Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Triatloi bat baino gogorragoa

Ander Okamika.
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Sekulako etapa gogorra izan da. Hasi eta buka oso bizkor joan gara; erritmoa ez da une bakar batean ere geratu. Saiatu naiz Deskarga aurretik ihesaldian sartzen, baina oso garesti zegoen. Ahalegin horretan indar asko galdu ditut, eta atzean geratu naiz. Hortik aurrera, gauza bat bakarrik nuen buruan: multzo bat hartu, eta kontroletik kanpo ez iristea. Lortu dut, eta horrekin, pozik.

Askok galdetu didate ea zer den gogorragoa, triatloi bat edo World Tourreko lasterketa bateko etapa bat. Hau da nire lehen esperientzia maila honetako lasterketa batean, eta argi esan dezaket gogorragoa dela hau triatloi bat baino. Triatloietan oso nekatuta amaitzen nuen, baina gero egunak nituen atseden hartzeko. Hemen, berriz, egunero zoaz nekea pilatzen, eta zaila da. Baina ilusio ikaragarria dut, eta indarrez estuago nagoenean horri heltzen diot.

Oso pozik nago, gainera, bihar [gaur ] etxe ondotik igaroko garelako. Ondo ezagutzen ditut inguru haiek, eta uste dut etapa esprintean amaituko dela. Lekeitiora bitarte ez dago aparteko zailtasunik, baina ibilbidea gorabeheratsua da. Ziur ihesaldi ahaleginak egongo direla, eta hor sartzen saiatuko naiz. Eta aukera izanez gero, zergatik ez erasoa jo?Badago horretarako aukera, baina nahiago ez esan non izan daitekeen.

Ederra litzateke berriro ere hemengo txirrindulari batek irabaztea. Ioni eta Alexi zorionak eman nahi dizkiet lortu dutenagatik. Beste bultzada bat euskal txirrindularitzarentzat, eta iritsi berri garenontzat lanean gogotsu segitzeko hauspoa eta bultzada.

Bi etapa besterik ez dira geratzen Itzulia amaitzeko. Pena da. Izan ere, izugarri ari naiz disfrutatzen: bai ni, baita taldea ere. Errepidean zein hortik kanpo antzematen da zer-nolako maila duen lasterketak. Zorte handia dugu, eta une bakoitza gozatu behar dugu, bai guk, baita zaleek ere. Nahiz eta aurten telebistaz egin behar duen.

Neroni ere konturatu naiz nolako oihartzuna duen Itzuliak. Orain, jendeak gehiago ezagutzen nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.