Pilota. Binakako Txapelketako finala. Julen Martija. Aspeko pilotaria

«Pilotalekuan jendea egoteak egingo du berezi final hau»

Hirugarren ahaleginean lortu du Julen Martijak Jokin Altunarekin finalerako sailkatzea. Bigarrena du berak. Lehen aldian txapela irabazi zuen, 2020an, Joseba Ezkurdiarekin. «Gogoz gainezka gaude», dio.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Julen Martija (Etxeberri, Nafarroa, 1997) ez du ustekabean harrapatu final bat jokatzeak dakarren guztiak. Badauka esperientzia, 2020koa, eta oroitzapen ederra du ordukoaz: hark eta Joseba Ezkurdiak txapela irabazi zuten, Bilbon, finalean Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea mendean hartuta: 22-13. Bigarren txapelarekin egiten du amets orain. Marka lor dezake: atzelari bakar batek ez ditu horren gazte binaka bi txapel irabazi; 24 urte baino ez ditu: «Gogor ari naiz lanean, zailena ez baita iristea, eustea baizik».

Bigarrenez jokatuko duzu binakako finala. Lehen aldiarekin alderatuta, ezberdina da hau?

Orduan bezala, ilusioz gainezka nago orain ere. Baina ezberdintasun nagusia da oraingoan jendea egongo dela pilotalekuan: familia, lagunak, herrikoak, pilotazaleak... Jendea egoteak egingo du berezi.

Publikorik ez zen egon, baina txapela irabazi zenuen.

Bai, sekulako poza hartu nuen; ikaragarria izan zen. Baina ospakizuna ez zen betea izan: publikoa falta zen. Oso arraroa izan zen dena.

Final hau berezia da Jokin Altunarekin iritsi zarelako ere?

Bai. Elkarrekin jokatu genuen aurreko bietan finalaren atarian geratu ginen, finalerdietan. Sekulako gogoa genuen finalera elkarrekin iristeko, eta, zorionez, hirugarren ahalegina izan da balekoa. Oso pozik gaude. Baina iritsi bakarrik ez, irabazi egin nahi dugu.

Altunari binakakoa zen jokatzeko falta zitzaion final bakarra. Eman dizkizu eskerrak?

[Barreak]. Ez dizkit eman, baina nabari zaio izugarri pozik dagoela. Sekulako gogoa zuen binakako finala jokatzeko. Azkenekoz finaletik kanpo geratu ginenean, esan zidan ez zekiela noiz baina ziur zegoela noizbait jokatuko genuela. Bete egin da hori, eta oso zoriontsu gara.

Merezitako saria da: oso txapelketa ona egin duzue.

Hasieran, bereziki, niri kostatu zitzaidan martxa hartzea. Iaz, oso larri ibili nintzen eskuetatik; gaizki izan nuen eskuina, eta horrek eragin zidan konfiantzarik gabe aritzea. Txapelketari ekin genionean nahiko txukun nituen eskuak, baina ez nengoen jokoarekin. Asteek aurrera egin ahala, gero eta hobeto entrenatu naiz, eta, horri esker, gero eta hobeto aritu naiz partidetan. Bigarren zatian konfiantza handiz jokatu dut.

Hondoa jo behar da gora egiteko. Zuek bosgarren jardunaldian jo zenuten hondoa: 22-4 galdu zenuten Mikel Urrutikoetxearen eta Aitor Arangurenen aurka.

Partida horretan gauza askok bat egin zuten, eta denak txarrak: Jokin eskuetatik oso justu ibili zen [ez zuen jokatu aurreko partida, ezker eskua minduta baitzuen]; ni, berriz, garai horretan azterketetan nenbilen [Ingeniaritza Mekanikoko Gradua egiten ari da], eta burua erabat nahasia nuen. Egun oso gogorra izan zen, baina garrantzitsuena da gero suspertu egin ginela.

Altunaren iritziz, Urteberri Egunean Unai Lasori eta Ander Imazi 22-21 irabazi zenioten lehia «mugarri» izan zen. Ados zaude?

