Durangoko 55. Azoka. DA Pro

Programatzaileak limurtu behar

Durangoko Azokako DA Pro egitasmoak musikariei beta eman die proiektuak programatzaileei aurkezteko. Bigarren aldia du aurten, eta hamabost musikari zein taldek hartu dute parte.

Tenporak disko berriko pare bat abesti interpretatu zituen. Egitasmoan parte hartu zuten hamabost musikari edo taldeetako bat izan zen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Durango
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Aspaldiko kontua zirudien: instrumentuak eta musika kutxak hara eta hona agertokiaren gainean, doinurik hutsalena ere egoki entzun dadin eginiko soinu probak... Halere, atzo Durangoko (Bizkaia) San Agustin kultur gunean aritu ziren hamabost bakarlari eta musika taldeek ez zuten izan ohiko publikoa; are, ez zuten ia publikorik eduki. Izan ere, atzokoak ez ziren ohiko kontzertuak izan, ezpada ohiko kontzertu horiek lortzeko saiakerak. Iazko Durangoko Azokan antolatu zen lehen aldiz DA Pro, eta aurtengoak, egoera ezohikoa gorabehera, segida eman dio orduko hari: musikariak eta programatzaileak elkartzen ditu egitasmoak, eta artistek bigarrenez izan zuten aukera euren lanaren nondik norakoak balizko kontratatzaileei azaltzeko eta erakusteko.

Azken diskoko abestietako bat jo zuten Tenpora taldekoek aurrena, eta, hurrengoari ekin baino lehen, taldearen ezaugarriak aletzeko baliatu zuen tartea Juantxo Zeberio kideak: «Ikusleak gugandik zerbait berezia jasotzen du; ez gara talde ohikoa. Kalitatezko musika egiten dugu, edozein publikorentzat aproposa dena». Urtebeteko ibilbidea baino ez duen Mila Moduko Xabier Yanizek ere hitza hartu zuen proiektu berriaren profila zehazteko xedearekin: «Zuzeneko neurtua egiten dugu. Ez dugu geure burua txosna batean ikusten goizeko lauretan. Eta ez dugu ulertzen rock-and-rolla mezurik gabe». Akustikoan jo zuten, haien «formatu naturala» elektrikoa izan arren: «Pandemiaren ondorioz, disko berria akustikora egokitu genuen. Horrek kantak azaltzen laguntzen digu, publikoarekin harremana izaten».

Bitartean taldeko laukoteak ere DA Pro egitasmoa hautatu zuen beren ikuskizunak eskaintzeko. Argentinako eta Euskal Herriko doinuak uztartu dituzte disko berrian, eta abestiok Hernaniko Ttarla dantza taldearekin batera taularatzea gustatuko litzaieke, Ixiar Jauregi taldekideak iragarri zuenez: «Diskoak jada badu zentzua berez, baina dantzarekin eta dramatizazioarekin biribildu egiten da». Denak ez ziren indiano ikuskizunak Argentinara joandako euskaldun baten istorioa irudikatuko luke, diskoaren abesti batetik abiatuta, Ameriketara joan baina aberastu ez ziren horietako baten komeriak, hain zuzen. Izango dute antolatzeko aukera nonbait, prestatutako kanta parea bukatu zutenean programatzaileen galderei erantzuten egon baitziren, proposamenak haien interesa piztuta.

Talde klasikoez gain, ordea, bertaratutako antolatzaile bakanek askotariko proiektuak entzuteko aukera izan zuten. Han aritu ziren Txiki Handia Zara taldekoak ere, kolore biziz jantzita azken laneko Gabonetako ipuinak abesten eta dantzatzen; arropa biziak zeramatzaten, halaber, Kai Nakaik eta hari lagundu zioten dantzariek ere; eta, solemneago, Serge abeslariak azken diskoko hiru kantu interpretatu zituen. Hortaz, programatzaileek «oso eskaintza zabala» ikusi ahal izan zuten atzo, BBK Salako Onintze Ituñok azpimarratu zuenez: «Betiko ekitaldietatik baztertzen diren artistak ikusteko eta euskal kultura indartzeko etorri gara. Ez dugu euskal kulturan nahi besteko esfortzurik egiten. Kalean zer dagoen ikusteko eta jende gehiago ezagutzeko etorri gara».

Zuzenekoen garrantzia

DA Pro gisako egitasmo batek kontzertuak hauspotzen ditu ezinbestean, baina aurrez aurrekoak antolatzeko zailtasunak oztopoa dira horretarako. Hala ere, ekitaldiok «nola edo hala berreskuratu» behar direla uste du Jose Luis Gonzalez Eibarko Udaleko kultur teknikariak: «Esfortzua egin behar dugu, nahiz eta jende gutxi etorri. Aurrera jarraitu behar dugu, 2021. urtea luzea izango delako». Kontzertuak antolatu ahal izateko alternatibak buruan zituen atzo: «Oraintxe bertan, talde guztiak ia behartuta daude kontzertuak leku ezohiko batean ematera, antzokietan, esaterako». Taldeen jardunaren alde garrantzitsuenetakoa dira aurrez aurrekoak, are «arima», Tenporarentzat bederen, Zeberiok adierazi zuenez: «Edozein diru laguntzatan baino interes handiagoa dugu zuzenean jo ahal izatean. Zuzenekoak dira talde honen izateko arrazoia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.