Arabako Auzitegiko buruak esan du 'De Miguel auziko' epaia atzeratu egingo dela

Mercedes Gerrerok azaldu duenez, «oso zaila» ari da izaten sententzia osatzea. Azken zehaztapenen faltan, Gabonak baino lehen espero dute

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Iazko urtarrilaren 8an hasi zen Arabako Probintzia Auzitegian EAJko hainbat kide ohik ustez gidatutako legez kanpoko komisioen tramari buruzko ahozko epaiketa, eta urte bereko abenduaren 19an epaiaren zain geratu zen auzia. Ordutik ari dira epaimahaiko kideak ebazpena prestatzen, baina uste baino gehiago luzatzen ari zaie lana. Izan ere, aurtengo udazkenerako espero zen epaia —urrirako esan zuten—, baina atzo goizean Mercedes Guerrero Arabako Probintzia Auzitegiko presidenteak Radio Vitorian jakinarazi zuen «atzeratu» egingo dela ebazpena, eta urtea amaitu arte ez dutela kaleratuko: «Urrian ez da posible izan, eta ez da posible izango». Guerrerok ez du datarik eman, baina esan du epaimahaikideak «azken zehaztapenak» ari direla lantzen, eta udazkenaren amaiera aldera espero dutela epaia prest izatea. Haren aurreikuspenen arabera, «Gabonak baino lehen» egongo da sententzia. Epaileak aitortu du «oso zaila» izaten ari dela sententzia egitea, auzia «oso konplexua» delako.

Urrirako espero zen sententzia, baina ez zen espero urrian jakinaraztea Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egingo direla azaroaren 10ean. Sententzia atzeratzeko benetako arrazoia hori ote den galdetuta, garbi erantzun du Guerrerok: «Epaileok ez gara mugitzen egutegi politikoaren arabera. Gure egutegia ezberdina da».

De Miguel auzia da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako inoizko ustelkeria epaiketarik handiena: 26 akusatu daude. Akusatu nagusia Alfredo De Miguel EAJren ABBko kide ohia da, eta fiskalak 29 urteko kartzela zigorra eskatua du harentzat —Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano dira EAJren ABBko beste burukide ohiak—. Legez kanpoko komisioak jaso eta hirigintza operazioekin iruzurra egitea egozten diete Alfredo de Migueli eta beste 25 laguni. Denera, hamaika delitu egozten dizkiete, tartean eroskeria, dirua zuritzea, dokumentuak faltsutzea eta prebarikazioa. 2009ko abenduan irten zen argitara De Miguel auzia; Ainhoa Alberdi abokatu eta enpresariak fiskaltzaren aurrean salaketa jarri zuelako eskatu zizkioten komisioen harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.