Literatura. 'Carlos Garaikoetxea, lider bat lehendakari'

Historiarekin solasean

Idazlea: Elixabete Garmendia Lasa. Argitaletxea: Elkar.

2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Honela jasotzen du Elixabete Garmendia Lasak Mirentxu Purroy kazetariak Carlos Garaikoetxeari buruz esandakoa: «Historiari gustatu ala ez, herri hau Garaikoetxearen agintaldian diseinatu zen; orduan bai jakin zutela birplanteamendua egiten; harrezkeroztik ez da berriro herrialdea birpentsatu molde berri eta modernizatzaileetan».

Garmendiak Garaikoetxea lehendakariarekin eta haren ibilbide politikoan eta sozialean era batera edo bestera gurutzatu direnekin edukitako elkarrizketek osatzen dute Carlos Garaikoetxea, lider bat lehendakari liburua. Liburu biografikoa da, baina ez da biografia klasiko bat. Elkarrizketa liburua da beste ezer baino gehiago, munta handiko kazetaritza-lana, duen garrantzia historikoa dela-eta. Ez dakit oso argi zergatik, baina biografia bat irakurtzera nindoalakoan ekin nion liburuari, eta beste zerbait topatu dut.

Garmendiak berak esan du elkarrizketaren batean dibulgazio-liburua dela hau, dibulgatzea duela helburu. Egitekoa betetzen duela esango nuke, eta Garaikoetxea nor izan zen —nor den— eta gure herriaren historian izan duen eragina azaltzeko balio duela liburuak, nahiz eta labur geratzen den batzuetan. Hala eta guztiz ere, emaitza liburu ulerterraz eta irisgarri bat da, deigarria, lehendakariaren bizitza eta ibilbidea ilustratzen duten hainbat argazkiz ere hornitua. Garaikoetxeak politikan egindako ibilbideaz gain haren bizitzaz ere ari da liburu hau, eta hori du zatirik interesgarriena agian.

Garaikoetxearen ahotsa da nagusi, Garmendiak berarekin izandako solasaldiak direnez liburuaren mamia: haren diskurtsoak eta testigantzek hartzen dute liburuan lekurik handiena, kazetariaren galderek denboran aurrera eta auzi batetik bestera daramatelarik jarduna.

Bestelako ahots batzuk ere tartekatzen dira Garaikoetxearenarekin, Garmendiak liburua osatzeko elkarrizketatutako hainbat lagunenak. Horietako batzuk dira, besteak beste, Mirentxu Purroy, Pedro Miguel Etxenike eta Jaime Ignacio del Burgo. Kazetariaren eta elkarrizketatu nagusiaren arteko solasaldiari beste dimentsio bat eransten diote elkarrizketok, dinamika orokorra nolabait hautsi arren, kontakizunari —Garaikoetxearen bizitzarenari, alegia— beste perspektiba batzuk ematen dizkiotenak. Irudipen bera izan dut Garmendiak berak egindako azalpenei —atal bakoitza zabaltzen duten testuak eta noizean behin solasaldietan zehar testuingurua kokatzen dutenak— eta liburua zabaltzen eta ixten duten atalei dagokienez: behar duen beste ahots bat ematen diote testuari, kokatzen duena, zentzua ematen diona.

Asegabe utzi nau batzuetan liburuak. Izan daiteke, Garmendiak berak azken atalean dioen bezala, hari asko uzten direlako tira egin gabe, auzi asko azalean, edo liburuaren izaera dibulgatzailea, laburtasun beharrezkoa, oztopo delako halako pertsona baten bizitza oso-osorik —eta, zuzenean edo zeharka gure herriaren historia hurbilaren puska handi bat— bere baitan emateko. Egia da horretarako beste liburu bat izan beharko litzatekeela hau, eta ez dela, esan bezala, historia osoa ematea lan honen asmoa.

Dena dela, historiaren zati hori, behintzat, eta dagokion perspektiba, bigarren eskuan jasotzen dugunontzat liburu interesgarria izan daiteke, ateak zabaltzen baitizkio hain gutxi eta hain gaizki ezagutzen dugun gure historiaren zati bati.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.