Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Libertatea

2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Gertatu behar zuen, eta gertatu da. Ezinezkoa zen Felipe VI.ak eta Mariano Rajoyk Kataluniaren kontra sortu duten giro autoritarioak ondoriorik ez izatea, Espainian bertan ere. Piztiari kateak kentzen badizkiozu, ez dezakezu pentsa hura kontrolatu ahal izango duzula.

Valtonyc musikari mallorcarrari hiru urteko kartzela zigorra jarri diote, eta Santiago Sierraren erakusketa bat zentsuratu Madrilen: horrek guztiak sekulako zalaparta mediatiko eta politikoa sortu du, batik bat nazioartean, eta, agidanean, begiak zabaldu dizkio jende askori. Bat-batean, Europa guztiko eta munduko komunikabideak esaten hasi dira Espainiako estatua atzeraka ari dela askatasunen alorrean, eta ezin onartuzko maila batean dagoela demokraziatzat jotzen den horri dagokionez. Gainera, erregea dabil inboluzioaren akuilu. Zentsuraturiko artelanetan Junqueras, Sanchez eta Cuixarten argazkiak ageri direnez, mundu guztiaren aurrean agerian geratu da preso politikoak direla, eta are gogorragoa da orain salaketa. Ona da ikustea Espainiako estatua zer den, bere gordinean.

Aste honetako beste bi ohar. Anna Gabrielek erabaki du Gorenera joan ez eta Suitzan geratzea, eta Suitzak ohartarazia du babesa emango diola pertsekuzio politikoaren kontra. Hori jakinik, epaileak atxilotzeko agindu barregarri bat eman du berriz ere, Espainiako estatuan bakarrik balio duena. Oraingo honetan, ez da ausartu nazioarteko agindurik ematen, eta horrek berresten du nazioartekotze estrategia arrunt tresna ona dela independentismoarentzat.

Eta bigarren oharra: esan nahi dizut, Martxelo, adi-adi erreparatu diegula Egunkariaren itxiera gogorarazteko ekitaldiei. Duintasun eredua izan zineten guretzat, eta, hamabost urte geroago, kazetaritza onaren eredu eta hizkuntzarekiko eta gizartearekiko engaiamenduaren eredu zarete. Mila esker guztiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.