Koronabirusa

Nafarroan %17,9ra igo da positibo tasa

Harreman sozialak eta joan-etorriak murrizteko eskatu du Nafarroako Gobernuak. Mila kutsaturen langa gainditu da Hegoaldean

Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Azken asteotako kutsatuen joera makurrak koska bat gora egin du Nafarroan, eta bigarren olatuko positibo kopururik handiena zenbatu dute: 463, bezperan baino hamalau gehiago. Koronabirus kasuen kopuruarekin batera, kezkatzeko modukoa da positibo tasa: herenegun 2.588 PCR proba egin zituzten guztira, eta horietatik %17,9k eman zuten positibo. Ehuneko hori bigarren olatuko makurrena da, alde handiz. Azken asteotan, Nafarroan hainbat egunetan gainditu da %10eko tasa —irailaren 14ko zenbakia izan zen okerrena, egindako proben %16k eman baitzuten positibo baina ostiraleko datua da guztien artean kezkagarriena. Nafarroako Gobernuak ezarritako helburutik urrun dago tasa hori, eta gogoan hartu behar da OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean jarria duela gehienezko tasa.

Kasuen ugaritzeak ezinegona eragin du, eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak mezu bat bidali die herritarrei esanez harreman sozialak gutxitu eta lurralde barruko zein kanporako joan-etorriak «ahal den gehien murriztu» ditzatela. Are, «ia erabat autokonfinatzeko» eskatu die Carlos Artundo Osasun zuzendariak. Azkenaldian nabarmen ugaritu dira kasuak Nafarroako hainbat herri eta eskualdetan, eta atzotik neurri murriztaile gehiago ezarri dira Erriberako zazpi herritan: Alesbes, Valtierra, Cadreita, Zarrakaztelu, Castejon, Cintruenigo eta Fustiñanan. Cadreitan dute intzidentzia tasarik handiena —100.000 biztanleko 2.698 kasu eta, hain justu, gaur baheketa berezi bat egingo dute bertan. Valtierran ere egingo dute baheketa masibo bat, osasun agintariek jakinarazi dutenez.

Milatik gora

Nafarroan ez ezik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere goraka jarraitzen dute positibo berriek. Hala, aspaldiko positibo kopururik handiena zenbatu dute Hego Euskal Herrian: 1.074. Bigarren olatuko positibo kopururik handiena da hori. Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako osasun agintariek emandako datuen arabera, ostiralean bertan 1.074 pertsonak eman zuten positibo koronabirusa atzemateko egindako probetan: aurreko zenbaketan erregistratu zirenak baino 167 kasu gehiago dira. Denera, 12.849 PCR test egin ziren, egun bat lehenago egindakoak baino 139 gehiago. Hego Euskal Herrian mila kutsaturen langa gainditu zen azken aldia abuztuaren 29a izan zen: orduan 1.027 positibo atzeman zituzten. Bi egun lehenago ere, abuztuaren 27an, gainditu egin zen mila positiboren muga, 1.017 kasu zenbatuta.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, hiru lurraldeetan ugaritu egin dira kasuak, eta Bizkaiak izan du igoerarik handiena:260 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 61 gehiago. Gipuzkoan, berriz, 243 lagunek eman zuten (52 gehiago), eta Araban, 80k (hemeretzi gehiago). EAEtik kanpo bizi den herritar batek ere positibo eman duela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak.

Bigarren olatuko positibo kopururik handiena zenbatzeaz aparte, positibo tasak ere gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %5,6koa da.

Ospitaleetara begira jarrita, oraintxe bertan birusarekin eri diren 533lagun daude erietxeratuta. Horrez gainera, COVID-19a zuten hiru lagun hil dira azken orduetan Nafarroan. ZIUetan, berriz, 77 lagun daude gaixorik Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.