Nafarroak %0,9ko defizita hitzartu du Espainiako Gobernuarekin 2022rako

Egonkortasun legea etenda dagoenez, helburu hori ez betetzeak ez du zigorrik eragingo. Zor publikoak %19,1etik %16,7ra jaitsi beharko du

Elma Saiz kontseilaria. JESUS DIGES / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroak aukera izango du datorren urtean ere aurrekontu hedakor bat egiteko. Datorren urterako BPGaren %0,9ko defizit bat hitzartu du Espainiako Gober- nuarekin, iaz izan zuenaren antzekoa (-%0,95). Eurotan, gutxi gorabehera 190 milioi euroko zuloa egin ahal izango du Iruñeko gobernuak.

Hitzartutakoa, berez, ez da derrigorrez bete beharreko kopuru bat, «erreferentziazko» zenbaki bat baizik. Hau da, ez betetzeak ez du zigorrik eragingo. Izan ere, koronabirusaren krisiaren kalteei aurre egiteko, Europako Batzordeak aurrekontu diziplinarako neurriak eten ditu gutxienez 2022ra arte, eta Espainiako Gobernuak ere gauza bera egitea erabaki du haren menpeko administrazioekin.

Nafarroako Gobernuak nabarmendu duenez, bere defizita erregimen komuneko erkidegoena baino hiru hamarren handiagoa izango da. Nabarmen txikiagoa da, ordea, Eusko Jaurlaritzak lotutakoarekin alderatuz gero, azken horrek %2,2ko defizita hitzartu baitzuen.

Zorrari dagokionez, 2022aren amaieran BPGaren %16,7ko zorra eduki ahal izango du Nafarroako Gobernuak. Iazko kopurua baino gutxiago da hori —%19,1ekin itxi zuela diote Espainiako Bankuaren datuek—, baina kontuan hartu behar da ehuneko hori barne produktu gordinak %8,5eko uzkurtze bat izan zuenean lortu zela. Hots, aurtengo eta datorren urteko hazkunde ekonomikoak automatikoki asko jaitsi beharko lukeela zorraren ehunekoa.

Akordioa «azken orduetan» lotu dute Elma Saiz Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Ines Maria Bardon Espainiako Ogasun idazkariak. Hitzartutakoa berretsi beharko du orain Hitzarmen Ekonomikoaren koordinazio batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.