Eli Pescador. Hibaikako arraunlaria

«Urteetan egindako lan onaren ondorio da garaipen hau»

Hunkitu egiten da Eli Pescador igandeko bideoak ikusita, handia behar duelako izan etxean ETE ligako azken estropada eta lehiaketa bera irabazteak. Ezin erabat ospatu, baina, Kontxako Bandera ate joka delako.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko abuztuak 27
Lehen ere irabazita dauka liga bat Eli Pescadorrek (Errenteria, Gipuzkoa, 1982): 2016ko Gipuzkoako liga. Igandean lortu zuen bigarrena: ETE liga. Zaleen aurrean eta herrian lortu ere. Hibaikan, bi belaunaldi dabiltza: Pescadorrena, lehengoa, eta arraunlari gazteagoena, behetik gora heldu direnena.

Zer esanahi dauka igandean lortutako guztiak?

Urteetan egindako lan handiaren ondorio dela, lan asko eginda lortu dugulako. Segida eman diogu lehendik zetorren egitasmoari, eta beheko mailetan egiten ari den lanak fruituak eman ditu. Bi egoera horiek uztartuz, emaitza paregabeak lortu ditugu. Kate hori ez haustea oso polita da, eta klub guztiek lortu nahi dugun zerbait da. Berez gertatu behar da lehengoen eta berrien arteko ordezkatzea, modu natural batean.

Klub guztien nahia da, baina ez dute denek lortzen. Zein da Hibaikaren sekretua?

Ez dakit. Arraunean, klubetan beti izaten dira krisi garaiak, oso zaila delako beti goian irautea. Aurre egin behar zaie garai txarrei, hobeak etorriko direla pentsatuz. Saiatu egin behar da garai zail horietan burugogorra izaten, lanean segitzen eta ilusioa ez galtzen.

Zuen lorpena ez al da Euskotren liga utzi, ETE ligan hasi, baina oso behera ez egitea?

Hori da. Zortea izan genuen atzetik bazetozelako arraunlari gazteak, eta guztion lanarekin lortu dugu goian segitzea, liga bat beherago bada ere.

Ezberdinak dira lehengo Hibaika hura eta oraingoa?

Bai. Filosofia aldetik antzekoak dira, orain etxeko arraunlari gehiago dauden arren. Duela urte batzuk ez geunden nahikoa etxeko jende, eta orain bai. Emaitza onak lortzen ari gara.

Bada bestelako ezberdintasunik?

Entrenatzailea dugu berria, Amaia [Gezala], eta sekulako lana egin du haren lehen urtea izateko talde bateko arduradun gisa. Sinatuko lukete askok hain denboraldi ona egitea.

Entrenatzailea emakumezkoa izateak ematen al dio beste kutsu bat?

Amaia emakumezko den aldetik, oso ondo ulertzen du gu nola gabiltzan; gure egoerak, sentimenduak eta bizipenak ulertzeko beste gaitasun bat dauka. Oso gustura gaude Amaiarekin egiten ari garen lanarekin.

Zergatik irabazi du ETE liga Hibaikak?

Batetik, neguan egindako lan ona dago, eta, bestetik, taldearen izaera nabarmendu behar da: oso borrokalariak eta burugogorrak gara. Irabazteko gosea egon da, aukerak ikusi ditugu irabazteko, eta lortu egin da. Gainera, garai txarretan ez dugu etsi. Oso ondo hasi ginen, gero okertu egin zitzaigun, eta oso ondo amaitu dugu, inoiz itxaropena galdu gabe, eta horrek ekarri digu garaipena.

Azkeneko bi estropadetara, asteburuko bietara, bi punturen aldearekin heldu zineten, eta hor bazen beste aldagai bat ikusten ez dena: urduritasuna kudeatzea. Horretan ere ondo aritu zaretela baino ezin da nabarmendu, ezta?

Estropada zailak ziren biak, baina taldeak jakin izan zuen urduritasuna menderatzen, eta sekulako gogoarekin atera ginen gure helburua lortzera.

Udazkenean, entrenatzen hasi zinetenean, pentsatu zenuten hain ondo ibiltzea?

Ez. Gero, traineru jaitsieretan, ikusi genuen nahiko txukun genbiltzala, baina beste taldeen berri zehatzik ez da izaten. Bide onean gindoazela bagenekien, eta uste genuen aukerak izango genituela hor goian ibiltzeko. Zazpi bandera irabaztea, hala ere, ez zen inoren burutik pasatzen.

Gipuzkoako liga irabazi zenuten duela hiru urte, eta orduan sei garaipen lortu zenituzten. Euskotren ligako biekin, zortzi denera. Aurten, zazpi irabazi dituzue.

Garai hartan, nahaste-borraste handia zen, Euskotren ligako taldeak Gipuzkoako ligan ere aritzen baikinen. Orain, aldiz, talde bakoitzak bere liga du. Ezberdinak dira bi urteak, baina biak oso onak.

Badator Kontxako Banderara sailkatzeko estropada, eta etzikoa polita bezain estua datorrenik ezin ukatu.

Halakoxea dator, bai. Ligakoak bukatuta, beste kontu batzuk datoz orain. Igandekoa ospatu ondoren, gaurtik [atzo] oinak lurrean jarri, eta ondo prestatu behar dugu ostegunekoa, errealitatetik atera gabe. Sailkatu ahal izateko, dena ondo egin beharko dugu, hori oso garbi daukagu.

Berdindua izango dela ia ziurtzat jotzen da, nahiz eta egun horretako urduritasunek orain arte egon ez den dantza eragin dezaketen, ezta?

Ematen du estu joango dela, ETE ligan ikusi dugun berdintasunak hori iragartzen baitu. Gainera, Galiziatik sei traineru datoz, eta ez dakigu haien maila nolakoa izango den. Lau luzetara jokatu dituzte hango ligako estropadak, eta guk, bitara. Uste dut indartsu etor daitezkeela, eta aurkariak handitu egingo ditu horrek. Kasu horretan, gure erreferentziak ez lirateke izango bakarrik Euskotren eta ETE ligako taldeak.

Dena ondo egin behar horretan, estropadatik kanpoko buruko lanak aparteko eragina izango du?

Bai. Buruak jokatzen du ehuneko handi bat, eta edozein faktorek atera zaitzake beharrezko arreta neurri horretatik.

Ausartzen zara zazpi sailkatuen izenak ematen?

Ez.

Kontxaren ondoren, kanporaketa izango duzue. Hor zer asmo duzue?

Kontxan aritzea garrantzitsua da, lehian jarraitzeko kanporaketara heldu arte. Oso berdindua ikusten dut igoerako hori ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna