Ezequiel Avila, 'Chimy'

Errezetako osagai bizigarria

Osasunaren zaleen kutun bihurtu da Ezequiel Avila 'Chimy', bere nortasun grinatsu eta nekaezinari esker. Suharra bezain erabakigarria da: orain arte sartu dituen bi golek sei puntu eman dizkiote talde gorritxoari. 2023 arte du kontratua.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Tximitxurri saltsa bezain mina da Ezequiel Avila. Horregatik duChimy ezizena. Argentinarrak ondu egin du Jagoba Arrasatek mimo handiz kozinatutako platera. Osasunaren sukaldean beti arrakasta izan duen errezeta bati ari da jarraitzen teknikari gorritxoa, eta aurrelaria da osagai bereizgarria: berez zapore ona duena bizitzen duen hori. Udako merkatuan erosi zioten nafarrek San Lorenzo Almagrori, 2,7 milioi euroren truke, eta, orain artekoak ikusita, ez dira damutuko egindako inbertsioaz. Ate aurrean ez dabil bereziki emankor, baina Avilaren ekarpena golez harago doa. Beti dauka zapalduta azeleragailua, eta, hala, beste martxa bat ematen dio taldearen jokoari.

Futbol partidak esprint amaigabe bat dira San Lorenzo Almagrotik iritsitako jokalariarentzat. Ez dago hura xaxatu beharrik: berezkoa du aurkariak etengabe estutu eta baloi guztien bila lehiatzeko borondatea. Ikustekoak dira haren korrikaldiak. Osasunan jokatzeko jaioa dela dirudi; horregatik, ez da harritzekoa Sadarreko harmailekin berehalako lotura lortu izana. Idolo bihurtu da borrokarako gaitasuna ezaugarri gorentzat daukaten zaleentzat. Edonola ere, argentinarrak gorbata darama lanerako atorraren gainean. Izan ere, kalitate teknikoa ere badu. Hori horrela, funtsezko pieza bihurtu da Arrasaterentzat: titular izan da orain arteko zortzi partidetatik zazpitan, eta hasi eta buka jokatu ditu bost.

Aurrelariak aurkezpen ezin hobea izan zuen Osasunaren elastikoarekin, ligako lehen jardunaldian. Gorritxoek 0-1 irabazi zioten Leganesi, eta bera izan zen golegilea. Baloia area kanpoan jaso, eta eskuinkada indartsu batekin bidali zuen baloia sarera. Jaurtiketa bortitzak dira, hain zuzen ere, argentinarraren espezialitatea. Iragan denboraldian Athletici eta Eibarri sartu zizkion golak ikusi besterik ez dago. Fede itsua du dohain horretan, eta askotan saiatzen da ustiatzen —gehiegitan, usu—. Ordea, jo puntua okertua izan du aurreneko jardunaldiaz geroztik. Kamutsak izan dira areaz kanpoko ahaleginak, eta area barruan ere asmatu ezinik ibili da. Finean, ez da errematatzaile petoa, azken denboraldian Huescarekin hamar gol sartu zituen arren.

Lehortearen erdian, hainbat oker egin ditu Avilak. Eta denek haren izaera suharrarekin dute zerikusia. Gehiegizko grina apaldu ezinik, berekoiegi azaldu da batzuetan, eta zentzurik gabeko hainbat jaurtiketa egin ditu. Ate aurrean hartutako erabaki txarrak ere asalduraren ondorio izan dira; baita orain arte ikusi dituen hiru txartel horiak ere. Kaleratua izateko zorian izan zen Eibar eta Real Madrilen aurka. Edonola ere, gehiago da taldeari ematen diona, kentzen diona baino. Arrasatek den bezala onartzen du: «Beti muga-mugan dago. Halakoa ez balitz, jokalari bat gehiago litzateke».

25 milioiko etete klausula

Gehiago edo gutxiago asmatu, duen guztia ematen du beti zelaian. Tangan ez du erregai apurrik ere uzten. Horiek horrela, ondo bilatutako eta merezitako saria jaso zuen larunbatean, Vila-realen aurka garaipenaren gola erdietsita. Aurrez, buruz burukoa huts egin zuen Asenjoren aurrean, baina ez zuen etsi, eta hortik gutxira sartu zuen 2-1ekoa. Ez zen golik ederrena izan, baina hiru puntu balio izan zuen, Leganesen sartutakoak bezala.

Hanka gihartsuak. Galtza estuak. Tatuajeak. Itxura gogorra dauka Avilak. Potrero-etan goiz eta arratsalde igarota lortzen den hori. Aurrelaria Rosarioko auzo txiro batean jaio zen, eta oztopoz betetako bidea egin zuen eliteko futbolera iritsi ahal izateko. Hastapenean, maiz oinutsik edo zaldiz joan behar izaten zuen entrenamenduetara. Lehen urratsak Tiro Federal apalean egin zituen, eta 17 urterekin Bartzelonara bidaiatu zuen, Espanyolen proba egiteko. Sei hilabete besterik ez zuen iraun bertan, eta hurrengo bi urteak zelaietatik kanpo igaro behar izan zituen, arazo judizialak zirela medio.

Igeltsero lanetan hasi zen, eta futbola behin betiko uztea pentsatu zuen. Haatik, ingurukoen akuilua jaso, eta bere buruari beste aukera bat ematea deliberatu zuen. Bada, balekoa izan zen erabakia. 2015ean San Lorenzo Almagrora iritsi zen, eta 2017an Huescan utzita aritzeko eskaintza jaso zuen. Bi denboraldi eman zituen Espainiako talde horretan, Bigarren Mailan bata, eta onenen artean bestea. Bietan ere, apartekoa izan zen aurrelariaren jarduna, eta aurtengo ekainaren 27an Osasunak ofizialki adierazi zuen hura fitxatu zuela. Argentinarrak 2023ra arte sinatu zuen, eta 25 milioi euroko etete klausula du. Ondo lotua dute gorritxoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.