Preso bat hil da Zaballan, aurtengo hirugarrena

Herenegun aurkitu zuten, eta otsaileko beste baten berri eman dute. Espetxeetako Zuzendaritzak uste du beren buruaz beste egin dutela

Funtzionario bat Zaballako espetxean, ireki zutenean, 2012an. JUANAN RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Azken asteetan bi preso hil dira Zaballako espetxean (Araba); azkena, herenegun. Otsailean beste bat zendu zen. Aurten, hiruk galdu dute bizia kartzela horretan. Azkenengo biak atzo baieztatu zituen Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak. Herenegun hildakoa eguerdiko zenbaketan aurkitu zuten bere ziegan. Otsailekoa, goizeko zenbaketan. Biek «ustez» bere buruaz beste egin zuten. Biak dira gizonezkoak. Espetxe Zuzendaritzak ez du informazio gehiago eman nahi izan, «hildakoen eta euren familien nortasunak babestearren», azaldu duenez, eta kasuak «judizializatuta» daudelako. Adierazi du hilda aurkitu zituzten egunean bertan abisatu zituztela senideak eta Gasteizko Epaitegia.

Aurtengo lehen hildakoaren harira, Salhaketa elkarteak azpimarratu zuen Espetxe Zuzendaritzak utzi egin diola heriotzen berri emateari; salatu zuen azken urteetan hildakoen %10 baino ez dituela jakinarazi. Horrez gain, kritikatu zuen kartzeletako arduradunek familiei informazio eskasa ematen dietela heriotzak argitzeko dituzten eskubideen inguruan, eta neurriak eskatu zituen hori konpontzeko; besteak beste, fiskalak ofizioz ikerketa abiatzea.

Aurten, urtarrilaren 17an hil zen aurreneko presoa Zaballan: 28 urteko gizon bizkaitar bat. Funtzionarioek familiari jakinarazi ziotenez, droga gaindosi baten ondorioz zendu zen. Salhaketak azaldu zuen espetxeko arduradunek aukera izan zutela heriotza saihesteko , ziegako kideak droga jaso zuen susmoa baitzegoen kartzelan—hark ere izan zuen gaindosia—.

Orduan ere Salhaketak nabarmendu zuen espetxeetan gertatzen diren heriotza gehienak ez direla naturalak, eta suizidioen kasuetan eta droga gaindosiek eragindakoetan erakundeak ere erantzuleak direla: heriotzak saihets ditzaketela uste du. Datu bat eman zuen: Espainiako Estatuko espetxeetan dauden presoen %80k daukate droga mendekotasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.