Hirugarrenez sailkatu nahi du

Ampo Ordiziak Espainiako Kopako finalerdia jokatuko du gaur, etxean, Silverstorm El Salvadorren kontra. 2012an eta 2013an txapeldun izan zen Gipuzkoako taldea.

Ordizia taldeko jokalariak, ahalegin betean, herenegun, Altamiran egindako entrenamenduan. JON URBE / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Partida bakarrera du Ordizia errugbi taldeak titulu bat lehiatzeko aukera. Hilabete barru Sevillako (Espainia) Cartuja estadioan jokatuko den Kopako finalean egon nahi badu, Silverstorm El Salvador Valladolideko (Espainia) taldea menderatu beharko du gaur Altamiran (16:00). Alcobendasek eta Cienciasek jokatuko dute beste finalerdia, bihar (13:00). «Kopak ilusio handia sortzen du. Tximeleta dantza dugu sabelean. Zer litzateke berriz final bat jokatzea?», esan du Asier Alvarez Eulate jokalariak (Ordizia, Gipuzkoa, 1987). Badu eskarmentua halako partidetan, hamasei denboraldi daramatza eta lehen taldean, eta bi aldiz izan da Espainiako Kopako txapeldun etxeko taldearekin: 2012an eta 2013an irabazi zituen Ordiziak palmaresean dituen bi kopak, El Salvadorren eta VRACen aurka, hurrenez hurren. «Taldeko jokalari izateko zortea izan nuen. Ordiziak errugbia maite du, eta sekulako festak izan ziren. Ordiziarrak ez ezik, inguruko jende asko joan zen finalak ikustera eta ospakizunetara».

Hirugarren titulu bat gehitzeko asmoarekin daude, baina, horretarako, aurrez, El Salvador Espainiako Ohorezko Mailako liderra menderatu beharko dute. Aurkari zaila da, baina aspaldian Altamira gotorlekua da etxeko taldearentzat. Izan ere, ligako neurketa guztiak irabazi ditu —zazpi—, eta etxean galdutako azken partida duela ia urtebete izan zen: 2021eko maiatzean, Bartzelonaren aurka, ligako final-laurdenetan. «Etxean jokatzeak neurketa apur bat aldapan behera jartzen dizu. Esan daiteke talde guztiek egiten dutela behera kanpoan jokatzen dutenean. Festa handia antolatuta dago, eta horrek, partidaren garrantziarekin batera, urduritasun apur bat sor dezake».

Martxoaren 5ean jokatu zuten El Salvadorrek eta Ordiziak azkeneko aldiz elkarren aurka, ligan: 47-26 nagusitu ziren espainiarrak. «Min hartutako jokalari garrantzitsu asko izan genituen neurketa hartan: hasierako hamabostekoan aritu ohi diren jokalari askoren hutsunea genuen. Finalerdietarako, ia jokalari guztiak berreskuratu ditugu. Oso bestelako partida espero dugu».

Oso bestelako norgehiagoka izan dadin, partida «azkarra» jokatu beharko du Iñigo Marotiasek entrenatutako taldeak. «Haiek artistak dira partida itxietan. Gakoa baloiak azkar libratzea izan daiteke, modu horretara erabat antolatu gabe dagoen defentsa zigortzeko gai izan gaitezkeelako. Baloiari bizitasuna eman behar diogu, euren aurreko lerroa gurea baino astunagoa baita. Defentsan, berriz, gogor aritu beharko dugu».

Hori lortzeko asmoz, joko sisteman aldaketak egin ditu Ordiziak azkenaldian. «Taldearen garapen naturalaren ostean datoz sisteman egin ditugun aldaketa hauek. Egun ditugun jokalariei hobeto egokitzeko egin dira». Alvarez Eulatek aldaketak zertan nabarituko diren azaldu du: «Dinamismo handiagoarekin jokatuko dugu. Aurrealde oso astuna ez badugu ere, indartsuak gara, eta atzealdean jende bizkorra dugu. Baloia azkarrago lortu, eta atzelariei aukera gehiago eta hobeak emateko xedea dute egin ditugun aldaketa horiek. Korrikaldi gehiago egitea da asmoa».

«Ilusioz» lanean

Titulu bat irabaztearekin amets egiten du Ordiziak azken urteetan. Gertu dauka orain, baina urrun, aldi berean. «Titulu batek bizia eta indarra ematen dio egitasmo bati. Bizitzako esperientzia handietako bat da. Zure betiko taldearekin, zure herriko taldearekin, titulu bat lortzea opari bat da, zuretzat eta baita herriarentzat ere. Ilusioz ari gara lanean».

VRACen aurkako ligako partida probak egiteko baliatu ostean, finalerdietako partidara «ondo» heldu da Ordizia: «Kalitate handiko entrenamenduak egin ditugu, eta lehia ondo prestatu dugu. Askotan, norberari begiratu beharrean, aurkariari erreparatzen diogu, baina guk etxean jokatzen dugu, eta partida handiak irabazteko gai garela erakutsi dugu».

Bestalde, Top14 ligan, Miarritzek Paue hartuko du gaur Agileran (17:00). Lapurtarrek oso zail dute mailari eustea: azkenak dira bost jardunaldiren faltan, eta 11 puntura dute azken-aurrena. 21 puntura dute gaurko aurkaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.