Bolada onari eutsi nahian

Athleticek Almeriaren aurka jokatuko du gaur, etxean. Valverdek esan du neurketa ‹‹funtsezkoa›› izango dela «hilabete gogorrari» aurre egiteko

Guruzeta, Unai Simon, Nico Williams eta Sancet, Lezaman. LUIS TEJIDO / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Athletic bolada onean dago, eta garaipenen olatuari eusten saiatuko da gaur, Almeriaren aurka, San Mamesen (21:00, Gol). Talde zuri-gorriak lau neurketa irabazi ditu, bat berdindu, eta beste bat galdu. Laugarren postuan dago, hamahiru punturekin. 1993tik ez da hain ondo hasi ligan.

Nazioarteko partidak jokatu dituzten jokalariek bi egun daramatzate Ernesto Valverderen esanetara: Nico eta Iñaki Williamsek, eta Unai Simonek. Bestalde, Daniel Vivian eta Yuri Berchiche ez daude deialdian, ez baitira osatu. Aldiz, Mikel Balentziaga osatu da, eta jokatzeko moduan dago, Valverdek hala nahi izanez gero.

Ohikoa duenez, Athleticeko entrenatzaileak ez zuen partidaren inguruko estrategiaren berri eman atzoko prentsaurrekoan. Hiru puntuak nahi dituztela esan zuen, besterik ez. «Irabazi nahi dugu. Biharko [gaurko] norgehiagoka funtsezkoa izango da datorren hilabete gogorrari aurre egiteko». Besteak beste, Sevilla, Bartzelona eta Atletico Madril izango ditu arerio talde zuri-gorriak.

Athleticek emaitzak alde dituen arren, Valverdek esan zuen «oraindik» beste 32 neurketa geratzen direla, eta liga hasi besterik ez dela egin. Horrez gain, taldeak zertan hobetu dezakeen galdetuta, adierazi zuen ez zuela gustuko horren inguruan zehaztasunez mintzatzea. Hala ere, zertzelada batzuk eman zituen: «Jokoaren zenbait unetan beste martxa bat sartzeko gaitasuna izan behar dugu, eta aurkariei jokoaren ekimen gutxiago eman behar diegu».

Almeria izango du aurkari Athleticek, eta, aurkariaren inguruan, Valverdek behin baino gehiagotan azpimarratu zuen jokalari garrantzitsu bat galdu duela: Umar Sadiq —Realak fitxatu du—. Entrenatzailearen iritziz, haren falta sumatzen ari dira. Hala ere, adierazi zuen Almeriako zenbait jokalari gai direla jokoari bizitasuna emateko, eta ez dela talde bat atzean sartzen dena. Almeria sailkapeneko beheko postuetan dago; orain arte, soilik neurketa bat irabazi du, eta beste bat berdindu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.