Kerman Diaz nagusitu da Xilaba txapelketako laugarren kanporaketan

Xan Alkhat eta Mizel Mateo izan dira bigarren eta hirugarren, Larzabalen. Erabakita gelditu da nola osatuko den bigarren fasea

Larzabaleko saioan parte hartu zuten bertsolariak. XILABA.
Erredakzioa
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko Xilaba bertsolari txapelketako azken kanporaketa jokatu zen igandean Larzabalen (Nafarroa Beherea), eta Kerman Diaz nagusitu zen, 306 puntu eskuratuta. Haren atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Xan Alkhat (304,5 puntu), Mizel Mateo (299,5), Johaine Sarraillet (293), Oneka Arteaga (290,5) eta Josu Txoperena Iribarren (285). Larzabaleko Herriko Gelan jokatu zen saioa, eta 180 bat bertsozale bildu ziren han. Laugarren kanporaketa hau eginik, erabakita gelditu da zer bertsolarik kantatuko duten hurrengo fasean, final-herenetan. Hain zuzen ere, Diazekin batera,Alkhat eta Mateo sailkatudira.

Bigarren fase horrek hiru saio izango ditu, eta heldu den larunbatean hasiko da, hilaren 17an, Senpereko (Lapurdi) Larreko gelan. Saio horretan, bertsolari hauek hartuko dute parte:Miren Artetxe Sarasola, Aitor Servier Etxexuri, Kerman Diaz, Patxi Iriart Hiribarren, Irati Alcantarilla Urdanpilleta eta Gillen Hiribarren.Saioa, ohi bezala, arratsaldeko bostetan hasiko da.

Bigarren saioa Sohütako (Zuberoa) Herriko gelan jokatuko da, hilaren 24an, larunbatez, eta bertan ariko dira Maddalen Arzallus Antia, Maddi Sarasua Laskarai, Egoitz Zelaia, Maindi Murua Berra, Iker Altuna eta Elixabet Etxandi Goienetxe.

Azkenik, hirugarren saioa hilaren 31n egingo dute, Izturitzeko (Nafarroa Beherea) Herriko gelan, eta bertan jardungo duteOdei Barroso Gomila, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Xumai Murua Berra, Ramuntxo Christy, Xan Alkhat eta Ortzi Idoatek.

Hiru saio horietan, erabakita geldituko da finalaurrekoetako bi saioetan parte hartuko duen bertsolari taldea. Azaroaren 7an Izpurako (Nafarroa Beherea) Herriko Gelan eta azaroaren 11n Bardozeko (Lapurdi) Ezkerparetan jokatuko dira bi saio horiek, eta horietako lehenengoan sartuko da lehian Amets Arzallus egungo txapelduna.

Xilabako finala azaroaren 21ean jokatuko da, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Jai Alai ezkerparetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.