Bertan behera gelditzen hasi dira berriz hainbat kontzertu eta ikuskizun

La Polla Records taldeak atzo zuen behin betiko agur kontzertua, baina ez zuten egin azkenean. Asko dira atzeratu dituzten kultur emanaldiak

Evaristo Paramos, La Polla Recordseko abeslaria, 2019an, Madrilen. J. LIZON / EFE.
itziar ugarte irizar
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak pandemiari aurre egiteko hartu dituzten neurri berriek berehala ekarri dute hainbat kultur emanaldi ostera ere bertan behera geratzen hastea. Horien artean, atzo La Polla Records taldeak Donostian Anoetako belodromoan eman behar zuen kontzertua —5.000 lagunetik gorako lekuetan, edukiera gehienez %50ekoa izatea baimendu du Eusko Jaurlaritzak—. Aurretik, irailaren 26an ziren egitekoak kontzertu hori, baina orduan ere pandemiak atzeratu zuen. Evaristo Paramos buru duen taldeak, ordea, iragarria zuen urtea amaitu aurretik behin betiko desegiteko erabakia, eta, beraz, Last Tour enpresak adierazi du ez dutela kontzertu hori egiteko modurik izango. Sarreren dirua datozen egunetan itzuliko dutela ere esan dute.

Agintariek neurri berriak iragarri dituztenetik, ugarituz joan dira bertan behera dioten abisuak kultur agendetan. Donostia Kulturak atzo goizean ohar bidez jakinarazi zuen ezeztatu edo atzeratu egin dituztela egunotarako programatuta zeuzkaten hainbat emanaldi. Atzo egitekoak ziren Jon Maiaren Kantu bat gara emanaldi berezia otsailaren 3ra pasatu dute, esaterako; eta data berririk gabe bertan behera utzi dituzte Easo Gazte Abesbatzak, Mursegok eta Euskadiko Gazte Orkestrak (EGO) eman behar zituzten kontzertuak. EGOren kasuan, neguko ohiko bira osorik utzi dute bertan behera, hainbat musikarik positibo eman ostean.

Behin-behineko etena

Hainbat esparrutako jarduna jarri dute kolokan neurri berriek eta intzidentzia tasa altuek. Kulturan, kontzertu, antzezlan eta askotariko zuzeneko emanaldietara itzuli da behin-behineko etena. Apurka luzatuz doan zerrendan daude, besteak beste, Jose Luis Peralesen emanaldia, Bilboko Euskaldunan; Los Zigarros taldearen kontzertu bikoitza, Bilboko Kafe Antzokian —martxoaren 5era eta 6ra atzeratuta—; Dupla eta Nikotina, Ondarroako Beikozinin (Bizkaia); Mayumana Gasteizko Principal antzokian;Juan Diego Bottoren Una noche sin luna antzezlana Basauriko (Bizkaia) Social antzokian —irailaren 27ra atzeratua—; Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana, Zarautzen (Gipuzkoa); Ibil Vedi eta Bi Zaldiren kontzertua Iruñeko Laba espazioan, eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.