Koronabirusa

EH Bilduk uste du orain ez dagoela baldintzarik hauteskundeak egiteko

Otegik dioenez, herritarren lehentasunak beste batzuk dira. Jarrera hori eramango dute Iñigo Urkulluk ostegunerako antolatu duen bilerara

Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik esan du ez dagoela «baldintza demokratikorik, ezta osasun arlokorik ere» uztailean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko, eta hala jakinaraziko diola Iñigo Urkullu lehendakariari, gai horretaz eztabaidatzeko alderdi politikoekin ostegunean egingo duten bileran. «Ez da hauteskundeez hitz egiteko garaia, orain herritarren lehentasunak beste batzuk direlako», erantsi du.

EH Bilduren Mahai Politikoaren bileraren ostean egin ditu Otegik adierazpenok, agerraldi telematiko batean. Otegik esan duenez, orain eztabaidatu beharreko gaiak beste batzuk dira: «Orain, osasungintzako arazoari buru egiteaz hitz egin behar da, [koronabirusaren] probez, herritarrak, dendariak, enpresa txikiak, langileak eta familiak babestuko dituzten neurriak hartzeaz, eta krisia hasi zenetik pairatzen ari garen anormaltasun demokratikoaz», azaldu du.

Otegiren arabera, koronabirusaren krisia hasi zenetik «errealitate printzipioa, zientzialarien irizpideak eta sen ona» izan dira EH Bilduren iparrorratza horri aurre egiteko. Horregatik, «plan zehatzak» aurkeztu dituzte osasungintzaren arloko krisiari eta krisi ekonomiko eta sozialari erantzuteko, eta legebiltzarra desegin izanak ekarri duen egoerari irtenbidea emateko ere proposamen bat egin dute. «Plan horiek mahai gainean daude, eta Urkulluri eta gainerako eragile politikoei eman dizkiegu», esan du Otegik.

Jarrera «autoritarioa»

Baina proposamen horiei Jaurlaritzak «nepotismoz eta autoritarismoz» erantzun diela salatu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak: «Gobernua gutxiengoan dago, eta gehiengo osoa balu bezala jokatzen ari da». Esan duenez, gobernuak ez du inor aintzat hartzen bere erabakiak hartzeko, «ezta bere bazkideak ere, jakin dugunez».

«Krisi larri honen aurrean ezin da bakarka gobernatu, norbere sokakoekin, beste inorekin ezer kontrastatu gabe», esan du Otegik, eta berretsi egin du EH Bilduk egindako proposamena: gune bat irekitzea «neurriak eztabaidatu eta adostu ahal izateko» alderdi politiko, sindikatu eta enpresaburuekin. «Horrek konponbide erraza du, baina borondate politikoa behar da», azaldu du.

EH Bilduk uste du horiexek direla orain konpondu beharreko arazoak, eta hauteskundetakoa bigarren mailan gelditzen dela: «Gu ez gaude hauteskundeen kontra, eta prest gaude hauteskundeez hitz egiteko. Baina hori ez da orain lehentasuna».

EH Bilduren ustez, ezinezkoa da orain hauteskundeetako data bat ezartzea uztailerako, «inork ez dakielako nolako egoera izango dugun, eta kanpaina egiteko baldintzarik ere izango ote dugun».

Gainera, orain hauteskundeetara deitzeak alderdien arteko «lehia alderdikoia» sartuko luke agenda politikoan: «Gu ez gaude konfrontazioaren kontra; alderantziz, guk gure programa eta egitasmoak aurrez aurre jarri nahi ditugu gainerakoen programekin», esan du Otegi, baina gaineratu du orain lehentasuna «proposamenak egitea, eztabaidatzea eta, ahal bada, adostea» izan behar duela.

Horregatik, horixe izango da EH Bilduk osteguneko bilerara eramango duen jarrera. Urkullu lehendakariak legebiltzarreko indar politiko guztiei dei egin die ostegunean bilera batera,bozak uztailean egiteko egokitasunaz eztabaidatzeko: «Guk esango diogu orain ez dela horretarako garaia», azaldu du Otegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.