Kontrako boladak aurrez aurre

Zuazok eta Bera Berak gaur jokatuko dute derbia Espainiako Ohorezko Mailan, Lasesarren. Gipuzkoarrak ligako lehen postuan daude; bizkaitarrak, berriz, mailari eusteko lehian.

Bera Berako June Loidi eta Laura Hernandez, erdian Zuazoko Izei Permach dutela, iaz Gaskan jokatu zuten ligako partidan. JUAN ANTONIO GARAIKOETXEA.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Lehen itzulia amaitzeko, derbia jokatuko dute Zuazok eta Bera Berak Lasesarre kiroldegian, Espainiako Ohorezko Mailan (19:30). Bizkaitarrak maila gorenean segitzeko lehia bizian daude, eta gipuzkoarrak, berriz, sailkapeneko lehen postuan daude. Helburu berak eduki ez arren, lehia handiko partida espero dute Bera Berako jokalari June Loidik (Elgoibar, Gipuzkoa, 2000) eta Zuazoko jokalari Maddi Bengoetxeak (Errenteria, Gipuzkoa, 1999).

Gabonetako etenaren ondoren jokatuko dutederbia. Loidiren hitzetan, abenduko lan karga handiaren ostean «atseden hartzeko» baliatu dituzte oporrak, eta «lagatako mailara itzultzeko» erabili dituzte entrenamenduak. Bengoetxeak ere bide beretik jo du. Zuazon «buruz deskantsatzeko eta arnasa hartzeko» baliatu dituzte bi aste hauek, baita min hartutako taldekideek «denbora irabazteko» ere.

Barakaldoko taldea ez dago sailkapenean Bengoetxeak nahiko lukeen tokian, eta, haren hitzetan, ez dituzte «nahi beste» partida irabazi. Guardesen aurka jokatutako azken partidan lortutako garaipena behar zutela azaldu du, partida ugari jarraian galtzea «pisutsua» egin baitzaio taldeari: «Ez genbiltzan bolada onean. Guardesi irabazita garrantzitsua da dinamika onari jarraipena ematea, baina argi daukagu helburua lortzeko puntu gehiago behar direla».

Bera Bera, berriz, kontrako bidean zebilen. Ro'casa aurkari zuzenari zortzi golen aldeaz irabazi zion Donostiako taldeak, eta, Loidiren ustez, denboraldiko «boladarik onenean» zeuden, nahiz eta jabetzen den «hobeto» aritzeko gai direla: «Europako kanporaketaren ostean, ezin hobeto erantzun zuen taldeak, eta aurrerapauso handia eman dugu», adierazi du.

Ondo baino hobeto ezagutzen dituzte aurkariak bi jokalariek. Bera Berak fitxatu aurretik, Loidik hiru urte eman zituen Barakaldon. Bertan, Bengoetxearekin batera aritu zen, baita Espainiako selekzioko azpiko mailetan ere. Barakaldo etxetzat dauka Loidik; «oso ondo» zaindu zutela dio elgoibartarrak, eta «ilusioa» egiten dio orduko taldekideekin elkartzeak. Hala ere, irabaztea besterik ez du buruan: «Zuazo beti da aurkari zaila, eta, irabazteko, gu geu izan behar dugu; ondo defendatu eta korrika egin». Gainera, maila gorenean debutatzeko aukera eman zion taldearen aurka beteko ditu 100 partida ligan. Ohorezko Mailan jokatzea ere ez omen zuen espero gazteagoa zenean, eta orain «uneaz gozatzen» ari da:«Taldekideetako asko ikustera etortzen nintzen Bidebietara, eta orain haiekin jokatzea plazera da niretzat».

Bengoetxeak, berriz, jaiotzez errenteriarra izanda, ederki daki zein diren Gipuzkoako taldearen indarguneak. Argi dauka Bera Bera beti dabilela «dena irabazteagatik borrokan», eta, gipuzkoarrak faborito diren arren, «bi puntuen bila» joango direla esan du Bengoetxeak: «Bera Bera oso talde ona da korrika egitea lortzen duenean, eta hori izango da gakoetako bat. Korrika egitea galarazi behar diegu, eta guk baloi gutxi galdu».

Fitxaketak derbirako prest

Bera Beraren jokoa ezaguna da askorentzat, garaipen ugari eman baitizkio azken urteetan. Baina Barakaldon ikusiko den taldeak aldaketa batzuk izango ditu orain artekoarekin alderatuta. Emma Boadari ebakuntza egin diote ezker eskuko laugarren metakarpianoan, eta bizpahiru hilabete emango ditu jokatu gabe. Hala ere, klubak fitxatu berri dituen bi jokalariak prest izango dira: Marie Louis eta Elke Karsten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.