Turistak erakartzeko «aukera berriak» baliatu nahi ditu Jaurlaritzak

«Euskadi oso ondo kokaturik» ikusten du Turismo Sailak, udako sasoia txukuntzeko. Gertuko turistentzako kanpaina egingo du gobernuak

Turista bat, Donostian, martxo hasieran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
xabier martin
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Turismoarentzat «aukera berriak» zabaldu direla uste du Sonia Perez Jaurlaritzako Turismo sailburuak, eta «Euskadi oso ondo kokatuta» dagoela aukera horiei etekina ateratzeko. Halaxe esan zuen atzo Onda Vasca irratian. Udako sasoia ia galdutzat ematen zuten sektoreko eragile askok, eta sailburuak berak ez zuen espero flotagailu handirik, harik eta Europako atzerritarren joan-etorriak arautzeko akordioa egin duten arte, eta koronabirus izurriaren datuak hobetzen hasi diren arte.

«Aurreikuspen hobeak» ditu Turismo Sailak orain, «irekitze handiagoa» gertatzen ari delako azken asteetan; «albiste oso onak dira», esan du Perezek; «jarduera lehenbailehen leheneratzen laguntzen du horrek, eta, gainera, negozioak berme guztiekin zabaltzen ari dira». Protokoloak ere «zorrotz» aplikatzen dituzte merkatariek, sailburuaren esanetan, eta horrek «segurtasun handia» ematen die bezeroei kontsumitu dezaten.

Dena den, sailburuak onartu zuen «kolpe oso gogorra» hartu duela sektoreak, eta negozio batzuek itxi egin behar izan dutela, baina orain «duela bi aste aurreikusten ez zen egoera bat» dagoela, eta ez dela alferrik galdu behar. Ekonomia aktibatzeko urratsak egiten ari direla gaineratu zuen: «Kontsumitzeko gogoa dago, kalera ateratzeko, dendetara joateko».

Helburua: gertuko turistak

Perezek badaki orain egun batzuk «etsigarria» zela egoera turismoari begira, baina uste du «azken egunetako albiste batzuek» atea ireki dutela uda sasoia txukuntzeko. Atzerriko turismoa uztailetik aurrera aktibatzea espero du sailburuak: «Albiste ona da». Ez zuen esan itxialdi gogor batean egon den herrialde batera atzerritarrak sartzeak kezkatzen ote duen koronabirusa dela eta. Dena dela, urruneko turisten konfiantza berreskuratzea «zaila» izango dela uste du. «Turismoak segurtasuna behar du irteera lekuan eta helmugan; horregatik, lan egin dezagun barne turismoari begira bitartean, tokiko helmugekin». Izan ere, Perez sailburuak baieztatu zuen «konfiantza handiagoa» ematen duela gertuko turismoak, «gure protokoloek, gure segurtasun neurriek».

Hori dela eta, Turismo Sailaren apusturik handiena «barne turismoaren aldekoa eta beste erkidego batzuen aldekoa» izango da, eta kanpaina jakin batzuk egingo ditu, «egun bateko egonaldiak edo bikoak» sustatuz, «etxetik ateratzeko, baina etxetik atera gabe». Itxura batean, udako kanpainaren leloa hitz horien jolasa izan daiteke, «jendeak bidaiatzeko gogoa duelako, baina urrutira joan gabe». Sailburuak esan zuenez, herritarren erdiek baino gehiagok esan dute nahiago dutela gertu geratu, «helmuga seguruetan». Bada, Turismo Sailak esperantza dauka Mediterraneo aldera joaten diren euskal herritar asko erakarriko dituztela aurtengo udarako.

Perezen arabera, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak oso posizio ona dute turismoarentzat sortu diren «aukera berriak» beren alde jartzeko, «top 10 zerrendaren barruan daudelako». «Ez gara eguzkiaren eta hondartza turismoaren ordezkari, baina ezaugarri jakin batzuk ditugu beste erkidegoetako turistak erakartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.