Elkarren osagarri dira pistan ere

Derbia jokatuko dute gaur Bidasoak eta Anaitasunak Artalekun. Irungo taldean elkarrekin ari dira estreinakoz Asier eta Gorka Nieto anaiak. Logroñon galdu ostean, gogotsu dira gaurko lehiarako.

Gorka eta Asier Nieto anaiak, Artalekun, baloiari heltzen. Gustura ari dira elkarrekin jokatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
Irun
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Nieto anaien kirol ibilbideek bat egin dute Bidasoan sasoi honetan: Asier (Etxebarri, Bizkaia, 1997) anaia zaharrena Huescatik etorri da, han hiru denboraldi egin ostean, eta Gorka (Etxebarri, Bizkaia, 2002) anaia gazteena, berriz, Bidasoaren harrobian aritu da orain arte. Hasieran «arraroa» egin zitzaien entrenamenduetan eta partidetan batera aritzea, baina orain «normaltasunez» hartzen dute. Harreman «oso ona» dutela berretsi dute biek, eta hori kantxan islatzen dela gaineratu dute.

Txiki-txikitatik izan dute gustuko eskubaloia; baita haien arrebak ere —hiru anai-arreba dira—. Nahiz eta hiruretatik gazteena arreba izan, hark eman zituen lehen pausoak eskubaloian; gero Gorkak, eta azkenik Asierrek. Halakoetan, ohikoena da gazteenak zaharraren bideari jarraitzea; bada, Nieto familian atzekoz aurrera gertatu da.

Hasieran, anaiarekin entrenatzea bitxia egin zitzaion Gorkari, baina orain normaltasunez darama: «Entrenatzera zoazenean arraroa egiten da zure anaia zure alboan egotea; agindu bat ematen, adibidez». Horrez gain, Asierrek nabarmendu du «berezia» dela anaiarekin entrenatzea; hain justu, etorri berri diren taldekideekin ez duen konfiantza duelako anaiarekin.

Oro har, beti harreman oso ona izan dute , eta hori ere kantxan islatzen dela adierazi du Gorkak: «Edozein gauza esan ahal diogu batak besteari, eta ez dago arazorik». Alde horretatik, Asierrek azpimarratu du biek «izaera lasaia» edukitzeak asko laguntzen duela.

Partiden ostean umore txarra etxera eramaten duten galdetuta, Gorkak esan du «asko ezetz»: «Ni saiatzen naiz partiden ostean eskubaloia alde batera uzten. Hala ere, argi dago porrot baten ondotik bueltak ematen dizkiozula buruari, eta horixe hitz egiten dugula zertan hobetu behar dugun. Baina hor geratzen da, eta ez gara haserretzen».

Asierrentzat lehen sasoia da Irunen. Aurrerapauso bat izan da harentzat Bidasoak fitxatu izana: «Hona etortzeko erabakia hartu nuen Europan jokatzeko, eta ligan zerbait handia erdiesteko. Anaia Irunen egon edo ez egon, berdin etorriko nintzen». Hala eta guztiz ere, azpimarratu du anaiari galdetu zizkiola klubaren inguruan zituen zalantzak: besteak beste, nola egiten den lan eta nola entrenatzen den.

Gorkak, iragan denboraldian lehen taldearekin zenbait partida jokatu bazituen ere, sasoi honetan bertan egonkortzea du helburu. Horren harira, aitortu du gorengo maila «gogorra» dela, eta oso bestelakoa dela profesionalak direnen aurka jokatzea: «Oso prestatuta daude lehiatzeko: lan fisiko handia dago atzetik: beste maila bat da, beste erritmo batean jokatzen dute, eta exijentzia askoz ere handiagoa da».

Gorengo mailara lehenbailehen egokitzeko helburu horretan, beti izan du helduleku anaia: «Beti hitz egin izan dugu eskubaloiaz: Asierrek esan ohi dit beharbada era honetara jokatzea hobeto etorriko litzaidakeela, edo beste hau ondo egiten dudala».

Lasaitasuna eta lana

Batak bestearengandik zer ikasi duen galdetuta, «elkarren osagarri» direla uste dute. Asierrek azaldu du anaiaz ikasi duela «lasaitasun handiagoz» jokatzen. Aldi berean, erakutsi dio galtzen dutenean buruari buelta asko ez ematen.

Asierrek Gorkari lagundu dio garrantzi handiagoa ematen alor fisikoari: «Asierrengandik ikasi dut langilea izaten. Beti ari da pentsatzen nola hobetu. Horrez gain, arretaz begiratzen diot defentsan nola mugitzen den. Ni baino askoz hobea da horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.