Tokio 2020. Piraguismoa

ZIRKULUA BIRIBILDU DU

Maialen Chourraut Olinpiar Jokoetan garaipen zerrendarik onena duen euskal kirolaria bilakatu da, zilar gogoangarri bat lortuta. Jaitsiera erabakigarrian azken txanpa ikusgarria egin duelako lortu du domina. Hunkituta azaldu da.

Maialen Chourraut, pozik, finala amaitu berritan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Londresen brontzea, Rio de Janeiron (Brasil) urrea, eta Tokion zilarra. Maialen Chourraut Olinpiar Jokoetan garaipen zerrenda onena duen euskal kirolaria bihurtu da. Iker Martinez eta Xabi Fernandez belako kirolariak gainditu ditu (urrea eskuratu zuten 2004an, Atenasen, eta zilarra 2008an, Pekinen). Zilarra falta zitzaion Lasarte-Oriakoari (Gipuzkoa), baina jada maletan du, etxera eramateko prest. Handia egin du, hiru Olinpiar Jokotan erreskadan domina lortuta. Handiek bezala egin du, gainera, jaitsieretan aparteko kirolari batek izan behar dituen ezaugarri guztiak erakutsita, eta bakoitza zegokion momentuan: zuhur jokatu du batzuetan, ausart besteetan, eta uretan duen maila erakutsi du jaitsiera erabakigarriaren azken txanpan. Chourrautek berak aitortu zuen «ametsa» zela domina lortzea, eta jakitun zela aurretik zituela Jessica Fox australiarra eta Ricarda Funk alemaniarra. Baina Xabi Etxaniz entrenatzaileak argi esan zion: «Esan zidan ez nuela obsesionatu behar bi haien jardunarekin. Nire lana eginez gero aukerak egon zitezkeela esan zidan behin eta berriz. Kostatu egiten zitzaidan hori onartzea. Baina Xabi ez zen erratu. Bete-betean asmatu du. Ez nintzen izango bizkorrena, baina bai esperientzia handiena duena, eta nire kartak jokatzen jakin dut, eta hori izan da gakoa. Hori eta unea bizitzea, aurrerago ez begiratzea. Bizitzen ari nintzen horri arreta osoa jartzea».

Ez da ziklo olinpiko erraza izan Chourrautentzat, ez arlo pertsonalean, ezta kirol arloan ere. Aita galdu zuen lehenbizi, eta, gero, konfinamendua iritsi zen. Donostiara itzultzeko erabakia hartu zuen. Kostatu zitzaion kayak aproposa topatzea. 25 probatu zituen. Baina bazekien atzo zela egun erabakigarria. Dakien bezala aritu behar zuen eguna. Eta txapeldun handien pare, ez zuen huts egin.

Lehen urratsa argia zen: finalerdiak gainditzea. Rion finaletik kanpo geratzear egon zen, eta atzo nahiago izan zuen lehen jaitsiera horretan zuhurtziaz jokatu. Jaitsiera txukuna egin zuen, arriskatu gabe, baina ateak ziurtasunez igarota. Sailkatze egunean baino plastikotasun handiagoarekin jardun zen. Bakarrean egin zuen huts: 23. atean. Bi segundoko zigorra ezarri zioten horregatik. 109,92ko denbora egin zuen. Zazpigarren postuan sailkatu zen; hots, sei piraguista izan zituen aurretik. Hala ere, Chourrautek irribarre egin zuen amaitzean, eta egin beharrekoa eginda zegoela zioen keinua egin zion Etxanizi. Lasai ikusten zitzaien.

Behetik gora

Nepartak tifoiaren eraginez haize handia zebilen Kasaiko kanalean. Hala, uretan ohi baino mugimendu handiagoa zegoen, eta ateetako makilek ere dezente egiten zuten gora eta behera. Horrek piraguisten jarduna baldintzatu zezakeen finalean. Finalerdietatik 45 minutu pasatu ziren, eta ikuskizun zegoen haize gehiago altxatuko ote zen.

Ez zen hala izan, eta finalerdiaren antzeko baldintzekin ekin zioten hamar onenek finalari, lehen jaitsieran lortutako denboraren arabera atzetik aurrera. Ibilbidea berdina zen; beraz, piraguistek bazituzten erreferentziak.

Chorraut laugarrena izan zen hasten. Trabatuta irten zen, baina pazientzia izan zuen. Tarteko lanetan ez zuen akatsik egin, eta, amaieran, kolpea jo zuen. Behetik gora egin zuen. Ikusgarria izan zen nola heldu zien azken ateei. 106,63ko denbora egin zuen. Marka horrek eman zion zilarra.

Artean, Chourrautena zen denborarik onena. Baina zain egon behar zuen, beste sei piraguista falta baitziren irteteko, eta denek hark baino denbora hobea egin zuten finalerdian. Denbora hori antolakuntzak podiumera igoko ziren piraguistentzat moldatutako gune batean igaro zuen. Irribarretsu zegoen. Lana ongi egina zegoen. Ondo eginda ere.

Falta ziren seiak euren ibilbidea eginez joan ziren, baina bakarrak lortu zuen hura gainditzea: Funkek. Fox irten zenerako, ziurtatuta zuen brontzea. Zaila zirudien australiarrak huts egitea, sailkatze proban eta finalerdian erakutsi baitzuen koska bat gorago zegoela. Baina piraguismoan huts txikiak garesti ordaintzen dira. Zer esanik ez final olinpiko batean. Onena izanda ere, une erabakigarrian huts eginez gero, akabo. Eta hala gertatu zen. Foxek bi ate jo zituen, eta lau segundoko zigorra ezarri zioten. Hamar ehunenen aldeagatik eskuratu zuen Chorrautek zilarra.

Hortik aurrera, poza eta emozioa. Lehen eskaintza argia: Ane alabarentzat. «Urruti dago. Behin baino gehiagotan esan dudan bezala, gogorra izan da aste hauetan harengandik urrun egotea. Baina bera ondo dago. Beti ematen dit bere onena, eta une oro laguntzen dit ni ondo egoteko eta nire ametsak betetzeko. Irrikaz nago etxera joan eta harekin egoteko». «Une oro» bera laguntzen eta animatzen egon direnei ere eskaini zien: «Guztiona da hau».

Domina lortzea «ametsa» zela nabarmendu zuen: «Laugarren izanda ere, asebeteta nengoen. Finaleko jaitsiera hobea izan zitekeen, baina emaitzak gorabehera, behin baino gehiagotan esan dut helburua Maialen bizkor eta sendo bat ikustea zela, eta hala izan da. Oso pozik nago».

Funken eta Foxen alboan egotea «handia» zela nabarmendu zuen. «Miresten ditudan bi piraguista dira. Egun, ni baino bizkorragoak dira. 38 urte ditut, eta ez da erraza teknika berrietara eta haien erritmora egokitzea. Baina lan eginda lortu dugu». Chorraut eta Fox dira hiru olinpiar domina irabazi dizuten emakumezko bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.