Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Urkulluk dio«oinarri nahikoa» badela PSErekin koalizioa errepikatzeko

EH Bilduk esan du politikak aldatzeko «gehiengo berriak» behar direla. Ahal Dugu-k «proiektu alternatibo bat» proposatu du krisitik irteteko

Iñigo Urkullu, joan den ostiralean, Kobaronen (Muskiz, Bizkaia). M. RAMIREZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
EAJk hauteskundeak irabazten baditu, Iñigo Urkullu lehendakariak PSE-EE izan nahiko du berriro Eusko Jaurlaritzarako bazkide. EAJren eta PSEren arteko koalizio formula errepikatzearen aldekoa da lehendakaria, eta uste du «oinarri nahikoa» badagoela sozialistekin akordioa berritzeko, bi alderdien arteko harremana «positiboa» izan delako instituzio askotan. EAJ-PSE koalizioa errepikatzearen alde argi eta garbi mintzatu da Urkullu Europa Press agentziak antolatu duen topaketa digitalean. Adierazi du bere nahia dela EAJk «garaipen ahalik eta zabalena» lortzea, baina aitortu du «ezinezkoa» dela alderdi bakar batek gehiengo osoz irabaztea, eta itunak egin beharko direla. «Oxala zenbakiek gehiengo osoa emango balute koalizio gobernua osatu ahal izateko». Joan den legealdian, EAJk eta PSEk 37 eserleku zituzten Eusko Legebiltzarrean: boto bakarra falta zuten gehiengo osoa izateko.

Jeltzaleek ez ezik, Elkarrekin Podemosek ere bazkide gisa nahi ditu sozialistak, EH Bildurekin batera hiruko bat osatzeko. Ordea, Urkulluk ez du egingarri ikusten indar progresisten arteko akordio hori, eta gogor kritikatu du: «Ezker-eskuin ardatza eskema erabat zaharkitua eta anakronikoa da».

Lehendakariaren iritziz, bozak «erabakigarriak» izango dira koronabirusak eragindako krisitik irteteko. Gainera, adierazi du «herri akordioak» beharko direla izurriaren osteko garai «latzei» aurre egiteko.

EH Bildu «indartsu» bat

EH Bilduk, berriz, indarrean dauden politiken «norabidea» aldatu nahi du. «Herri hau altxatzeko eta norabidea aldarazteko, ez dute balio betiko politika eta inertziek. Erantzun berriak behar dira», adierazi du Maddalen Iriarte koalizioko lehendakarigaiak. Hark azaldu duenez, EH Bildu «indartsu» batekin bakarrik eraiki ahal izango dira«gehiengo berriak» herri «justuago, indartsuago eta askeago bat» lortzeko. Aurrera begirako lehentasunen artean hauek jarri ditu EH Bilduk: administrazio publiko «indartsua» izatea, eta baliabide material eta ekonomikoez hornitzea osasuna, hezkuntza, enplegu politikak eta industria politikak.

PSEk hauteskunde kanpainarako iragarki berria aurkeztu du. Elkartu erantzunen taldera lelopean, sozialistek 30 segundoan laburbildu dituzte euren proposamenak, besteak beste enplegurako, Osakidetzarako, eskola digitalerako eta etxebizitza eskubiderako. «Etorkizuna eraikitzea dagokigu, inor atzean utzi gabe», dio iragarkiaren mezu nagusiak.

Pilar Garrido EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile berriak azpimarratu du ezinbestekoa dela ezkerreko gobernu progresista eratzea EH Bildurekin eta PSErekin batera. «Krisitik irteteko proiektu alternatiboa behar dugu, Confebaskeko interesetatik aldenduko dena eta gehiengo sozialaren interesetara hurbilduko dena».

PP+C's koalizioko lehendakarigai Carlos Iturgaitz Muskizen (Bizkaia) egon da, Pablo Casado PPko presidentearekin batera, Petronorreko instalazioak bisitatzen. Han, adierazi du lan egingo duela nazioarteko merkatuek «Euskadirekiko konfiantza berreskura» dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.