EAJk Madrili eskatu dio Europako funtsetan euskarari lekua egiteko

Aitor Esteban EAJko Kongresuko diputatuak salatu du programaren 1.100 milioi euroetatik bi baino ez direla bideratuko euskarara

Aitor Esteban EAJren diputatua, atzo, kongresuan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
EAJk ez du babestuko hizkuntzaren ekonomia berriaren ESEPEa, baldin eta Espainiako Gobernuak ez badie horretan aurrekontuaren zati handiagoa ematen gaztelera ez gainerako hizkuntzei, EAJk Espainiako Kongresuan duen eledun Aitor Estebanek adierazi duenaren arabera. «ESEPE hau bidegabea da. Ez zarete inolako akordiotara iritsi ez Eusko Jaurlaritzarekin eta ez Euskaltzaindiarekin. Eskatzen dizuegu eredua aldatzeko eta hizkuntza guztietarako balioko duen zerbait garatzeko», adierazi die gobernuko ordezkariei, eta, bereziki, Nadia Calviño Ekonomia ministroari.

Europako Batasuneko Next Generation funtsak banatzeko Madrilek garatutako programak dira ESEPE edo ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoak. Horietako bat hizkuntzara bideratu du Espainiako Gobernuak. «ESEPE hau gazteleraren eta hizkuntza koofizialen potentzialtasuna aprobetxatzeko aukera moduan planteatu da hazkunde ekonomikorako eta nazioarteko lehiakortasunerako, adimen artifiziala, itzulpena, irakaskuntza, dibulgazio kulturala, ikus-entzunezko ekoizpena, ikerketa, zientzia eta beste eremu batzuetan». EAJk, ordea, salatu du plan horretarako 1.100 milioi euroetatik 30 baino ez direla gaztelera ez gainerako hizkuntza koofizialentzat, eta bi baino ez euskararentzat.

Estebanek adierazi du «egunerokoa euskaraz egiten dutenek» eskubidea dutela ESEPEaren funtsak jasotzeko. Programa horren asmoa gaztelera indartzea dela kritikatu du. Hala erakusten du programaren izenak berak, haren arabera, hizkuntzei ez baizik hizkuntzari egiten baitio erreferentzia, «singularrean». «ESEPEaren ardatz sektorialak hartuz gero, ez da beste hizkuntzez hitz egiten», salatu du, eta galdetu: «Nork behar du laguntza gehiago: gaztelerak, munduan 600 milioi pertsonak hitz egiten duten hizkuntza horrek, edo euskarak, zeina hamarkadetan eskolatik kanpo egon baita eta minorizatua izan baita?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.