jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Angulen begiak

2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Surimia arrainaren haragiarekin egindako masa bat da. Duela ehunka urte sortu zuten, Japonian, soberan geratutako arrainen haragia baliatu ahal izateko. Geroago, XX. mendearen erdian, prozesua industrializatu egin zuten, eta bestelako osagai mordoska bat gehitu zizkioten. Guk ezagutzen dugun surimia, funtsean, benetako produktuak ordezkatzeko egina da: gulak angulen ordez eta txaka karramarro hanken partez. Arrain masari forma, zapore eta kolore ezberdina eman baitakioke. Gulek, hala ere, angulen begiak falta dituzte.

Edozeinek ezin ditu jan angulak, baina angula itxurako masaren bidez haiek jatearen dastamen eta ikusmen lilurakeria izan dezake. Euskal Herriko enpresari batzuek Japonian aurkitu zuten ibaietan eskas eta arrandegietan ezinezko zen luxuzko produktuen ordezkoa.

Antzeko zerbait gertatzen ari da Tokioko Olinpiar Jokoekin. Japoniako Gobernuak eta NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak nahi dutena esango dute, baina Tokiokoak ez dira benetako Olinpiar Jokoak. Kirolarien arteko lehia, bai, benetakoa izango da; hor ez dago gezurrik eta antzerkirik. Prestakuntza eta ahalegina baino ez.

Baina hortik kanpoko ia guztia antzerkia eta atrezzoa da. COVID-19agatik iazko Olinpiar Jokoak urtebete atzeratu eta gero, aurtengoei eutsi egin diete, Tokio larrialdi egoeran badago ere. Pandemia garaian festa bat antolatu dute, hileta giroarekin. Hori bai errealitateari ihes egiteko gaitasuna, hori bai burbuila, eta ez Olinpiar Jokoetan antolatu dituztenak. Japoniarrek harrituta ikusten dute festa antolatu dutela haien herrialdean, gonbidatu atzerritarrentzat.

Tokioko Olinpiar Jokoak, mundu osoko ikuskizun eta ekitaldi gisa, surimia dira. Gulak. Japoniako Gobernua eta NOB gulei begiak margotzen ari badira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.