EBko hainbat estatuk gatazketan esku hartzeko indar bat sortuko dute

Frantziak sustatu du talde militarra. Europako Batasunaren eta NATOren aginpidetik kanpo jardunen luke, «mugen inguruko krisietan»

mikel rodriguez
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuneko bederatzi estatuk indar militar bateratu bat sortzeko asmoa adierazi zuten atzo, Luxenburgon eginiko ekitaldi batean. «Gure ustea da europarrok azkarrak izan beharko genukeela, gehiagorako gai, gure burua eta gure burujabetza babesteko gai», adierazi zuen Florence Parly Frantziako Defentsa ministroak. Frantzia izan da talde horren sustatzaile nagusia, eta helburutzat paratu diote «Europaren mugaren inguruko krisietan» esku hartzea. Nahiz eta EBko herrialdeek osatuko luketen, ez luke Bruselaren aginpiderik jarraituko, eta NATOtik kanpo jardunen luke.

Azken urteotan, Malin esku hartu ondoren (2013), Frantzia saiatu da Europako aliatuekin koordinazio bat lortzen abentura militarren karga osorik bere gain ez hartzeko, eta, aldi berean,AEBen edo NATOren beharra gutxitzeko —Libian eduki zuen bezala, errate baterako (2011)—. EBko kideek iaz Pesco Lankidetzarako Egitura Iraunkorra aurkeztu zuten, defentsa politika bateratu bat ezartzeko lehenbiziko egitura, baina horrek ez zituen Parisen nahiak gogobete, bertzeak bertze Erresuma Batua ez delako Pescoren kide izanen, eta, gainera, EB bera uztekotan delako. Hori dela eta, Frantziak betebehar handiagoa izanen du EBren etorkizuneko defentsa proiektuan; hortaz, Emmanuel Macron presidentea nola-ahala saiatu da Erresuma Batua Europako proiektu militar komun batean sartzen.

Macronek irailean eman zuen hitzaldi batean adierazi zuen indar militar berezi bat sortzeko asmoa zuela. Alemania eszeptiko zegoen Frantziaren ekinbidearekin, nahiago baitzuen EBren aginpideari jarraituko liokeen indar bat sortu. Ez da hala izanen, baina, hala ere, Berlinek bat egin du Parisekin eta Londresekin. Hiru horiekin batera, Europako Esku-hartze Ekinbidea osatuko dute Belgikak, Danimarkak, Espainiak, Estoniak, Herbehereek eta Portugalek.

Maliko esku-hartzea

Dena den, Luxenburgoko atzoko bilkura Pescoren arauak eta kudeaketa hitzartzeko zegoen antolatuta. Agentzia horretako 25 estatuek —Erresuma Batuaz gain, Danimarka eta Malta ere ez dira horren kide— eta Federica Mogherini EBren diplomazia arduradunak parte hartu zuten. Uztailean bertze bilkura bat eginen dute, «helburu zehatzagoekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.