Qatarko Munduko Kopa

Babestua dago Munduko Kopa

Qatarren, debekatua dute edari alkoholdunak saltzea eta kriptodirua erabiltzea, baina Munduko Koparen babesle dira, besteak beste, sektore horretan ari diren hainbat enpresa eta marka.

Crypto.com eta Budweiser enpresen publizitatea, Ingalaterraren eta Galesen arteko partidan. GEORGI LICOVSK / EFE.
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoekin batera, Munduko Kopa da ikusle eta jarraitzaile gehien duen kirol ikuskizuna. Hala, erakusleiho paregabea izan da marka eta enpresa multinazionalentzat, publizitatea jartzeko eta euren produktuak ezagutarazteko. Munduko Koparen inguruan izandako ustelkeria eta Qatarren gertatzen diren giza eskubideen urraketak kontuan hartuta, pentsa zitekeen enpresa eta marka askorentzat deserosoa eta desegokia izan zitekeela agertoki hori. Azkenean, hamazazpik eman zuten baiezkoa. Guztira, 1.207 milioi euro jarri dituzte. Hamazazpi horietatik zazpi FIFAren bazkide ofizialak dira: Adidas, Coca Cola, Wanda, Hyundai, Visa, Qatar Energy eta Qatar Airways.

Turismoa, elikadura, energia, telekomunikazioak... sektore askotako markak daude urratsa egin dutenen artean. Baina badira bereziki arreta sortu dutenak. Batetik, Crypto.com kriptodiru enpresa dago. Ez da harritzekoa halako enpresek kirol ekitaldiak babestea. Hainbat goi mailako talderen elastikoan ere agertzen dira haien izenak. Baina esanguratsua da Qatarren egitea. Zergatik? Bada, kriptodirua debekatua dagoelako han. Horrek agerian uzten du, beste behin, Munduko Koparen alde iluna. Enpresa hori 90 herrialdetan ezarrita dago jada, 10 milioi erabiltzaile ditu, eta 4.000 langile. Los Angeles Lakersen pabiloiaren kudeaketa lortu du datozen hogei urteetarako, eta 1 Formulan ere jarri du dirua.

Eta, bestea, edari alkoholdunena. Izan ere, Qatarren mugatua dago edari alkoholdunak erostea eta edatea. Qatarko herritarrek baimen berezi bat behar dute edari horiek erosteko, eta atzerritarrek leku jakin batzuetan kontsumitu ditzakete: hoteletan eta jatetxeetan. Bada, Errusiako Munduko Koparekin alderatuz sektore horretako babesleen ekarpena %2,9tik %2,7ra jaitsi den arren, 2014ko Brasilgo Munduko Kopan %0,9koa zen kopuru hori. Hain zuzen ere, Budwiser da txapelketako babesle nagusietako bat. Hala izan da 1986ko Munduko Kopatik, eta kexu azaldu zen estadio barruan eta inguruetan garagardoa ezin saltzeagatik. «Egoera deserosoa» dela adierazi zuen debekuaren berri izan zuenean. Antolakuntzak leku «ezkutuagoan»egiteko eskatu zion.Hori kontuan hartuta, salmenta jaitsi egingo da. Horrenbestez, garagardo enpresak erabaki bat hartu du: Munduko Kopa irabazten duen herrialdeari oparitzea.

Esanguratsua da ere bai Qatarko Gobernuarekin harreman zuzena duten bi enpresa daudela babesleen artean: Qatar Airways hegazkin konpainia eta Qatar Energy energiakoa. Azken horren zuzendari exekutiboa eta presidentea Saad Xerida al-Kaabi da, Qatarko Atzerri ministroa. Munduko petrolio eta gas konpainia handienen artean hirugarrena da.

Txinako enpresak ere badaude babesleen artean. Guztira, 206 milioi euro jarri dute. Lau enpresa daude; horien artean, Hisense. Teknologia enpresa bat da, eta FIFAren babeslea da, 2018tik.

Erantzun gabeko eskaria

Amnesty Internationalek eskari argia egin zien babesleei Munduko Kopa hasi baino hilabete batzuk lehenago: futbol zelaiak eraikitzen hildako langileen konpentsazio funtserako dirua jartzeko, eta euren indarra baliatzeko FIFA horretara bultzatzeko.

Hamazazpi babesle nagusietatik lauk bakarrik erantzun zuten: Budweiserrek, Adidasek, Coca Colak eta McDonaldsek. Baina soilik hitzez egin zuten. Oraingoz, ez dute dirua jarri, eta ez dirudi jarriko dutenik.

Beste babesleek ez zuten erantzun ere egin, nahiz eta, besteak bestek, giza eskubideak eta ingurumen estandarrak babestekokonpromisoa hartua duten euren egunerokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.