KRONOLOGIA

2015eko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Uztailak 20. Suruç hirian suizida batek Turkiako ezkerreko erakunde bateko 32 kide hil zituen, bonba bat zartarazita. Kurdistango burujabetzaren aldeko mugimenduak gobernua egin zuen erantzule, eta istiluak piztu ziren hiri ugaritan. PKKren eta armadaren arteko tiroketa batean, soldadu bat hil zen.

Uztailak 22. Pertsona armatu batzuek bi polizia hil zituzten Ipar Kurdistango Ceylanpinar hirian, Suruçeko atentatuarengatik mendeku hartzeko. PKKra lerratutako talde autonomo baten izenean egin zuten, eta EI Estatu Islamikoari laguntzea leporatu zioten. PKK-k ez du formalki bere gain hartu tiroketa.

Uztailak 23. EIko kideek, Siriatik tiro egin, eta Turkiako soldadu bat hil zuten mugaren bertze aldean. Kurdistango Diyarbakir hirian Turkiako polizia bat hil zuten, tiroz.

Uztailak 24. Turkiak, lehenbiziko aldiz, aire erasoak egin zituen Sirian EIren aurka. PKKren aurkakoak hasi zituen gero. «Talde terroristen» kontra sarekadak hasi zituen Poliziak, gehienbat mugimendu kurduaren aurkakoak. Recep Tayyip Erdogan presidenteak jakinarazi zuen AEBekin akordio bat egin zutela EIren aurka.

Uztailak 25. PKK-k adierazi zuen 2013an ezarritako su-etenak «zentzua galdu» zuela.

Uztailak 27. Erdoganek jakinarazi zuen AEBekin batera Siriako mugan «segurtasun eremu bat» ezartzeko proiektua zutela. AEBek adierazi zuten Turkiak PKKrengandik «defendatzeko eskubidea» zuela. Siriako kurduek salatu zuten Turkiak haiei eraso ziela.

Uztailak 28. Erdoganek adierazi zuen ez zela posible PKKrekiko bake prozesuari «eustea». NATOk babesa agertu zion Turkiari, PKK eta EI zuzenean aipatu gabe.

Uztailak 30. Turkiak adierazi zuen aurreko bi egunetan PKK-ko 190 kide hil zituela bonbardaketetan.

Uztailak 31. PKK-k adierazi zuen guztira Turkiako 31 soldadu eta polizia hil zituela.

Abuztuak 1. Turkiak Hego Kurdistango Zergele herrixka bonbardatu zuen; leku hartan entregatu zituen PKK-k bere azken gatibuak 2013an, bake prozesua abiatu zutenean. Hamar zibil hil ziren erasoan, eta Masud Barzani Irakeko Kurdistango presidenteak eskualde hori uzteko eskatu zion PKKri.

Abuztuak 5. AEBetako droneak Siria bonbardatzen hasi ziren Turkiatik.

Abuztuak 7. Aste osoan hainbat sarekada egin ondoren, Turkiako indar armatu bereziek setiopean hartu zuten Ipar Kurdistango Silopi herria, atxiloketa batzuen harira. Herritarrek aurre egin zieten, eta Poliziak tiroka erantzun zien. Gutxienez hiru lagun hil ziren horren ondorioz, eta tankeek hainbat orduz eduki zuten herria itxita.

Abuztuak 8. «Erabateko gerrari» aurre egiteko, «erabateko erresistentziara» deitu zuen KCK Kurdistango Herri Konfederazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.