Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Prentsa

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Tribune de Geneve Suitzan frantsesez argitaratzen den egunkari nagusian, aste honetan, Espainiako erregearen argazki handi bat agertu da azalean, eta esplikatu dute Suitzako Fiskaltza ikerlanean ari dela ehun milioi dolarreko komisio baten inguruan, Saudi Arabian AHTa egiteko negozioarekin lotura duelakoan. Komisio hori Juan Carlosi eman omen zioten, eta Francoren delfinak Suitzan ezkutatu zuen, haren parte bat bere maitaleari emanda, edo bere azken maitaleetako bati.

Berriak Tribune-ren azalaren parterik handiena hartzen zuen, baina nahiko oharkabean joan da Espainiako egunkarietan. Biharamuneko azaletan ez ikusi egin zioten albisteari, eta hainbat hedabidek labur eta gaizki idatzi dute gaiaz.

Harritu, ez nau harritu: halakoxea da Espainiako prentsa, eta urteak daramatzagu jakinaren gainean. Hala ere, ikusgarria da nola hedatzen duten isiltasun laino bat monarkia babesteko, baita sare bat babesteko ere, Espainia SA delakoari eusten diona: holding politiko-ekonomiko bat da, non aitak kudeatzen duen alderdi ekonomikoa eta semeak politikoa.

Espainiako hedabideek urte ugari daramate beren herrialdeari eta irakurleei traizio egiten monarkiaren lotsabideak ezkutatuz, izan politikoak, ekonomikoak edo sexualak, borboitarrak albiste iturri izaten baitira arlo horietan. Hein handi batean, zentsurari esker iraunarazi zaio monarkiari. Argi geratu izan balitz zer egin zuen benetan Juan Carlosek Otsailaren 23an, edo herritarrak jabetu izan balira zenbat milioi poltsikoratu dituen jolasetan, gauzak bestelakoak lirateke agian. Baina horretarakoxe ditu eskura gortearen egunkariak. Eta a zer bakea gurea, Martxelo, haiek bezalakoak ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.