Bete-beteko estreinaldia egin du

Beñat Telleriak irabazi du aurtengo binakako pentatloia gizonezkoen mailan. Julen Gabirondo izan du lagun, eta bien elkarlana funtsezkoa izan da irabazteko: «Julenek maila handia du».

Beñat Telleria Julen Gabirondori lurretik altxatzen laguntzen, igandeko pentatloiko finalean. Bikote garailea izan zen. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Beñat Telleriak (Lasarte-Oria,Gipuzkoa, 1995)emaitza ezin hobea eskuratu du lehendabiziko aldian. Hark irabazi du aurtengo gizonezkoen binakako euskal pentatloia, Julen Gabirondo lagun hartuta. Bikote hori izan zen bizkorrena joan zen igandean Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan jokatutako proban, Xabat Olaizola eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a bigarren sailkatuei hemeretzi segundoren aldea aterata. Telleriak, ezinbestean, «ontzat» jo du lehen aldiko lorpena.

Eskarmentua duen lagun bat izan du alboan, orain baino lehen bakarkako pentatloian aritutakoa baita Gabirondo, lan onak eginda, gainera: «Julenekin aritzea gozamena da. Bera oso diziplina handikoa da, eta horrek behartzen ninduen gauzak ondo egitera. Behin harekin plazara aterata, ondo egin nahi nituen gauzak, eta esan daiteke inoiz baino gehiago saiatu naizela».

Lasarte-Oriako lurretan bizi arren, Urnieta oso gertuko du Telleriak, baita Gabirondo ere. Bien artekoharreman estuak ere piztu du izerdiaren grina: «Harekin entrenatzea ederra da; lagun minak gara, eta beti izaten genuen adar jotzea. Batak besteak baino gehiago egin nahia».

Giro on horren ordaina izan da txapela, baina proban zehar lana gogotik egin behar izan zuten. «Egia esateko, nahiko ondo moldatu nintzen, baina asko sufritu nuen. Hasierako harri lanean neuk hartu nuen zama gehien, hori zen gure estrategia, eta Julenek, berriz, egurretatik aurrera».

Ez alferrik, Telleria harri jasotzailea da izatez, eta lan horiek probaren hasieran izateak modua eman zion konfiantzaz hasteko. Hark azaldu duenez, lehendabiziko lanei ez zien aparteko beldurrik: «Errespetua bai, baina banekien nahiko ondo moldatuko nintzela».

Harri jasotzen hobeto moldatu ziren Izeta harri eskolako kideak, baina giza proban egindako lan bikainak Telleria eta Gabirondo kokatu zituen probaren buruan. Aizkoran eta txingekin tarte estuan aritu ziren bi bikoteak, baina garaileak atzetik geratu ziren. Harik eta lasterketako lau kilometroetan egoera irauli zuten arte: «Julenek sekulako korrika saioa egin zuen. Ni, dudan pisurako, nahiko ondo moldatu nintzen: 95 kilorekin ezin da mirari handirik egin. Saiatu nintzen erritmo bati eusten, eta uste dut nahiko ondo egin nuela».

Lehen txandatik garaile

Zozketak lehendabiziko txandan kokatu zituen gerora txapeldun izango zirenak. Telleria eta Gabirondo Xabier Zalduarekin eta Aratz Mugertzarekin batera aritu ziren batetik, eta Ioritz Gisasola Zelai IV.arekin eta Jon Gisasola Zelai V.arekin bestetik. Bi bikote horiei lau eta hiru minuturen aldea atera zieten, hurrenez hurren, eta, hortaz, lanak amaitu ostean itxaron egin behar izan zuten,

«Gure txandan ez genuen gainontzekoen erreferentziarik, baina bagenekien Xabatek eta Andonik izugarrizko lana egingo zutela. Hustera atera behar izan genuen, haiei lanak zailtzeko». Behin hori eginda, adi-adi ikusi zuten jaialdia: «Hesiaren atzean jarri ginen biok, elkarren alboan, eta larri egon ginen. Korrika aurretik hasi ziren, baina guk lan ona egin genuen, eta itxura zuen gure aldeko zirela segundoak. Bukaeran asko estutu zuten, ordea, eta nahiko larri geratu zen. Emozio handikoa izan zen, oso polita».

Lehen saialdi distiratsua osatuta, Telleriak harri jasotzeari helduko dio berriz ere: «Hor segituko dut. Pentatloia polita da, baina lan handia eskatzen du, aizkoran bereziki. Harrian egingo ditut txapelketak», esan du Telleriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.