Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Libre

2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Garrantzi handiko ondorioak dituen bonba politiko bat da Espainiak Carles Puigdemonten kontra bidalitako euroaginduaren inguruan Schleswig-Holsteingo Gorte Gorenak emandako ebazpena. Alemaniako epaitegiak, abiadura izugarrian, aske utzi du presidentea, baztertu egin du hura matxinadaz akusatu ahal izateko baldintzak izatea, eta, Espainiarentzat are okerragoa dena, erabat baliogabetu du Llarena epailearen fikzio literarioa. Alemaniako auzitegiaren erabakiak eragin juridiko nabarmena du. Hain zuzen ere, ia ezdeustasunean uzten du Espainiako Auzitegi Gorenak hasitako auzi orokorra. Oraindik ere baliteke Puigdemont Espainiari entregatua izatea ustez dirua bidegabe erabiltzeagatik; hala gertatuko balitz, ordea, orduan ezingo lukete epaitu matxinada delituagatik. Eta horrek, aldi berean, sostengaezin bihurtuko luke gainerako auzipetuei egotzitako akusazioa. Halaber, baliteke presidentea ez izatea epaitua matxinadagatik, baina bai haren kontseilariak, zeinek hari obeditzen bide baitiote. Lege aldetik, oihartzun handiko belarrondokoa da.

Politika aldetik, ordea, ez da belarrondo txikiagoa. Espainiako Gobernuak, 155.aren inguruko alderdiek eta prentsa unionistak durduzaturik erantzun dute, eta horrek ezin hobeto azaltzen du zenbateraino erasan dien auziak. Ezin gehiago erasan ere. Espainiak elkarrizketa politikoari uko egitea erabaki zuen bere garaian; 2018an eta Europan, ordea, politika arloan baino ezin da konpondu eztabaida politiko bat.

Hain zuzen ere, ebazpen horrek argi utzi ditu independentziaren aukera politikoa kriminalizatzearen mugak. Europako esparru politiko eta juridikoari esker, baina baita Kataluniako Gobernuaren eta, bereziki, haren presidentearen ausardiari esker: Carles Puigdemont. Orain, aldi berri bat hasiko da, zeina ez baita samurra izango, baina bai duela hiru urte geunden abagune hura baino asko ere hobea. Negoziazio politikoa, berriz, nazioartearen ikuskaritzaren begiradapean hasiko da aurrera egiten. Hori berri handia da, Martxelo, bai nire herriarentzat, eta bai zuenarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.