800 hektareako instalazio fotovoltaiko bat egin nahi du Jaurlaritzak Legution

EH Bilduk salatu du Lurralde Plangintza eta Ingurumen sailetan energia berriztagarrien instalazioak antolatzen dituzten planak ez datozela bat

Eguzki plaka batzuk, artxiboko argazki batean. KAI FÖRSTERLING/ EFE.
jone arruabarrena
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Azkenean argitu dute zer egin nahi duen Eusko Jaurlaritzak Legutio eta Gasteiz arteko lurrekin: 800 hektarea izango dituen instalazio fotovoltaiko bat. Tamaina horretako bi eremu hartu ditu plaka fotovoltaikoak ezartzeko, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez; Gasteiz eta Agurain arteko lurrak hartuko dituzte instalazio horretarako.

Duela aste batzuk zabaldu zen Jaurlaritzak energia berriztagarriak ezartzeko hartu zituela Legutio inguruko lurrak. «Horri buruzko galderak egiten hasi ginen, baina Jaurlaritzatik esan ziguten ez zekitela ezer», azaldu du Oterok. Orain, ordea, adierazi du Araba Zentraleko Lurralde Plan Partzialaren aurrerapena eskuratu dutela, eta bertan argitzen da zertarako baliatu nahi dituen Jaurlaritzak lur horiek.

EH Bilduko legebiltzarkideak atzo eman zuen prentsaurrekoan planaren hutsuneak nabarmendu zituen: «Fotovoltaikoen alde egiten du planak oso modu argian. Eolikoarentzat gaur egun dagoenaren birpotentziazio bat soilik egiten du, eta ez da aurreikusten parke eoliko berririk».Esan du «nekazaritzarako lur egokiak» diren eremuak ere erabiltzea aurreikusten duela plan berriak, eta Jaurlaritzak gehiegizko espazioa hartu duela iritzi dio: «Gigantismo hori ekidin eta eskala arrazional batean eraiki beharko litzateke».

«Deskoordinazioa»

Oterok azaldu du plangintza berrian erabili dituzten irizpideak «interesgarriak» direla: «EH Bilduk Arabarako egin dituen proposamenetatik oso gertu dago plangintza berria». Hala ere, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean Arantxa Tapia lantzen ari den Berriztagarrien Plan Sektorialarekin ez datorrela bat azaldu du, eta horrekin batera bi sailen arteko «deskoordinazioa» salatu du: «Arriolaren eta Tapiaren departamentuak berriztagarrien bi plangintza ezberdin egiten ari dira: ez daude koordinatuta. Tapiaren planean eolikoak aurreikusten dituzte, eta bestean ez. Irizpide ezberdinak dauzkate».

Azaldu duenez, horrek ondorio larriak ekar ditzake etorkizunean, udalei eragiten baitiete bi plangintzek: «Bi planek beren artean talka egiten dutenean, nori egin behar diote kasu udalek?». Bi sailei eskatu die elkarrekin ados jarri eta «proposamen argiak» egiteko: «Lurraldea ordenatu ordez, nahasmena areagotzen ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.