Londresek ez ditu emango Saudi Arabiari armak saltzeko lizentzia berriak

Auzitegi batek ebatzi du Erresuma Batuak salmentarako betetako prozedura «ilegala» izan dela. Gobernuak helegitea jartzeko asmoa du

Hiru yemendar Sana hiriburuan txikitutako eraikin batean. AHYA ARHAB / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Auzitegi batek behartuta, Erresuma Batuak oraingoz ez ditu emango Saudi Arabiari armak saltzeko lizentzia berriak. CAAT Armen Salerosketaren Kontrako Kanpaina erakundearen salaketa bati erantzunez, Erresuma Batuko Helegite Auzitegiak ebatzi du «ilegala» izan dela Nazioarteko Merkataritzako Departamentuak Riadi armak saltzeko erabili izan duen prozedura. Atzo kaleratutako epaiaren arabera, gobernuak ez du «inongo ebaluazio eztabaidaezinik» egin egiaztatu ahal izateko ea Saudi Arabiak gidatuko koalizioak nazioarteko lege humanitarioa urratu duen Yemengo gerran.

Epaiaren berri eduki eta berehala, Liam Fox Nazioarteko Merkataritzarako idazkariak adierazi zuen gobernuak ez dituela lizentzia gehiago emango auzia bukatu bitartean erreinuari armak saltzeko. Hori bai: Downing Streeteko 10. zenbakiak helegitea jartzeko asmoa dauka. Bozemaramaile batek azpimarratu zuen «desengainua» hartu dutela erabakiarekin.

CAATeko bozeramaile Andrew Smithek epaia txalotu zuen. Dena den, nabarmendu nahi izan zuen justiziara jo behar izan dutela «gobernuak bere arau propioak bete ditzan». Izan ere, gobernuaren arautegiak dioenez, debekatuta dago armak saltzea «baldin eta nazioarteko lege humanitarioa urratzeko erabilzeko arriskua badago».

Armed Conflict Location & Event Data Project datu baseak jakinarazi berri duenez, gutxienez 91.600 pertsona hil dituzte 2015ean Yemenen gerra hasi zenetik. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Saudi Arabiak eragin ditu heriotza horien bi heren. «Saudi Arabia munduko erregimenik errepresiboenetako eta basatienetako bat da, eta, halere, dozenaka urtez izan da Erresuma Batuko armen erosle nagusia», salatu zuen Smithek.

Bakearen Ikerketarako Stockholmeko Nazioarteko Institutuaren arabera, Erresuma Batua da Saudi Arabiari arma gehien saltzen dizkioten herrialdeetan bigarrena, AEBen atzetik. Saudi Arabiari armak salduta, Erresuma Batuak 5.000 bat milioi euro irabazi ditu 2015az geroztik; hau da, armen esportazioaren %40 Riadera joan da. Batik bat borrokarako hegazkinak eta gidatutako bonba zehatzak saldu izan dizkio.

Epaiak ez du esan nahi jada sinatuta dauden kontratuak eten egin behar direnik. Ebazpenak dio «berriro» ebaluatu behar direla emandako lizentziak, eta, Saudi Arabiaren jarrera kontuan hartuta, komeni dela «etorkizuneko arrisku posibleak aztertzea».

Bien bitartean, Alderdi Laboristak gobernua kritikatzeko baliatu zuen abagunea. Emily Thornberry Komunen Ganberako diputatuak auziari buruzko «ikerketa parlamentario bat» exijitu zuen. Haren esanetan, ministroek ez ikusiarena egin diete Saudi Arabia nazioarteko lege humanitarioa urratzen ari zela egiaztatzen zuten frogei.

Debekua Trumpi

Saudi Arabiari armak saltzea debekatu zion atzo AEBetako Senatuak Donald Trump presidenteari. Nahiko argi geratu zenean bazitekeela Riad izatea Jamal Khaxoggiren hilketaren erantzutea, Alemaniak iragarri zuen, joan den urriaren 22an, Riadi armak saltzeari utziko ziola. EB Europako Batasuneko beste kideei ere gauza bera egiteko eskatu zien. Danimarkak hala egin zuen; ez, ordea, Frantziak, Espainiak eta Italiak. Halere, berriro lizentziak ematen hasi dela jakinarazi zuen Alemaniako Ekonomia Ministerioak lehengo astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.