Eli Pescador.
Arrauna. 'LUGAÑENE' BASERRITIK

Puntuak dantzan!

2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Galiziatik buelta gazi-gozoa izan zen: liderraren maillota soinean genuela itzuli ginen, lau ehunenengatik ikurrina etxera ezin ekarri, ordea. Bi egunetako emaitzak ikusita ideia argi batekin iritsi ginen Lugañenera: azken urteetako Euskotren Liga lehiatuena genuen aurtengoa. Bigarren asteburuak ideia berretsi besterik ez du egin. Berriro ere segundo eta ehunen gutxiren esku geratu dira ikurrinak. Puntuen dantzak sailkapenean aldaketa ekarri du azken bi jardunaldietan.

Larunbatean estropada berezia jokatu genuen, etxean jokatzeak sortzen duen zirrara berezia bizitu genuen. Hasiera ezin hobea eman genion asteburuari, garaipena lortu genuen, garaipen historikoa. Ziaboga egin eta zaleen berotasunak ematen duen indarrarekin, helmuga lehenengo postuan zeharkatzea lortu genuen. Itzela izan zen eguna ikurrinarekin eta lider maillotarekin bukatzea.

Igandeko estropada Bizkai aldean izan genuen, gure patroiaren herrian, Zierbenan. Kalea mantendu behar den eremu berezi honetan, paladaz palada borrokatu ginen. Berdintasuna erabatekoa izan zen azken unera arte. Estropada osoan lau traineruak segundo gutxian izan ginen, azkeneko txanpa gogorraren ondoren, hirugarren postuan bukatu genuen. Asteburua pasata, Orio da ligako buru gure puntuazioa berdinarekin. Denboraldiaren laurdena egina dugu, eta edozer gerta litekeela ikusi dugu. Gogotsu ekin diogu asteari, lanean irmo jarraitzeko ideiarekin, gure bertsio onena ateratzeko asmoarekin. Uda honetan ikuskizuna ziurtatuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.