Tokio 2020. Maialen Chourraut. Piraguista

«Duela gutxi iritsi zitzaidan neure buruarekin gustura egoteko garaia»

Zilarrezko domina lortu du Tokioko Olinpiar Jokoetan, baina dominarik gabe ere etxera pozik eta harro bueltatuko zela dio, bost urteko bide luzean egindakoagatik eta ikasitakoagatik. Finalerdia gainditzea izan zen urratsik zailena, eta finalean bere eskarmentua baliatu zuen.

ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Telefonoaren beste aldeko ahotsak ez du aurreko elkarrizketetako freskotasuna. Nabari da bezperako nekea. Uretakoa eta uretatik kanpokoa. Berandu oheratu, goiz jaiki, eta hegazkina hartzeko prestatu behar izan du Maialen Chourrautek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983). Ur bizietako K-1ean lortutako zilarrezko dominak, ordea, arindu egiten du biharamuna. Lasaitua hartu du, bost urteko olinpiar zikloa bukatu delako eta atseden hartu ahal izango duelako.

Biharamun handia duzu?

Leher eginda nago. Lo gutxi egin dut.

Halako lehiaketa garrantzitsu bat jokatu eta gero, zenbait egunetan tentsio handia pilatu eta gero, lo egin ohi duzu?

Horrelako egunak eta gero kostatu egiten da lo egitea. Horrelako lehiaketetan gorputzak astindu handia jasotzen du, eta, lehiaketa ondo edo gaizki joanda ere, buruak buelta asko ematen dizkit. Halakoetan beti kostatzen zait lo hartzea; aurreko gaua ere txarra izan zen urduritasunagatik. 01:30ean iritsi ginen logelara. Elkarrizketa bat, gero bestea, beste bat...

Olinpiar ziklo bat bukatu zenuen atzo; ohi baino luzeagoa, bost urtekoa. Zama bat kentzearen parekoa da?

Bai, banuen bukatzeko gogoa. Atzo goizean, oraindik lehiatzen hasi gabe, pozik nengoen, olinpiar zikloa bukatzear zegoelako. Bost urte luze izan dira. Luze egiten da Olinpiar Jokoak iristeko bost urte itxarotea. Batez ere bidea zaila denean. Gero, gauzak ondo ateratzen direnean eta gustura geratzen zarenean, poza ere zailtasunen neurrikoa da.

Tokion elkarrekin izandako elkarrizketetan oso lasai zenirudien, zeure buruarekin bakean bezala.

Neure buruarekin bakean iritsi naiz Tokiora. Urte asko egin ditut neure buruari egunero asko exijitzen, egiten nuenarekin konformatu gabe. Duela gutxi iritsi zitzaidan neure buruarekin gustura egoteko garaia. Harro sentitzen nintzen nire ibilbideaz, lortutako guztiaz... Bat-batean, Tokiora begira nuen presio gehigarri hori desagertu egin zitzaidan. Konturatu nintzen handia zela Tokiora onenekin lehiatzeko moduan iristea, 38 urterekin, goi mailako kirolean hainbeste urte lehiatzen egin eta gero, eta ametsak gauzatu eta gero. Horrek asko arindu nau. 38 urte behar izan ditut nire ibilbideaz harro sentitzeko. Behin hori sentituta, banekien lehiaketa ondo edo gaizki aterata ere harro bueltatuko nintzela etxera.

Rioko Olinpiar Jokoetan lortutako urrezko dominaren zama nabari zenuen oraindik?

Rioko urrezko domina astuna egin zait olinpiar ziklo honetan guztian. Munduko onena izan nahi nuelako eta ez nintzelako, ni baino neska azkarragoak baitzeuden. Hori gogorra zen niretzat. Baina ikusten nuen urteak aurrera zihoazela, piraguismoak eboluzionatu egiten duela eta ez dela batere erraza munduko onena izatea.

Finalean erabakigarriak izan dira zure lasaitasuna eta urteetako eskarmentua?

Xabik [Etxaniz, entrenatzailea eta senarra] beti esaten zidan Tokion estrategiak zera izan behar zuela: aurrena, finalean sartzea, eta gero, finalean, nire eskarmentua baliatuta, onena ematea eta zer gertatzen zen ikustea. Olinpiar final bat oso final emotiboa izaten delako, ez delako erraza izaten lasaitasunari eustea. Nik, baina, eskarmentua nuen, eta hori baliatu behar nuen. Xabik hori errepikatu dit azken urteetan.

Esandakoa bete da.

Nik ez nuen ezer jakin nahi estrategia horretaz, ez baitut gustuko atzetik joatea. Nahiz eta atzetik joate horrek ez zuen esan nahimundu osoan atzean nengoenik. Lehen postuetan ibili naiz denboraldi guztian, eta munduko sailkapenean zazpigarren iritsi naiz Tokiora. Sekulako maila dago. Baina lehen hori gutxi iruditzen zitzaidan.

Gutxi?

Orain dela gutxi konturatu nintzen hori ez zela gutxi, hori asko zela, eta harro egon nintekeela nire ibilbideaz, zailtasunak eta oztopoak gainditu ditudan moduaz... Azkenean, estimatzen ditudan gauza horiek direla garrantzitsuak: lagunak, familia, gustuko gauzak egitea...

