinak. Imanol Alguacilenek beren ohiko jokoa antolatzeko lanak izan zituzten. Baloia gutxiago eduki izanaren ajea izan zen hori.

Eroso zegoen Huesca, eta ez horrenbeste Reala, nahiz presarik gabe ari zen. Denbora sobran zuen. Haatik, estutualdi ederrik eragin zion El Alcorazeko multzoak. Irabazteko beharraren jakitun, aldez eta moldez saiatu zen aurrea hartzen. Sandro Ramirez Realeko jokalari ohiak, Mikel Ricok eta David Ferreirok bideratu zuten erasoko jokoa. Batzuetan, buruz egindako erremateekin, urrundik egindako jaurtiketetan bestez, eta hegaletatik helduta tarteka.

Aldiz, Realak tantaka soilik estutu zuen Fernandez atezaina. Atsedenaldira heldu aurretik, neurketa joan-etorriko bilakatu zen.

Abiadura handixeagoa behar zuen Realak bigarren zatian, baldin eta abantaila eskuratu nahi bazuen. Hori eskatu zuen Alex Remiro atezainak aldageletatik itzuli orduko. Egiari zor, metro batzuk aurrera egin zuen Realak, baina arriskua sortzeko lanak izan zituen.

Hargatik, Ander Barrenetxearen txinparta baliatu nahi izan zuen Imanolek, 57. minutuan. Adnan Januzaj ordeztu zuen. Partida txarra egin zuen belgikarrak. Txandaketaz geroztik, presio eginda aurrera egin zuen Realak.Huescaren areara sarriago hurreratu zen David Silva sartzeaz bat, baina atera arrimatu gabe.

Alderantziz. Huescak lortu zuen partidako gol bakarra egitea. Sandrok falta jaurtiketa bat egin zuen hegal batetik, eta baloiak sarerako bidea, Aritzek ukituta. Jokoz kanpokoa eskatu zuten txuri-urdinek. Hala eskuratu zituzten hiru puntuak etxekoek, eta esku hutsik itzuli ziren donostiarrak.

Emaitza horrek bosgarren postuan uzten du Reala, eta hor segituko du, nahiz Betisek eta Vila-realek oraindik jokatu ez. Aldiz,gehiago estutu du azpiko lehia. Huescak urratsa egin du, eta hamazazpigarrena da orain: Alavesek puntu bat gehiago du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.