Bilboko portuko zamaketariek grebara joko dute urriaren 9an

Ez dute akordiorik lortu BilboEstiba elkarteko enpresekin abuztuan hasitako negoziazio prozesuan, eta lanuzteak egitera deitu dute berriz

Bilboko zamaketarien protesta ekintza bat, 2017ko greban. MIGUEL TOÑA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Bilboko portuko zamaketariek grebara joko dute urriaren 9tik aurrera, eta bi orduko eta egun osoko lanuzteak tartekatuko dituzte hamasei eguneko epean. Astelehenean sartuko dute abisua, eta legeak ezartzen dituen hamabost egunak betetzen direnean ekingo diete lanuzteei. Sei asteko negoziazio prozesua izan dute BilboEstibako lau zamaketa enpresekin —Toro y Betolaza, Berge, S.L.P. eta Txinako Cosco—, eta ez da akordiorik lortu. Azkeneko bilera ostegunean egin zuten, eta sindikatuak mahaitik altxatu ziren. Lan baldintza berriak negoziatzen ari dira, eta enpresa duela urtebeteko eskaintzara itzuli dela diote. Langile batzordeko sindikatu guztiek babestu dute mobilizazioa: Coordinadora, UGT, LAB eta KAIA-Bes eta ELA.

Zamaketariek hainbat iraupeneko etenaldiak tartekatuko dituzte portuko agintaritzarierakusteko negoziazio borondatea dutela. Urriaren 9an bi orduko lanuztea egingo dute; 10ean eta 11n, egun osokoa; 13an, bi ordukoa berriz; 14an, 15ean, 16an, 17an eta 18an, egun osokoa; 19an eta 20an, bi ordukoa; eta egun osokoa 25era arte, hura barne. Iragan abuztuan beste greba deialdi bat egin zuten, baina hasi bezperan bertan behera utzi zuten «negoziazioak errazteko». Negoziazio horiek, baina, ez dute fruiturik eman.

Europako legedia aldaketa dela medio —jarduna liberalizatu zuten maiatzean—, zamaketariek goitik behera aldatu behar dute lanaren antolaketa: txandak, soldatak... Eta enpresa eta langileen arteko jarrerak urrun daude. Esaterako, langileek egun 235 jardunaldi egiten dituzte urtean, eta BilboEstibak 250era igo nahi ditu, baina soldata berarekin.

Langile kopurua da beste talka puntu bat. Finkoak 320 dira, eta 2008az geroztik murriztuz joan da kopurua, orduan 408 baitziren. Erretiroen poderioz, finko kopurua murrizten ari da, eta zamaketariek kontratazio gehiago eskatu dituzte. Finkoekin batera behin-behineko langileen poltsa bat dago, eta kontratazioak hortik egitea nahi dute. Hamabi urte dira BilboEstibak ez duela langile finkorik kontratatzen, eta, tarte horretan behin-behinekoak 60 izatetik 112 izatera igaro dira.

Gaur egun, EPZ Enplegurako Portuko Zentroak kudeatzen du langileen jarduna, eta BilboEstibak hura desegiteko mehatxua jarri du mahai gainean negoziazioetan. Akordiorik ezean, grebak eragin handia izango luke, azken asteetan erritmo onean ari baitira lanean portuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.