Ukraina hegoaldea okupatu nahi du Errusiak, komandante baten arabera

Errusiako armadako buruzagi batek iradoki du Ukrainako hego-ekialde guztia kontrolpean hartu nahi duela Kremlinek, Transnistriaraino, eta gerran hartutako lur eremuetan egonkortu nahi duela

mikel p ansa
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Rustam Minnekaiev komandanteak ziurtatu du Krimea eta Errusia arteko lurreko lotura egin nahi duela Kremlinek, eta gerran okupatutako lurraldeetan egonkortzeko asmoa duela. Oraintxe, Krimea osoa, Luhansk eta Kherson probintzietako zatirik handienak, eta Donetsk eta Zaporizhia probintzien erdia edo gehiago kontrolpean ditu Errusiak. Minnekaievek adierazi du, baina, Ukraina hegoaldea kontrolatzeak ekarriko liokeela Transnistriarekin lotzeko aukera.

Horrek esan nahiko luke Mikolaiv eta Odesa probintziak ere bereganatu nahiko lituzkeela; oraingoz soldadu errusiarrek ez dute lortu probintzia horietan sartzea. 1991n Moldaviatik independente deklaratutako lurralde zerrenda bat da Transnistria; Moskuren babesa izan du urteotan, baina erabat bakartuta eta inguratuta egon da. Transnistrian ere badira soldadu errusiarrak.

Minnekaievek Defentsa Industriako Enpresen Batasunaren foro batean hitz egin du atzo, Sverdlovsken, eta bertan egin ditu adierazpenok. Itxuraz, adierazpenok ez datoz bat Vladimir Putin presidenteak azken asteetan esandakoekin, ziurtatu izan baitu Errusiak ez zuela gerran irabazitako lurrak etengabe okupatzeko asmorik. Aldiz, 2014an Putinek berak marraztutako estrategiarekin bat etorriko litzateke Ukraina hegoalde osoa kontrolatzeko asmoa. Garai hartan Putinek iradoki zuen Kremlinek intentzioa izan zezakeela Errusia Berria eskualdea hartzeko.

Azkeneko hilabeteetan Errusiak egindako mugimendu militarrekin bat etor liteke ideia hori, gainera. Martxoaren 25ean jakinarazi zuten Kiev ingurua utzi eta Donbass eskualdea okupatzean jarriko zutela indarra. Apirilaren 19an, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak iragarri zuen «gerraren fase berria» hasi dela.

Minnekaiev da era horretako adierazpen argiak egin dituen goi mailako lehen militar errusiarra: «Operazio [militar] bereziaren bigarren fasea hasi denetik, Errusiako armadaren zereginetako bat da Donbassen eta Ukraina hegoaldean kontrol erabatekoa ezartzea. Horrek lurreko korridore bat eskainiko du Krimearaino, eta Ukrainako ekonomiaren osagai ezinbestekoei eragingo die: Itsaso Beltzeko portuen bidez eramaten zaizkie laborantzako eta altzairugintzako produktuak beste herrialdeei».

Komandanteak iradoki du Transnistria ez daukala ahaztuta Kremlinek: «Ukraina hegoaldea kontrolatzeak Transnistriarako beste sarbide bat emango luke, non ikusi baitira errusiar hiztunen kontrako errepresio ekintzak». Moldaviak, hain justu, atzo aurkeztu zuen Europako Batasuneko kide bihurtzeko lehen galdetegiaren tramitea.

Kremlinek ez du adierazpenik egin komandantearen hitz horiei buruz. Errusiako lau barruti militarretako baten burua da Minnekaiev, baina ez da argi gelditu egindako adierazpen horiek balorazio pertsonalak diren, edo Putinen planak argitaratu ote dituen.

Gerraren lehen fasean, Kiev setiatzen saiatu zen Kremlin, baina batez ere hegoaldeko fronteetan lortu ditu garaipenak. Kherson hiria —300.000 biztanle gerra aurretik— kontrolpean du ia gerra hasieratik, eta aste honetan kontrolatutzat jo du Mariupol—500.000 biztanle gerra aurretik—. Praktikan, Krimea eta Errusia lotu ditu. Orain, ikusteko dago Mikolaiv eta Odesa aldera erasoan jarraituko ote duen ala ez. Eta Kharkiv ekialdetik heldu diren soldadu errusiarrek Luhanskekoekin bat egingo ote duten, Donetsken kontrolpean ez dituzten lurretan sartzeko.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bideo bat zabaldu zuen atzo, Khersongo eta Zaporizhiako herritarrei mintzo. Esan zien ez parte hartzeko inongo erreferendumetan. Azkeneko asteetanzabaltzen ari da Moskuk erreferendumak egin nahi ote dituen bi lurralde horietan, Luhansken eta Donetsken gisako herri errepublikak aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.