Olinpiar ziklo hau bereziki gogorra izan da fisikoki eta emozionalki. Zilarrezko dominaren distirak zaildu egingo du hori ikustea eta baloratzea.

Garrantzi handia ematen zaio emaitzari, baina garrantzitsuagoa da zein izan den emaitza lortzeko bidea eta norbere buruaz harro sentitzea. Ondo atera ez bada ere, baina guztia eman baduzu, harro egon behar duzu.

Ate bat ukituz gero, emaitza aldatuko zen, eta baita jendearen eta komunikabideen iritzia, jarraipena eta oihartzuna ere.

Ez da batere erraza lehenengo hiruren artean sailkatzea. Lortzen denean badirudi erraza dela, baina ez da. Ezin dugu egindako lan guztia baloratu lehenengo hiru postuetan geratzeagatik edo ez geratzeagatik. Kirolari askok ez dute lortzen haien ibilbide guztian. Horrek zer esan nahi du, gaizki egin dutela? Egindako bidea da gakoa, zer ikasten den. Argi neukan gaizki ateratzen bazen ere harro egoteko arrazoi asko nituela eta horiei heldu behar niela.

Rioko urrezko domina zama bihurtu zen, baina, era berean, jada urrea lortu izanak beste lasaitasun bat eman dizu Tokion lehiatzeko? «Ez daukat ezer galtzeko», izan da gehien errepikatu duzun esaldietako bat.

Tokiora iritsi nintzen, eta momentu batean konturatu nintzen ez neukala ezer galtzeko, dena neukala irabazteko, azkenean egindako bidea baita garrantzitsua. Bidea egina daukat eta irabazita daukat. Horrela iritsi nintzen.

Domina alde batera utzita, lehiaketa sendoa egin duzu, une bakoitzean egin beharrekoa eginda. Zeuk ere hala bizi izan duzu?

Neure buruarekin bakean iritsi naiz, baina horrek ez du esan nahi lasai egon naizenik. Guztia borrokatu dut azken ordura arte. Tentsioa izan dugu entrenamenduetan, beti asko exijitu izan diodalako neure buruari. Finalerdia gainditu eta gero, sekulako zama kendu nuen gainetik. Finalerdia da kanporaketarik gogorrena. Benetan zaila da, jende asko geratzen baita kanpoan. Ni izan nintekeen horietako bat, baina barruan nengoen.

Kanpotik zaila da zuen nabigazioa, ur bizietan ibilbidea egiteko duzuen modua baloratzea. Zu zeu gustura zaude uretan nola moldatu zaren ikusita?

Nabigazio sendo bat izatea zen nire helburua. Ongi nabigatu nuen jaitsiera guztietan, sendo. Oso gustura sentitu naiz horrekin. Finalean ere hala egitea zen erronka. Pixka bat azkarragoa, finaleko nabigazioa. Finaleko jaitsiera ez da perfektua; badaude gauzak hobetzeko, baina eslalomean hala da beti.

Finala bukatuta, pozik zeunden. Denboragatik? Sentsazioengatik?

Pentsa, finala bukatu nuenean ez nuen gogoan zer denbora egin nuen finalerdian. Gustura nengoen egin nuen jaitsierarekin. Berdin zitzaidan bigarren edo bosgarren izatea; ez nuen uste bosgarren postua baino hobea lortuko nuenik. Baina, hala ere, gustura bueltatuko nintzen etxera.

Tokioko Olinpiar Jokoetan nabarmendu egin duzu zeure alabarengandik banatu egin behar izan duzuela lehiatu ahal izateko. Babes eta laguntza falta sentitu duzu goi mailako kirola eta familia bateratzeko? Zer falta da?

Ez da erraza bi arloak bateratzea, baina ez goi mailako kirolean, ezta beste edozein arlotan ere. Kirola, azken finean, lana ere bada. Nik normalean ez ditut zailtasunak izan.

Olinpiar Jokoek egokitu beharko lukete kontziliazioa errazteko?

Gaur egungo Olinpiar Jokoetan ez dago ezer prestatuta ama izan berri direnentzat, bi gurasoak Olinpiar Jokoetan dituzten haurrentzat... Ez da hain zaila horrelako zerbait prestatzea. Planifikatzen duzu guztia mimoz, baita haurra noiz eduki ere, gero Olinpiar Jokoetara ahalik eta ondoen iristeko, eta zailtasunak topatzen dituzu azken momentu horretan.

Batzuetan aukeratu behar izaten da: zure kirol ibilbideko ametsa betetzera joan edo haurrarekin geratu. Rioko Jokoetan nire alaba Anek 3 urte izango balitu eta hara joateko hiru astez etxean utzi beharko banu, Tokion bezala, ziurrenik ni ez nintzateke olinpiar txapelduna izango, haurrarekin geratzea erabakiko nukeelako. Nire alaba 3 urterekin ez zegoelako prestatuta hiru astez gurasorik gabe egoteko. Esperientzia on bat izan ordez, trauma bat izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.