DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Eguzki izpien magalean bertsotan

Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi eta Eli Pagola Donostiako hiri ereduaz, segurtasun faltaz eta presoen ongietorrien eztabaidaz aritu dira, besteak beste, Easo plazako bertso saioan.

Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Eli Pagola eta Aitor Mendiluze aritu ziren bertsotan atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Aulki tolesgarriak txukun jarrita daude Easo plazan, eguzkipean; karratu forma osatzen dute kioskoaren parean. Apain egonagatik, ordea, jendea izkinetan, itzalpean dauden banku finkoetan ari da esertzen. «Gaur ere aterkiak beharko ditugu», esan du, txantxetan, mikrofonoen probak egiten ari den soinu teknikariak. Saioa hasterako, karratuforma desegin dute entzule batzuek; itzalpera eraman dituzte ekitaldirako eramandako aulkiak.

12:30ean hasi da Easo plazako bertso saioa. Beñat Gaztelumendi, Eli Pagola, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze bertsolariak oholtzara igo dira, Imanol Artola Felix gai jartzailearen atzetik. Agur bana kantatu dute, eta parean daukaten Amarako tren geltokiari egin dio keinua Martinek, «topogunea topagune bihurtu dezagun» esanez.

Lau bertsolariek udako berotasuna jasateko zer trikimailu erabiltzen duten azaldu behar izan dute lehenik: Gaztelumendik «Nere etxetik ez naiz irteten/ eguzkia gorde arte» esanez amaitu du, eta Mendiluzek entzuleak barrez jarri ditu, beroari aurre egiteko sagardoa edatea proposatuz: «Freskatzeko lain edan behar da/ berotzera heldu arte».

Aulki bat itzalera eraman dutenetako bat izan da Mikel Vesga donostiarra. Urtero joaten da Easoko bertso saioaz gozatzera, eta atzo itzalpean hartu zuen gotorlekua. Saio honek Donostian giro euskalduna bultzatzen duela adierazi du Vesgak, eta gehiagotan ere gustura ikusiko lituzkeela: «Bertso saio gehiago eskertuko nituzke».

Bertsolariek egitarau ofizialeko musika eskaintzaz ere jardun dute: Saguesko bederatzi kontzertuen artean, bi dira euskaraz. Mendiluzek Donostiako hiri eredua kritikatu du: «Pentsatu beharko da/ horren aitzakian/ hau noiz den Donostia/ ta noiz San Sebastian»; Pagolak, berriz, piratei jarritako oztopoak ekarri ditu gogora: «Nahi bada erderazko/ joera haustea/ bide bat litzateke/ egiten uztea».

Woody Allenen bisitaz eta presoen ongietorriekin piztutako eztabaidaz ere kantatu dute. Baina umoreak izan du bere lekua: parranda giroan eta Kontxako zeharkaldian ezinean dabilen igerilariaren rolean sartuta ibili dira.

Jarraian, barrura begira jarri dute Mendiluze: plazetako esperientziagatik dena kontrolpean duela eman dezakeela esanez, eta hala ote den galdetuz. Publikoarekin ez konektatzeko beldurraz, segurtasun gabeziez, zalantzez eta kezkez aritu da andoaindarra: «Ehun saio egin ta gutxitan/ noa etxera gustora/ beti pentsatuz gaur bale baina/ bihar hobe izango da».

Bukatzeko, Martinek eta Pagolak eguzkitan aterkiarekin saio osoa entzun duten hiru pertsonari egin diete erreferentzia: «Guk bukatu ezean/ botako gaituzte». Bihar beste saio bat egingo dute Uxue Alberdi, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus eta Asier Azpirozekin, Easo plazan, 12:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.