Koronabirusa

AstraZeneca nahi dutenak itxaron zerrenda batean sartuko ditu Osakidetzak

Jaurlaritzaren arabera, herritar horiek txertoa hartuko dute, «betiere dosirik baldin badago». Nafarroan ez dute aparteko arazorik espero

Juanma Gallego.
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
COVID-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia hartzeko zain zeuden 60 urtetik beherako herritarren txertaketari ekingo dio berriz Osakidetzak. Atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik iragarritakoaren arabera, astelehenetik deitzen ari dira funtsezko jardueretan ibilitako langileak, txertatzeko ordua emateko. Dei horietan, Pfizer markako txertoa jartzeko aukera eskaintzen ari zaie herritarrei.

Joan den astean Espainiako Osasun Publikoko Batzordean erabakitakoari jarraikiz, bi markak nahastu beharrean AstraZenecaren bigarren dosia nahi dutenei hori egiteko atea ireki diete, baina Sagarduik iragarri du hautu hori egiten duten herritarrak itxaron zerrenda batera eramango dituztela. Are, Jaurlaritzak zabaldutako ohar baten arabera, Osakidetza «aurrerago» jarriko da herritar horiekin harremanetan, «betiere dosirik baldin badago». Horrez gain, ataka horretan dauden herritarrek beren erabakia jasotzen duen baimen informatu bat eraman beharko dute txertoa hartzera joaten direnean. Inprimakia Osakidetzaren webgunean eskuratu daitekeela erantsi du Sagarduik.

Nafarroan, Osasunbideak iragarri du afera horren karira atzeratutako orduak berreskuratzen hasiko dela aste honetan. Iragarri dutenez, bihartik aurrera hasiko dira ordua ematen 8.000 pertsona ingururi, SMS bidez. Ekainaren hasieran, multzo horretan dauden gainerako 12.000 inguru herritarrei ere ordua emango diete.

Osasunbidearen arabera, ekainean bukatutzat eman ahal izango dute funtsezko jardunetan aritutako herritarren immunizazioa, txertaketa kanpainan «ondorio esanguratsurik» eragin gabe. Baldintzak berberak dira: Pfizerrena hartu beharrean AstraZenecaren txertoa hartzea nahiago dutenek baimen informatu bat sinatu beharko dute.

Adin tarte berriak

Txertaketa kanpainari dagokionez, 50-54 urte bitarteko herritarrak txertatzen hasiak dira Nafarroan. Adierazi dutenez, jasotako txertoen %99,2 ipini dituzte dagoeneko. Adin tarteei dagokienez, 80 urtetik gorako guztiek dute gutxienez dosi bat hartua; 70-79 urte bitartekoen artean, %98k; 66-69 tartean, %93k; 60-65ean, %89k; eta 55-59 adin tartean, %80k.

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, 16 urtetik gorako herritarren %47k gutxienez dosi bat hartu dute orain arte, eta populazio horren %22 inguruk pauta osoa hartu dute dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.