Bai. Partida hori oso garrantzitsua izan zen. Haiek nagusi izan ziren partida ia osoan, eta abantailarekin joan ziren. Baina eutsi egin genuen, eta irabazi egin genuen. Haiek sekulako jokoarekin zebiltzan, eta guri konfiantza handia eman zigun haiei irabazteak. Hortik aurrera, oso ondo aritu gara.

Hasieran, partidak gogortuz eta ekinaren ekinez irabazten zenuten. Bigarren itzulitik aurrera, ordea, min handia egin duzue. Aldaketa hori sumatu duzue?

Bai. Lehen itzulian partida batzuk irabazi genituen [zazpitik lau], baina ondo jokatu gabe; ez ginen bete-betean aritu. 22ra iristen ginen, baina batzuetan ez gure lanari esker, baizik eta kontrarioen hutsei esker. Bigarren itzulian, ordea, oso partida onak egin ditugu, osoagoak. Gozatu egin dugu biok: Jokinek aurrean, eta nik atzean.

Inoiz baino gusturago aritu zarete elkarrekin txapelketa honetan?

Bai. Niretzat ikaragarria izan zen elkarrekin jokatu genuen lehen aldia [2017an hasi eta 2018an amaitu zen binakakoa]. Finalerdietara iritsi ginen, baina ez genuen partida bakar bat ere irabazi. Triste geratu ginen. Oraingoan, ordea, kontrakoa gertatu da: behetik gora egin dugu, eta oso ondo iritsi gara azkeneko txanpara. Oso gustura aritu gara elkarrekin, pilotalekuan eta pilotalekutik kanpo.

Nolakoa da Altunaren bikotekide izatea?

Harekin jokatuta, badakizu zuk ondo jokatzen baduzu hark ondo bukatuko duela. Horrek lasaitasuna ematen dizu.

Zer itxura hartzen diozu finalari?

Ziur naiz oso gogorra eta lehiatua izango dela. Haiek oso bolada ona harrapatu dute, eta sasoi betean daude. Oso ondo jokatu beharko dugu irabazi nahi badiegu. Sasoi betean egon behar dugu, lehia borrokatua izango baita.

Non egon daiteke gakoa?

Oso garrantzitsua izango da ondo hastea, adi-adi. Gauzak oso argi izan behar ditugu hasieratik: badakigu haiek non diren indartsuak eta non egin diezaiekegun min.

22-6 galdu zenuten azken partida haien aurka. Akuilu duzue?

Bai. Oso argi dugu irabazi nahi badiegu orduan baino askoz hobeto jokatu beharko dugula. Haiek oso ondo jokatu zuten, eta guk, aldiz, oso gaizki.

Nola ikusi duzu Laso?

Oso ondo. Sekulako txapelketa egin du. Denbora darama joko ikaragarriarekin. Ia ez du gorabeherarik: oso huts gutxi egiten ditu, eta ia dena ondo bukatzen du.

Eta Imaz?

Hark ere txapelketa handia egin du. Oso atzelari segurua da: ia ez du hutsik egiten. Hori gutxi balitz bezala, txisparekin dago, eta min egiten du eskuinarekin pilotari ematen dionean. Zaila da hari nagusitzea.

Txapela irabaziko bazenu, marka lortuko zenuke: atzelarien artean inork ez ditu horren gazte binakakoan bi txapel irabazi. Bazenekien hori?

Ez [barrez].

Seinale ona da hori, gauzak oso ondo egiten ari zaren seinale.

Lan handia egiten ari naiz. Gazteak iristen ari dira, eta, goian eusteko, gogor egin behar da lan. Eta ni gogor ari naiz lanean: batetik, arlo fisikoa, eta, bestetik, pilotalekuko lana. Horrela jarraitu behar dut.

Duela sei urte debuta egin zenuenean espero zenuen halako bidea egingo zenuenik?

Inondik inora ere ez. Lehen Mailako Binakako Txapelketa jokatzea sekulakoa izan zen, baina lorpen handi hori txiki geratu zen aurreneko final haren ondoan, eta zer esanik ez txapelaren ondoan. Orain, bigarren finala jokatuko dut, eta ilusio handia dut bigarrenez txapela irabazteko. Baina hau ez da hemen bukatuko. Jarraitu behar dut gogor entrenatzen, zailena ez baita iristea, eustea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.