TOKIO 2020. Piraguismoa

ERDIBIDEAN BERRIRO

Rion bezala, Ander Elosegik zortzigarren amaitu du C1 proban. Finalerdi oso ona egin eta gero, trabatuta eta kontrakarrean aritu da finalean, eta diploma olinpikoarekin konformatu behar izan du berriz.

Ander Elosegi jaitsiera egiten, atzo, Kasaiko ur bizien kanalean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Diploma olinpiko bat lortzea ez da nolanahiko lorpena kirolari batentzat. Gutxik dute horretarako gaitasuna. Meritu handiagoa du laugarrenez lortzea. Eta zer esanik ez parte hartutako Olinpiar Joko guztietatik diplomarekin besapean etxera bueltatzea. Hori da Ander Elosegiren kasua. Baina Irungo (Gipuzkoa) piraguistari ez zioten baliohoriek atzo, Kasaiko kanalean. Beste behin gertu bezain urruti izan zuen dominen loria. Gertu, finalerdi aparta egin zuelako. 103,15ekin, hirugarren denbora onena zen harena. Urruti, finalean ez zelako fin aritu: 106,59. Azkenean, zortzigarren postuarekin konformatu behar izan zuen,2016. urtean Rion bezala. Diploma olinpikoa, eta berriro ere zapore mikatz hori. Amorrua, une erabakigarrian ohiko mailan ez aritzeagatik.

Atzokoak izan zuen antzekotasunik 2016an gertatutakoarekin. Bai kanalean gertatu zenagatik, baita amaieran Elosegik berak zituen sentipenengatik ere. Eguerdia (goizeko lehen ordua Euskal Herrian) ezin hobeto hasi zen Elosegirentzat. Finalerdietako saio bikaina egin zuen. Garbi jaitsi zen, korronteak ondo baliatuz. Zuhurtziaz gainditu zituen ibilbideko 25 ateak, plastikotasun handiarekin gorputzaren mugimenduetan. Bakarra trabatu zitzaion ibilbide osoan: 11 .a. Jo egin zuen, eta, horren ondorioz, bi segundoko zigorra ezarri zioten.

Hala izan ez balitz, bigarren denbora onena egingo zuen. Baina balitz eta balegok bide txikia dute kirolean. Aurretik bi piraguista zituen bakarrik: Thomas Martin frantziarra (100,65) eta Daniel Watkins australiarra (101,28). Itxaropentsu egoteko moduan zen, igandeko bi jaitsieratan eta finalerdietakoan ikusitakoaren ostean. Bezperan laugarren, eta atzo hirugarren. Bietan, gainera, nabigazio sentipen onekin. Igandeko sailkatze probaren ondoren, argi adierazi zuen hori: «Helburua sendo jaistea zen; ni eroso sentitzen nintzen estrategiarekin. Beraz, pozik nago, helburua lortu dudalako».

Lehen hiru jaitsieretan erakutsitako sendotasunari eutsi nahi zion finalean, eta nabigatzeko modu garbiari eta freskoari segida eman. Hor zegoen domina irabazteko gakoa. Gainera, azken-hirugarren aterako zen finalean, eta piraguismoan hori erabakigarria ez bada ere, aurkarien inguruko erreferentziak izateko modua emango zion.

Hamar finalistak azken jaitsiera osatzen hasi ziren. Ibilbidea finalerdietako berbera izanda, eta jada ezagututa, gertatutakoa harrigarria izan zen. Finalistetako askok finalerdietan baino denbora kaskarragoa egin zuten. Final olinpiko baten presioa eta handitasuna nabaritu zen. Gehienei nekezago ari zirela nabari zitzaien; lotuta ziruditen.

Kontuan hartzeko lehen denbora Sideris Tasiadis alemaniarrarena izan zen (103,70). Erreferentzia ona zen domina eskuratzeko langa non egon zitekeen ikusteko. Elosegik lehen jaitsieran egindako denbora baino okerragoa zen, eta, beraz, baikor izateko beste arrazoi bat zen.

Baina Benjamin Savseken txanda iritsi zen ondoren. Finalerdietan bosgarren geratu ostean, esloveniarrak jaitsiera perfektua egin zuen finalean; akatsik egin gabe, eta oso bizi. Ordu arteko marka guztiak txikitu zituen: 98,25. Sinetsi ezinda zegoen helmugara iritsi zenean. Urrea ia eskuetan zuen. Denbora ona egin zuen Lukas Rohan txekiarrak ere: 99,96.

Elosegiren txanda iritsi zen orduan. Une erabakigarria zen. Baina hasieratik antzeman zitzaion ez zihoala ondo. Trabaturik aritu zen, kontrakarrean, bai nabigatzean, baita ateei heltzeko orduan ere. Eta, seigarren atean, lehen kolpea hartu zuen: atea jo, eta bi segundoko zigorra. Gauzak asko zailtzen ari zitzaizkion domina lortzeko. Azken txanpan ahalegindu zen horri buelta ematen. Baina ez zuen lortu. Azken ateetan ere zailtasunak izan zituen. Bi egunetako jaitsiera kaskarrena egin zuen. Akabo domina olinpikoen ametsa. Rion bezala, zortzigarren izan zen. Loria, berriz, Savsek, Rohan eta Tasiadisentzat izan zen. Frantziak galdu egin zuen 2012an Londresen eta 2016an Rion irabazi ostean lortutako nagusitasuna. Eslovenia da orain nagusi.

Penatuta

Amaieran «penatuta» mintzatu zen Elosegi: «Aho zapore mikatzarekin amaitu dut, finalean ez baitut ohikoa dudan mailan arraun egin. Gauzak ez zaizkit ondo atera, eta akats txikiak egin ditut». Autokritika egin zuen: «Une batzuetan, zehatzago izatea falta izan zait, eta, halako ibilbide zail batean, hori ordaindu egiten da».

Onartu zuen «gaizki» hasi zela: «Lerroaberehala galdu dut, eta jada nabaritu dut gauzak ez zihoazela ondo». Halaber, ez zuen uste seigarren atea jotzea erabakigarria izan zenik: «Jo izan ez banu ere, denbora ez zen ona. Oraindik, gainera, banuen tartea denbora berreskuratzeko, eta saiatu naiz. Baina azken txanpara indarrik gabe iritsi naiz, eta denbora gehiago galdu dut. Ezinezkoa izan da». Orain, merezitako atsedena hartuko du: «Gero hasiko naiz etorkizunean pentsatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.