Egonarria eta erresistentzia

Storerrek irabazi du Vueltako 7. etapa, ihesean. Valverde erretiratu egin da, lurrera erori baita. Roglicek doi-doi eutsi dio lidergoari

Egonarria eta erresistentzia.
enaut agirrebengoa
2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Erasoa noiz jo jakitea, eta ahaleginari eusteko gaitasuna izatea dira etapa bat irabazteko oinarrizko osagaiak. Biak sartu zituen lapikoan atzo Michael Storerrek (DSM), eta emaitza asegarria lortu:Espainiako Vueltako lehen mendiko etapa bereganatu zuen. Storer izan zen DSM taldeak eguneko ihesaldian sartu zuen bost ziklistetako bat. Ez da beti hala izaten, baina txartel gehien zituenak irabazi zuen. Romain Bardet zen karta nagusia, baina, hark beharrean, australiar gazteak lortu zuen garaipena. Iheskideen saiakerei behin eta berriz erantzun zien, harik eta hiru kilometroren faltan alde egin zuen arte. Gorputza bihurritu behar izan zuen Balconada d'Alacanten zegoen helmugara iristeko. Carlos Verona (Movistar) izan zen bigarrena; ezin izan zion garaipena eskaini lurrera erori eta etxerako bidea hartu behar izan zuen Alejandro Valverderi. Pavel Sivakov (Ineos) iritsi zen hirugarren.

Guztira, 30 lagunek egin zuten eskapu tropeletik, etapa hasierako eromena baliatuz. Lehen mailako mendate bat zegoen aurreneko kilometroetan, eta lasterketa mila zatitan puskatu zen. Ihesaldiak bidea egin zuen ondorengo igoeretan, eta arriskuan izan zen Primoz Roglicen (Jumbo) lidergoa. Lehenik, Jan Polanc (UAE) jarri zen behin-behineko lider, eta, geroago, Felix Grossschartner (Bora). Haatik, faboritoek bizi igo zuten azken mendatea, eta, horri esker, esloveniarrak elastiko gorriari eutsi zion; hori bai, zortzi segundo eskasengatik. 3.33ko atzerapenarekin helmugaratu zen, faborito gehienekin batera. Mikel Landak (Bahrain) 30 segundo galdu zituen haiekin, berriz ere atzean gelditu ostean.

Collaon, eguneko laugarren mendatean, egon zen lehia handiena oilarren artean. Oraindik beste bi igoera gelditzen ziren, baina Movistarrek zuhaitza astintzea deliberatu zuen. Valverde aurrera bidali zuen, baina gaizki atera zen apustua, espainiarra lurrera erori baitzen. Taldekidearen ezbeharrak xaxatu egin zuen Miguel Angel Lopez. Roglicek berak atera behar izan zuen kolonbiarraren atzetik. Jumbo taldeak lanak izan zituen sua itzaltzeko.

Mendate horren ostean xehatu zen ihesaldia. Mugimendu taktikoa egin zuen Lawson Craddockek (Education), eta Storerrek eta Sivakovek harekin bat egitea lortu zuten. Bi ziklista horiek heldu ziren buruan Balconada d'Alacanteren magalera. Veronak harrapatu egin zituen, eta indarrez abiatu zen 4 kilometro falta zirenean. Storerrek odol hotzez jokatu zuen, aurreko erasoetan bezala. Eserita erantzun zuen, eta aurkariei azkena emateko bakarrik zutitu zen. Oso malda pikoak zeuden bukaeran, eta ahalegin agonikoa egin behar izan zuen garaipena berresteko.

Gaurko etapak ibilbide askoz ere lauagoa izango du: ez dute igoko mendate bat bera ere. Hortaz, eskalatzaileek atseden hartuko dute, bihar Velefique gogorrean amaituko den etaparen aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.