Asmo desberdinekin hasiko dira

Gernika eta Ordizia Espainiako Ohorezko Mailako B multzoan egokitu dira. Bizkaitarrek Santboianaren zelaian hasiko dute sasoia igandean (12.00); gipuzkoarrek, Bartzelonarenean (12:30).

Ordiziako eta Gernikako jokalariak, lehian, denboraldiaurreko partida batean. PEDRO URRUTXUA.
Iñaki Berastegi.
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Helburu ezberdinak izan arren, denboraldiari hasiera emateko gogo berarekin daude Ordizia eta Gernika errugbi taldeak. Julen Goia Ordiziako kapitainarentzat eta Peio Urrutia Gernikako jokalariarentzat, zaleak Altamirara eta Urbietara itzultzea «funtsezkoa» izango da euren helburuak lortzeko. B multzoan ariko dira VRAC, Ciencias, UBU Burgos eta Les Abelles taldeekin batera, nahiz eta A multzoko talde bakoitzaren kontra ere behin jokatuko duten fase erregularrean.

JULEN GOIA
Ordizia errugbi taldeko jokalaria


«Ligako edo Kopako finala jokatzeada helburua»

Ligako talde guztiak «asko» indartu direnez, denboraldi «oso lehiatua» espero du Julen Goia (Idiazabal, Gipuzkoa, 1991) Ordiziako jokalari eta kapitainak. Iñigo Marotiasek zuzentzen duen taldeak oinarria mantendu du: «Lau jokalari fitxatu ditugu, eta beste lau jokalarik utzi dute taldea. Etorri direnak zein joandakoak, guztiak, kanpoko jokalariak ziren. Horrez gain, aurreko denboraldiaren bigarren zatian atzerrian egin zuen Alain Araña berreskuratu dugu».

Taldea ez da asko aldatu, eta gauza bera esan daiteke helburuei buruz. «Ligako edo Kopako finala jokatzea da helburua. Partida batera edozer gerta daiteke. Jokalariengandik ateratako helburu eta asmoa da hori». Joan den denboraldian, Bartzelonak kanporatu zuen Ordizia ligako final- laurdenetan. «Demostratu dugu talderik indartsuenei irabazteko gai garela. Halere, egia da momentu gakoetan gauzak hobeto egiteko heldutasun apur bat falta izan zaiola taldeari. Uste dut egin ditugun hutsetatik ikasi dugula».

Beste behin, Altamirako gotorlekua denboraldiko arrakasten oinarria izango da, Goiaren ustez: «Iaz partida bakarra galdu genuen. Guretzat, mentalki, oso faktore garrantzitsua da. Funtsezkoa izango da Altamira jendez betetzea, etxean dugun indar eta maila hori mantentzeko».

Aurreko denboraldiko borreroari, Bartzelonari, egin beharko diote bisita asteburuan: «Barruan dugun arantza hori kentzeko aukera ederra da. Guk egin bezala, eurek ere taldearen oinarria mantendu dute. Ikusiko dugu bi taldeak zein mailatan dauden».

PEIO URRUTIA
Gernika errugbi taldeko jokalaria

«Aurkarientzatzelai gogorra izango da Urbieta»

«Kezkatuta» abiatuko du Gernikak denboraldia, Peio Urrutia (Gernika, Bizkaia, 2000) jokalariak dioenez. Izan ere, Bizkaiko bi fitxaketa baino ez ditu ofizial egin, beste batzuk itxiak dituen arren: «Burokrazia arazoak direla eta, Hegoafrikako jokalari batzuk oraindik ez dira Gernikara iritsi, eta ez dakigu noiz helduko diren». Gauzak hala, oraindik ez dakite zehazki zer talde izango duten lehen jardunaldian. «Ez da liga hasteko modurik onena, taldea eginda izateak lasaitasuna ematen dizulako».

Etxeko jokalarien maila izan zen igoera lortzeko gakoa, baina Ohorezko Mailan, atzerritarrek ematen duten kalitate jauzia ere «beharrezkoa» ikusten du Urrutiak: «Atzerritarrik gabe oso zaila da mailari eusteko helburua lortzea. Oinarria etxeko jokalariak dira, baina momentu erabakigarrietan, kanpoko jokalarien maila eta esperientzia beharrezkoak dira». Talde gaztea dute basurdeek, eta esperientzia falta hori lehen partidetan nabarituko dutela uste du Urrutiak: «Gazte gehienek ez dute Ohorezko Mailan jokatu. Aldaketa oso handia izango da».

Mailari eutsi, edo azken bi postuak ekiditeko borroka horretan,etxeko partidak izango dira «gako nagusia»: «Jokatzeko modua bera baino garrantzitsuagoa izango da. Urbietan lokatz asko sortzen da, eta talde asko ez daude baldintza horietara ohituta. Aurkarientzako zelai gogorra izango da». Gainera, zaleak itzuliko dira harmailetara: «Gogo handiz daude. Haien babesa erabakigarria izango da».

Hasi, baina, etxetik kanpo hasiko dute liga. «Santboiana oso talde ona da. Orain, belar artifizialean jokatzen dute, eta horrek are gehiago zailduko du partida guretzat. Bidaia ere luzea da, eta, beraz, partida gogorra izango dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.