Laso osatu egin da, eta Altuna III.aren aurka jokatuko du larunbatean, Bilbon

Baikokoak «faboritotzat» jo du Aspekoa, eta hark esan du «ziur» dela Lasok jokatzea erabaki badu «bete-betean» jokatuko duela

Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Unai Lasok jokatu egingo du Jokin Altunaren aurkako Buruz Buruko Txapelketako lehen finalerdia, larunbatean, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan (17:15, ETB1). Lasori sendatu egin zaio eskuineko sorbaldan zuen lesioa. Proba egin zuen atzo goizean, Hondarribian (Gipuzkoa), Jostaldi pilotalekuan, Aimar Olaizola Baikoko kirol zuzendariaren begiradapean —Hondarribian bizi da Olaizola II.a—. Proba balekoa izan zen, eta hura bukatutakoan autoa hartu zuen, eta Bilbora abiatu zen, pilota aukeraketara. Hori bukatzean jakinarazi zuen jokatu egingo duela.

«Pilota jo dut, eta ez dut minik sentitu. 40 minutuz aritu naiz, eta, batez ere, teknika entrenatu dut. Ondo nago, bete-betean», azaldu zuen Bizkarreta-Gerendiaingoak (Nafarroa). Zehaztu zuenez, ez du izan zuntz hausturarik, tendinitis baten antzeko lesio bat baizik: «Kalanbreak sumatzen nituen pilota jotzen nuenean, eta eskuin sorbalda kargatzen zitzaidan». Aspaldikoa zuen mina: «Aurretik nuen mina. Gainera, indar guztiarekin jotzen dut pilota».

Lesioak eraginda, Lasok uko egin zion final-laurdenetako ligaxkako azken partida jokatzeari: Beñat Rezustaren aurka zen aritzekoa. Ezer gutxi zegoen jokoan, Lasok ziurtatua baitzuen B multzoko lehen postua, eta Rezustak ez baitzuen aukerarik sailkatzeko.

Lesioa sendatuta, «prest» dago Altuna III.ari aurre egiteko. Hura jo zuen faboritotzat: «Txapelduna da, eta erakustaldia eman zuen Zabaletaren aurka». Baina Laso «sinetsita» dago bere lana eginez gero «aukera asko» izango duela irabazteko. Asmo horretan, nahiago zuen frontisetik gehiago irteten diren pilotak izatea, are gehiago Bilbon jokatuta: «Azkar gastatzen dira pilotak, eta denbora gehiago dago ondo jarri eta pilota jotzeko».

Altuna, «gero eta hobeto»

Lasok bezala, Altuna III.ak ere partida bat utzi du jokatu gabe: ligaxkako bigarrena, Joseba Ezkurdiaren aurkakoa, mina baitzuen ezker eskuan; aurretik, 22-19 irabazi zion Dario Gomezi, eta lehiara itzulitakoan, 22-5 Jose Javier Zabaletari. Garaipen horri esker sailkatu zen finalerdietarako.

Hura ere prest dago jokatzeko. «Gero eta hobeto nago. Dena oso ondo atera zen azken partidan: laburra izan zen, eta ez nuen asko erabili mindutako eskua». «Pozik» dago, Laso osatu baita, eta «seguru» dago hark jokatuko badu «bete-betean» jokatuko duela. Gakoez galdetuta, «funtsezkotzat» jo zuen tantoa bukatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.