Lan erreforma. Negoziazioa

Lan erreforma sakona izango da, eta CEOEren oniritzia beharko du

Espainiako Gobernuak errespetatu egingo du Yolanda Diaz ministroak eragileekin egindako lana. Gobernu bazkideen itun politikoak 'indargabetu' aditza jaso du, eta azaleko erreforma bat baztertu

Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroa eta Yolanda Diaz Lan ministroa, joan den asteko argazki batean. CHEMA MOYA / FOKU.
xabier martin
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Lan erreforma egiteko joko zelaia mugatu dute Espainiako Gobernua osatzen duten alderdi biek, eta itun politiko horren bidez helarazi dute lan erreforma sakon bat islatuko duela azaro amaierarako bukatuta egon beharko lukeen agiriak. Baina partida jokatzeko dago oraindik. Alegia, orain hasiko da idazten PSOEk eta Unidas Podemosek atzo plazaratutako paktuaren letra txikia, edukiz eduki jasoko duena paperean erreformaren muina. Hau da, sindikatuekin eta patronalarekin negoziatzen jarraitu aurretik, Espainiako Gobernuak bere buruarekin negoziatu du zer egin lan erreformarekin.

Edonola ere, atzodanik jakina da PSOEk baztertu egin duela azaleko erreforma, indargabetu aditza jaso duelako itunak, 2012ko lan erreformari erreparatuta, eta azken hamar egunotan gobernu bazkideen arteko krisia eragin duen sabotaje saioa, Nadia Calviño Ekonomia ministroaren eskutik, ez da urrutirago helduko, itxura batean. Calviñok negoziazio mahaia errailetik aterarazi du, besteak beste, enpresa ituna sektorekoaren gainetik uzteko esku hartze ageriko batekin, baina lortutako itun politikoak errailean sartu du atzera. Bada, Unidas Podemosekin egindako akordioarekin mezu argi bat bidali dio Pedro Sanchez presidenteak CEOE patronalari: egiturazko erreforma bat gauzatuko da datozen egunetan, eta ez ukitu txikikoa. Gainera, CCOO eta UGT sindikatuek ere jaso dute benetako negoziazioa hasi aurretik konfiantzarako ohar bat: PSOEk errespetatu egingo du orain arte negoziatutakoa mahai sozialean, Yolanda Diaz Lan ministroaren gidaritzapean.

Madrilek ezagutarazi duen itunean hitz guztiak daude neurtuak, eta esaldi bakoitzak arrasto bat ematen du aurreikusteko aste gutxi barru dekretu egitura hartuko duen idatziaren nondik norakoak: «Gobernuak konpromisoa du 2012ko lan erreforma indargabetzeko, koalizio akordioak jasotzen duen terminoetan eta Europako Batzordeari igorritako Susperraldi Planarekin batera. Behin-behinekotasuna eta prekaritatea dira, langabeziarekin batera, Espainiako lan merkatuaren anomalia nagusiak, eta atzean utzi nahi ditugu. Nahitaezkoa da lanabes orekatuak edukitzea negoziazio kolektiboan, eta, aldi berean, baldintza argiak ezartzea azpikontratazioan».

Gobernuak Brusela aipatzen du testuan, eta begien bistakoa da: Batzordeak badu zeresana prestatzen ari diren erreforman. Ez alferrik Next Generation funtsen bigarren poltsarekin loturik dago «lan merkatuaren modernizazioa»: 13.793 milioi euro. Sanchezek Batzordeari agindu dio urte amaierarako egingo dela erreforma, eta «elkarrizketaren eta kontsentsuaren bidez» egingo dela. Eta hori oso argi jaso du gobernu bazkideen paktuak: «Eragile sozialekin egindako lana oinarri hartuta, gobernuak bilatzen du elkarrizketa sozialaren bidezko akordio orekatu bat alde guztiekin. Erreforma iraunkorra lortzeko bermerik onena da borondate hori, Europako Batzordearekin egindako akordioaren barruan».

Beraz, erreforma sakona bai, Diaz ministroak zuzendutako mahai sozialak orain arte adostutakoa bai, baina patronalak egon behar du akordioan; hori ere garbi uzten du PSOEk, Bruselarekin lotuz baldintza hori. Batzordeak CEOEren betoa inposatzeko adina indar ote du Madrilen konpromisoak direla eta? PSOE bera al da beto hori eman nahi diona patronalari? Datozen egunetan argitu beharko dira galdera horiek, baina bere hartan dago oraindik galderarik potoloena: posible al da CEOEren oniritzirik ez duen lan erreforma bat igortzea Europara, eta Next Generationen bigarren poltsa jasotzea?

Negoziazio kolektiboa

Gaur bertan hasiko da mataza hori askatzen. Gobernuko zenbait ministerio, sindikatuak eta patronala mahai sozialean elkartuko dira moldean dagoen erreformari forma zehatzak ematen hasteko; hau da, aurrerako eraginmugagabea, bai ala ez? Sektoreko itunak enpresa itunen gainetik, bai ala ez? Itunak betetzeari uzteko enpresen pribilegioa, bai ala ez? Kaleratze kolektiboak, orain bezain erraz eta merke, bai ala ez?

Eduki horiek eta beste hainbat eztabaidagai direla, gobernuak «kotoiaren proba» pasatu beharko du, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiaren arabera. Gobernu bazkideen itun politikoa «kriptiko samarra» dela uste baitu, eta «orokorkeriaz betetakoa». Alegia, Nadia Calviño Ekonomia ministroa negoziazioen makinak gelditzera eraman duen zioak aurpegia eman dezakeen susmoa daukate sindikatuek. Lan Ministerioaz gain, Gizarte Segurantza, Ekonomia, Ogasuna eta Hezkuntza egongo diren bileran, «gobernuaren proposamenak orain arteko berak diren» ikusi nahi du Sordok.

Lan erreforma ez da bilera batean erabakiko, ordea. Azaroa amaitu baino lehen nahi du adostu Madrilek, abenduan dekretu gisa onar dezan. Ez da erraza sindikatuak eta patronala ados jartzea, CEOE ez dagoelako prest negoziazio kolektiboan PPren gehiengoak eman zion abantaila handia besterik gabe galtzeko. Baina eduki batzuetan amore emateko prest egon daiteke beste batzuen truke. Esaterako, ez PSOEk, ezta Unidas Podemosek ere ez diote erreparatu kasik enplegu erregulazioen espedienteen arauari. Kaleratze kolektiboak egitea oso erraza da enpresentzat, eta kaleratze horiek inoiz baino merkeagoak dira. Lan merkatuaren «dinamismoaren» izenean, litekeena da arau horiek bere hartan jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.