ELA eta LAB ez dira gai eragiteko, Sordoren ustez, «eta itxurak egiten daude»

Lan eskubideak berreskuratzeko prozesutik kanpo daudela esan die sindikatu abertzaleei. Idoia Mendiak mahai sozialean eserita nahi ditu

xabier martin
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
ELA eta LAB ez dira ados jarri Maiatzaren Lehenaz geroztik helarazitako greba orokor posible baten deialdiari dagokionez. Porrot horren ostean, beste eragile batzuek azpimarratu dute sindikatu abertzaleen ezina. Kasurako, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendiak esan die ez dela «une egokia» greba bat egiteko, eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaira itzultzeko eskatu die, han hartzen dituzten erabakiek «benetako ondorioak dituztelako ekonomia produktiboan». Espainiako CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok, berriz, kritika gogorra egin die ELAri eta LABi. Haien artean «ika-mika» gertatzen da, haren ustez, «zerbaitetan eragiten dutelako itxurak» egin behar omen dituztelako.

Hego Euskal Herrian gehiengo sindikalak deitzekoa zuen mobilizazio handia ezinezkoa da gaurkoz, gehiengo horren hanka batek, LABek, uko egin diolako lanuzte handiari, ezin izan baitu adostu egun bat ELArekin. Hark ez du nahi izan 2021. urtea amaitu baino lehen deitu, Madrilen egiten ari diren lan erreformaren prozesuarekin lotu duelako greba. Edonola ere, Mendiak esan die ez dela mobilizazio handiak deitzeko abagunea. «Eser daitezela Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, hitz egiteko, negoziatzeko eta akordioak egiteko».

Esker ona Confebaski

Sailburuak jakin ondo daki sindikatu abertzaleek uko egin ziotela aspaldian mahai horretan egoteari, «patronalaren politikei zilegitasuna emateko propaganda tresna» gisa ikusten dutelako, eta mahaiak ez duela, hortaz, ordezkaritza sindikalaren gehiengorik. Hala ere, Mendiak esker ona azaldu die CCOO eta UGT sindikatuei eta Confebask patronalari, «eskuzabaltasunez» ekiten dietelako arazoen konponbideak bilatzeari mahai sozialean. «Pena da», Mediarentzat, ELA eta LAB «gai ez izatea ulertzeko elkarrizketa soziala dela biderik onena, denok goaz-eta ontzi berean».

Mahaiaz harago, Lan sailburuak onartu du «etengabeko harremana» duela sindikatu guztiekin, eta erantsi du harreman «ona» duela sindikatu guztietako buruekin. Berretsi du, halaber, Espainiako Gobernuak lan erreforma aurrera aterako duela urtea amaitu aurretik. «Pedro Sanchezek iragarpena egiten du, konpromisoa hartzen du, eta bete egiten du».

Mendiak ELA eta LAB estu hartzeko egindako saioak bidaide izan du CCOOko idazkari nagusi Unai Sordoren kritika gogorra. Sordok esan du sindikatu abertzaleen artean «ika-mika» gertatzen dela «zerbaitetan eragiten dutelako itxurak» egin behar dituztelako. «Lan eskubideak berreskuratzeko prozesuan» ez dute zerikusirik ELAk eta LABek, Sordoren arabera, eta azken egunotako desadostasunak «beren arteko lehiaren» parte gisa ulertzen ditu.

Lan erreforma negoziatzen ari den gidariak uste du CCOOk ez duela «mobilizazioa abandonatu», baina bere estrategia «negoziazioarekin» lagundu duela beti. «Urduri daude», esan du Sordok, ELAri eta LABi erreparatuz; «hamarkada askoan gertatu den prozesurik indartsuena gertatzen ari da, lan eskubideak berreskuratzeko», erantsi du, eta ELA eta LAB prozesu horretatik kanpo kokatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.