Kuadrilla baten garaipen handia

Athleticek 2015ean irabazi zuen bigarrenez Espainiako Superkopa, Bartzelona ahaltsua menderatuta. Aduriz izan zen protagonista nagusia, lau gol sartu baitzituen: hiru joanekoan, eta bat itzulikoan.

Aritz Aduriz, 2015eko Espainiako Superkopan Bartzelonari itzuliko partidan sartutako gola ospatzen. TONI ALBIR / EFE.
haritz gallastegi
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun

Bilboko udaletxeko balkoitik Superkoparen eskaintza. Milaka lagun Bilboko kaleetan garaipena ospatzen. Camp Noun Carlos Gurpegi kopa jasotzen. Kanporaketan guztira bost eta bat zuri-gorrien alde. Joanekoan jipoia Leo Messi buru zuen talde zapaltzaileari: 4-0. San Josek zelai erditik sartutako gola eta Aritz Adurizen hat trick-a. San Mamesen 50.000 ikusle futbolaz eta taldearen garaipenaz gozatzen. Atzetik aurrera egindako laburpena da. Athleticek irabazitako azken txapelketa, hitz gutxitan kontatuta.

[YouTube]https://youtu.be/41UTeFmDHXE[/YouTube]

Egun, pandemiaren erdian, kosta egiten da sinestea. Baina hala izan zen. Kuadrilla zuri-gorriaren azken balentria izan zen. Bikain jardun zuen belaunaldi baten garaipena. Aritz Aduriz zen lagun talde horretako erreferentzia nagusia. Superkopan izar nagusia izan zen. Bi partidatan lau gol sartu zituen. Bere kirol ibilbideko onenean zegoen: ate aurrean ez zuen barkatzen. Baina garaipena talde guztiak lortu zuen, kuadrilla osoak. «Gezurra esango nuke niretzat ahaztezina izan ez zela esango banu. Baina talde lana izan zen. Pentsa, joanekoan hiru gol sartu nituen, baina neurketa eskasa jokatu nuen. Ez nintzen aho zapore onarekin gelditu. Hiru gol sartu nituen, baina beste jokaldi askotan kale egin nuen», adierazi dio Adurizek BERRIAri.

Erretiroa hartu zuenetik arretagunetik apur bat aldentzeko erabakia hartu du, familiarekin adostuta, eta Mallorcan bizi da. «Haize apur bat hartzeko eskatzen zidan gorputzak». Bilbon ezinezkoa izango zenez, ondo ezagutzen duen irla horretara joatea erabaki du. Lur hartzen lagunduko diola iritzi dio.«Aduriz izateari utzi eta Aritz izateko premia nuen». Baina Adurizen itzala luzea da. Athleticen arrastoa utzi du. Eta iragan hurbilaz jardutea egokitzen denean, ezinbestekoa da harengana jotzea. Azken lau hamarkadetako belaunaldirik emankorrenaren ikur nagusia da. Iraola, Gurpegi, Iturraspe, San Jose, De Marcos, Muniain eta beste askorekin batera, Athletic gorenean jartzea lortu zuen. Superkopa irabaztea urte askotan egindako lanaren saria baino ez zen izan. Adurizentzat bere kirol ibilbideko mugarrietako bat da 2015eko Superkopa. «Futbolak utzi didan oroitzapenik politena ez bada, politenetakoa da. Athleticekin txapelketa bat irabaztea futbolean lor nezakeen gauzarik garrantzitsuena da. Superkopa ondo ospatu genuen, baina, denborarekin, are eta gehiago ari gara baloratzen».

Txapelketa bat irabazteak meritu handia dauka, eta etxeko jokalariekin lehiatuta irabazteak duen balioa neurtzea nekeza da. Eta aurrean Espainiako Ligan eta Europan aro bat markatu duen aurkaria izanez gero, balentria dela esan daiteke. Athleticek aurrean izan zuen Bartzelona hark garaiezina baitzirudien. Messiren taldeak Txapeldunen Liga, Espainiako Liga, Kopa, Europako Superkopa eta kluben arteko munduko txapelketa irabazi zituen urte hartan. Espainiako Superkopa falta zitzaion sasoia biribiltzeko. Baina ez zen kapaz izan Athletic mendean hartzeko. «Bartzelonak Superkopa irabazi izan balu, denboraldian jokoan izan zituen sei lehiaketak irabaziko zituen. Futbolaren historian oso gutxitan ikusi da talde bat denboraldi berean dena irabazten. Pentsa nolako meritua zuen».

Hain zen handia Bartzelonaren nagusitasuna eta aurkariei sortzen zien izua, joanekoan lau golen errenta lortu arren inork ez baitzuen garaipena eskuan ikusten. Inork ez. «Jarraitzaileak ez zeuden lasai, eta jokalariak ere arduratuta geunden. Aurrean zegoen taldearen maila zein zen bagenekien. Bartzelona Camp Noun kanporaketa asko iraultzen ikusi dugu. Beraz, banakoa sartu genuen arte ez genuen argi ikusi Superkopa irabaziko genuela».

Adurizek ez du inoiz ahaztuko duela bost urte bizi izandakoa. Etxean gordeta duen Superkopa txikiak ere lagunduko dio gogoratzen. Lehen, Superkopa abuztuan jokatzen zen, liga hasi bezperan. Egun, berriz, denboraldiaren erdian asteburu bat dauka gordeta. «Balio handia duen lehiaketa bat da. Superkopa jokatzeko, lan handia egin behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.